"Laudion ehun musika talde baino gehiago zenbatu ditut eta herena Skuatean sortu ziren"

Aitor Aspuru Saez 2019ko abe. 25a, 09:03

Iñaki Moscoso Aiaraldea Hedabideko erredakzioan. / Aiaraldea.eus

IÑAKI MOSCOSO (Laudio) Pirulo Txou taldeko abeslaria izateagatik da ezaguna, baina "Made in Laudio" proiektuan herriko musika taldeen historia jaso du. Ehun talde baino gehiago jaso ditu eta horri buruz mintzatu da.

Zer da, zehazki, duela gutxi bukatu berri duzuna?

Txantxetan hasi zen dena. Bi urteko proiektua egiten nengoen, Iñaki Pirulero Project, eta astero abesti bat egin behar nuen.

Ehun abesti izan dira, bi urte. Minutu bateko abestiak egiten ari nintzen, bakoitza gai bati buruz, Laudion kokatuta. Abesti batzuk igual ziren Laudion zeuden txortan egiten lekukoei buruzkoak, beste batzuek herria nola aldatu egin den kontatzen dute; tabernak nola aldatu diren, izenez ala lekuz, ea itxi diren... Azken aurrekoa Laudioko taldeei buruz egin nuen.

 

"Iñaki Pirulero Project barruan abesti bat egin nuen Laudioko taldeei buruz"

 

Ni hogeita bost urtez egon nintzen “Jose Luis, no me mires con el ojo de cristal” taldean, beti ikusi izan dut nahiko polita eta nahiko aberasgarria musika talde bat izatea. Ikusi nuen ere zerbait polita izango zela Laudion egondako talde guztien inguruko informazioa biltzea eta minutu bateko abesti batean jartzea, baita haien argazkiak eta beste motatako informazioa.

Orduan, zerrenda egiten hasi nintzen eta berrogeita hamar edo hirurogei talde desberdin atera ziren. Facebooken eskatu nion jendeari informazioa bidaltzeko, eta pixka bat zuzenduta egin nuen.

 

"Laudioko hirurogei taldeko zerrenda egin nuen"

 

Pirulo Txouko taldekideei WhatsAppen eta Facebooken bidez galdetzen hasi nintzen abesti hori pixka bat prestatzeko. Argazki berriak agertu ziren ere. Interneten badago informazio pila bat, baita ere abestiak eta guzti, baina nire asmoa taldekideekin argazkiren bat lortzea eta horrekin idaztea zen.

Nino Bravoren abestia, “Nadie es profeta en su casa”, abestu nuen, zer edo zer eraldatuta. Azkenean, berrogei talderen argazkirekin egin nuen lehenengo erronka.

Hori orain dela bi urte izan zen, zehatz-mehatz. Zera esan nuen: “Sakonduko dut honi buruz. Zer egingo dut? Hartuko ditut argazkia eta izena, taldekideak eta datak ere, baita noiztik nora, estiloa... Baita taldeen ibilbidea ere, taldekideak nortzuk ziren, nola aldatu ziren, zer tresna jotzen zuten, noiztik nora doazen taldea eta taldekideak, diskografia, abesti bat zuzenean -batez ere nola moldatzen diren ikusteko, bideo bat lortuta- eta, baita ere, estudio abestiren bat edo bideoklip bat”.

Talde batzuek badituzte argazki pila bat, beste batzuek ez hainbeste. Baina, gutxi gora behera, argazki bat jartzeko denek dute. Eta hori guztia Facebooken jarri dut. Zergatik Facebook? Ba, azkenean, jendearekin harremanetan jartzeko ikusi nuen nahiko azkarra zela eta modu nahiko egokia zela. Eta, gainera, ere aprobetxatu nuen Laudioko Leihoa, tirada pixka bat daukala aprobetxatuta, jende pilo batera heltzen baita.

Azkenean, harremanetan jartzeko Interneten bidez egin nuen bilaketa, eta ezagutzen nuen jendearen bidez ere. WhatsAppen bidez telefono pilo lortu nuen eta pertsona askorekin jarri nintzen harremanetan. Oso aberasgarria eta oso polita izan zen niretzat. Langa jarri nuen, eta lortu nuen hori gainditzea.

Zein urtetik zein urtera doa egin duzun ikerketa hori?

Hemen abesbatzak eta bandak egon dira, baina jarri nuen niretzat Laudioko talde bat izatea zer den: behintzat hiru partaide izatea -ez nuen nahi bakarlarien historiarik-, horietatik bi laudioarrak izatea -edo bakarra entseguak hemen egitekotan-, gutxienez abeslari bat eta instrumenturen bat izatea, eta Laudion publikoaren aurren kontzertu bat eman izana. Hori da niretzat Laudioko talde bat izatea.

