Zergatik Zero.?
Lehen disko hau Zero. izendatzea nahi nuen. Zerotik hastea bezala, baina puntua oso garbia. Zerotik hasi naiz baina kitto, hasi naiz, baina puntu eta jarraia da. Zero ere zetaz izatea nahi zuen.
CDa berezia izatea ere gustatuko litzaidake. C.V. Brumund artista estatubatuarrak diseinatu dit portada, “Chichis libres” deitzen da marrazkia, portadan pertsona batek tripa desestaltzen baitu, libre izanik. Leiho baten modukoa da eta, diskoa ateratzean, figura bat ikusi ahalko da.
Zazpi abestietatik sei gazteleraz dira, eta bat euskaraz. Zer dela eta hizkuntza tartekatze hori?
Nik ikastolan ikasi nuen gaztetan, baina gazteleraz mintzatzen naiz hoberen. Errazagoa da niretzat, eta horregatik izan da horrela. Eta honetan, euskaraz dudan abesti bakarrean, nire lagun batek esaldi batzuk idatzi zizkidan eta horrekin egin nuen abestia.
Estudio batean grabatzen duzun lehen lana da, zer desberdintasun nabaritu dituzu?
Nik 32 urterekin atera nuen nire lehenengo EPa, baina esan dezaket betidanik izan naizela musikaria. Betidanik jo dut, baina lotsa pixka bat ematen zidan. 32 urterekin, duela lau, hasi nintzen nire gauzak egiten eta nire abestiak egiten eta kontzertuak ematen.
Paco Loco, nire ekoizlea horrela deitzen da, musika indiearen mitiko bat da. Ni baino lehenago Mikel