Nolabaiteko irizpideak jarri zenituen.

Bai, bai.  Agertu zen lehenengoa Laudioko Musika Banda izan zela uste dut, hori duela bi mende inguru izan zen, 1892a inguru. Hala ere, Laudioko Banda ez da hemen sartzen, abeslaririk ez daukalako; baina nik uste dut azken hogeita zazpi urte hauetan, Kepa Adrian zuzendaria izanda, banda modernizatu dela. Orain abesti desberdinak egiten dituzte, oso modernoak, rockeroak... Orain superbanda bat da. Handik jende pila bat pasa da.

 

"Txarangekin hasi dut Laudioko musika taldeen historia"

 

Gero,  ikuspuntu hain serioagoa ez zuen musika egiten hasi zen Laudion. Hasi zen ere beste modu natural batean egiten. Adibidez, txarangak atera ziren. Azkenean, hori da: “Jaietan gaude eta musika behar dugu”.

Orduan hasi ziren txarangak, hori 1910 inguru izan zen, 1920 arte. Hori Pirulo Showa bezala izan zen, Bilbora gurdi batekin joan ziren. Han agertu ziren, isuna izan zuten abestiak diruren truke banatzeagatik. Hango jaietan eta inauterietan egon ziren. 1910eko hamarkadan ere izan zela uste dut.

Hemen egon zen ere “La txaranga de la rondalla de Areta”, “Los chicos de la aldea” zen hemen Laudiokoa eta Aretan ere egon ziren. Joaten ziren hemen inguruko jaietan eta han jo eta abestu egiten zuten, trikitixak, gitarrak eta ahotsa erabilita.

 

"Jaietan jotzea zen txarangaren helburua"

 

Orain nago pixka bat ikuspuntu orokor batean ikusten hau. Asteburu honetan pixka bat errepasatzen egon naiz eta musika hori, talde hori, bilakatu egin zen gastronomia musika festan. Hortik atera ziren Arloteak, hortik atera zen Rakatapla. Gero gastronomia elkarte batean bihurtu egin da.

Hor dago Ruperto Urkijo, zeinak bilaketa lan serioena egin zuen. Arloteek bere abestia jotzea nahi zuten, jotzeko zer edo zer izatea, Laudioko abestiak jotzea. Denbora pasa zen ere eta hasi ziren plazako dantzaldiak, hor egon zen “Beti jai Montalban” taldea, taldeak plazan jotzen egon ziren jada.

Kanpotik etortzen ziren ere, Ugaotik eta Bilbotik etortzen ziren. Eta, gero, garestiak ziren taldeak ekartzen hasi ziren eta, ondoren, musikarekin bakarrik anplifikadore bat jarri zuten. Lehen bazegoen aukera hori, musika zuzenean.

 

"Amaiur diskotekan Los Raros, Los Yumas eta Los Rayos bezalako taldeek jo zuten"

 

Gero, diskoteka agertzerakoan, "Los Yumas", “Los Raros”, “Los Rayos” taldeak agertu ziren Amaiurren, sua hartu zuen diskotekan. Gero, Gazelan batez ere, institutuko eta La Salleko dantzaldietan egon ziren talde horiek.

Nik uste dut Franco hil ondoren folk musika eta euskara indarrez sartu zirela Euskal Herria osoan. Hemen, poliki-poliki sartu ziren. Aurretik, “Zatiki” eta “Gure arana” egon ziren, uste dut, euskal musikari ikuspuntua pixka bat modernoagoa emanez, beste instrumentu batzuk sartuta.

 

"Laudioko Skuata erreferente izan zen punkaren garaian"

 

Gero, 1980ko hamarkadan, punk musika Euskal Herrira etorri zenean, Euskal Rock Erradikala eta horrelakoekin. Horrek ere bere lekutxoa izan zuen hemen, batez ere, nik hau sumatzen nuen jada, baina egiaztatu dut, Laudioko Skuataren garrantzia, hortik taldeen herena atera ziren.

Hemen egon ziren talde herena handik pasatu dira, Pirulo Txou barne. Beste talde eta estilo mota. Ordura arte, leku bat behar zen entseguak egiteko, garestia zena, eta baita ere instrumentuak erosi behar ziren, garai hartan garestiak ere zirenak.

Orduan, lekua dohainik izateko, merkea eta jendearen artean kudeatu ahal izateko, eta estilo desberdinetako pertsonak hor bildu eta izateak, aldaketak ekartzen ditu azkenean.

Pertsona berak, agian talde bat baino gehiagotan jotzen zuen aldi berean. Talde batekin estilo konkretu bat egiten zuen eta, gero, ba, talde berri bat osatzen zuten beste estilo bat hartuta, edo estilo desberdinetako jendea bilduta.

Bazegoen talde bat, “Árbol”, “Finisterrae” talde bera zela, baina bi taldekidek instrumentuz aldatzen zuten. Jendeak gauza desberdinak egin nahi zituen denbora gutxian. Ez zuten planteatzen gehiago itxarotea. Jendea bi edo hiru taldeetan egon zitekeen aldi berean jotzen.

Talde batzuk ateratzen ziren eta berehala hiltzen ziren, eta beste batzuk ez dira agertzen kontzerturik egin gabe desagertu zirelako, adibidez, eskualdean egon zen neska talde bat ateratzear. Taldeetako nesken partaidetza, hasieran, Laudioko Bandan izan ezik -non, uste dut, erdia neskak direla-, ez zen erraza izan.

 

"Musika banda kenduta, emakumeen partaidetza musika taldeetan ez da erraza izan Laudion"

 

Talde batean, agian, neska bat agertzen zen, bateria jotzen, gitarra jotzen, abesten, baina nik pentsatzen dut, taularatzerakoan, hemengo publikoa nahiko kritikoa dela ikusita, beldurragatik ala lotsagatik kostatu zaiela emakumeei pausoa ematea.

Pausoa eman duten neskak txalotzeko modukoak dira, benetan bidea zabaldu dutelako. Dagoen musika pila aberastu dute ere, nesken ikuspuntua sartu dutelako.

Guk txantxetan esaten genuen -Pirulo Txouko lehenengo zazpi urteetan neskak egon ziren, baina atzeko aldean-, saxoa jotzen lehenengo neska agertu zen momentuan, gero teklatua eta azkenean Leire egon zen nirekin edo bakarlari bezala abesten, musikak irabazi zuela eta entseguetan hobeto usaintzen zuela. Txantxetan esaten dut azken hori.

Niretzat oso garrantzitsua da taldearen lana eta, kostata, neskek bakarrik osaturiko banda izatea lortu dugu. Orain arte, parte hartu izan dute, baina tantaka, nesken talde bat agertzea falta zen.

Uste baino talde gehiago agertu zaizkizu, edo ustekabekoak, agertu zaizkizu? Gutxi gora behera guztiak kontrolatuta zenituen?

Bai. Lehenengo pausoa izenak bilatzea izan zen, orduan, izenen bilaketan, ehun agertu ziren jada. Beste zazpi agertu ziren gero, eta bi urte hauetan bi talde gehiago agertu dira, ala bi edo hiru talde. Taldeen agerpena moteldu egin da, baina gutxi gorabehera ehun eta piku.

 

"Skuatean Laudioko taldeen herena agertu ziren eta itxi zutenean nabaritu zen"

 

Gauzak aldatu ziren Skuat ixterakoan. Pentsatu hortik hogeita hamar talde pasatu direla; gaztetxeek ere beren garrantzia izan dute zentzu horretan. Kontzertuak ematerako orduan, baita ere Orbeko Etxeak Skuataren lekuko hori hartu du, baina ez entseguak egiteko, horretarako talde gutxiago sartu dira. 1994 urtetik aurrera, jendeak alokairu bat ordaindu behar zuen jada.

San Juan bidean egon dira batzuk entseguak egiten, han entsegu lokalak daude, edo egon dira, ez nago seguru. Burubio aurretik, Drumgorri dago orain, batzuk egon dira han jotzen. Laudioko elizan “Donaten” eta “Los Madroños” egon ziren jotzen, nahiz eta ez ziren talde bezala atera. Gardeako elizan ere talde heavy batzuk egon ziren, nahiko xelebrea izan dena. Parkeko Musika Etxean ere egon dira. Gu han egon ginen astebete jotzen.

Bizitza bilatu behar izan dugu, hilabetearen alokairua hilero ordaindu behar da bestela. Taldeekin ere hutsuneak egon dira, baina alokairua ordaindu behar da. Gero pertsonak ere haien artean desberdinak dira, batzuentzat taldea bizitza da, oso garrantzitsua den zerbait, eta beste batzuentzat denborapasa bat besterik ez.

Gero eta zailagoa da geratzea, lehen asteartero geratzen ginen, ez genuen gure artean deitu beharrik. Deitu behar izatekotan, mezua ama edo aitari uzten genion. Etxean bizitzen geunden eta telefono finkoa bakarrik zegoen.

Orain gauza aldatu egin da, jendearekin harremanetan jartzeko bide gehiago daude, baina errazagoa da “ba, ez noa” esatea. Jesusen miraria ez zen ura ardo bihurtzea izan, baizik eta afari bat egiteko hamabi lagunekin geratzea. Aldaketa erraldoia egon da.

Lehen, eskualdean, taldekide guztiek ez genekien ez musikarik, ez ezer, dena belarriz egiten genuen, eta behin eta berriro errepikatu, azkenean abestiak atera arte. Orain trebakuntza gehiago ikusten dut. Nire semeak, esaterako, ikastolan ikasten duenarekin, badaki solfeoa egiten. Nik ez nekien ez solfeorik ez ezer. Ikastolatik, behintzat txirula jotzen eta solfeo egiten eta irakurtzen jakinda ateratzen dira. Idazten dute partitura bat, eta notak...

 

"Orain musika trebakuntza handiagoa dago, baina ez dira talde gehiago sortzen"

 

Instrumentuak ere merkeagoak dira orain; noski, badaude ere garestiak direnak. Zailena leku bat alokatzea da, edo orduz alokatzea. Baina, prestakuntza aldetik, errazagoa daukate orain. Hala ere, talde gutxiago ateratzen dira. Ikusi nuen ehun eta zazpi taldeetatik, berrogei rockekoak izan ziren.

Gero, bai ikusten da punk edo hardcore talde gehiago zirela, baina agertu dira hogei edo hogeita piku talde metalekoak. Hori musika aldetik. Euskara aldetik, euskararen erabilpenaren aldetik, ikusi dut behintzat taldeen herena saiatu garela abestiren bat euskaraz sartzen. Ez dakit, agian hogei talde euskaldunak egon dira eta beste hamarrek, behintzat, abestiren bat sartu dute euskaraz. Neskei dagokienez, talde herenean egon da neskaren bat, behintzat.

Egin duzun lan hori ikusteko, nora jo behar du jendeak?

Made in Laudio Facebook orrian dago. Han, talde guztien albumak eta abestiak agertzen dira, zuzeneko bideoak eta estudioko lanak. Orain, banago osatzen: zerbait berria agertzen bada, jartzen dut; edo norbait harremanetan jartzen bada eta bidaltzen badu abesti edo argazkiren bat, hori ere jartzen dugu.

Gogoko dut hori mantentzea. Hor daude argazki guztiak, abestiak... Jendea hortik jartzen da kontaktuan, historiko batzuk ere badaude.

Jendearen aldetik, zein izan da erantzuna?

Denetarik, Laudioko taldeetan gertatzen den bezala. Inor ez da profeta bere herrian. Orduan, jendea pixka bat aho zabalik geratu da, talde batzuk ez zituztelako ezagutzen, edo beste batzuk birgogoratu dituztelako.

Denetarik egon da. Gehienak, hala ere, harro eta pozik sentitu dira, eta eskerrak eman dizkidate hori berreskuratzeagatik. Pentsatzen dut orain berreskuratu behar genuela. Bazeuden gauza batzuk VHStik DVDra pasatuta zeudenak, baina nik hodeira igo ditut.

Pausu hori ematea falta zen. Edo egiten genuen, edo gauza batzuk galtzear zeuden. Jende askok ere disko gogorra eman zidan zuzenean. Bazegoen punk talde bat, “Disfagia punk” izenekoa, eta esan zidaten blog oso zahar batean zeukatela, baina ez zegoen.Orduan, jarri nintzen harremanetan Valladolideko tipo batekin, abestiak mp3n bidaltzeko. Jendea denetarikoa izan da, parte hartu izan duten batek esan zidan denbora horiek mesedez ez gogoratzeko.

Batzuetan gertatzen da, musika hori berriro entzutean, kili-kolo geratzen zarela, baina ikusi behar da garai eta inguru horretan, dibertigarria da.

Zein da Iñaki Piruleroren hurrengo proiektua honen ostean?

Ez dakit. Orain pixka bat ahul nago, honekin egon naiz azken lau urteetan, eta orain pixka bat esperimentatzen ari naiz, baina ezer garbi ikusi gabe.

Trantsizio fasean nago. Eta, gero, batez ere nik  pentsatzen nuen talde gehiago egongo zirela musikariak baino, baina parekoa egon da. Bai egon direla kopuru aldetik, adibidez Navarro anaiak; Pari bost taldetan zegoen, edo Arzuaga bost edo sei taldetan.

Bakarlaria da, ez nuen pentsatzen hainbeste taldetan egongo zenik. Julito uste dut sei taldetan ibili dela, edo zazpitan; Onix gaztea da baina batetan ibili da ere...

Kontaketa hori ez dut oso zehatz-mehatz egin, pixka bat gainetik baizik. Adibidez, Mendoza, bateria jolea, nire taldekidea izan zena, zortzi taldeetan egona zen. Txema Azkarate, orain Santa Luzia abesbatzaren lehendakaria bederatzi taldetan egon zen. Eta Fede Tombeie, gitarra jolea, baxu jolea, armonika jolea, abeslea, hamar taldeetan egon da, eta bakarrik Laudiokoak izan dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide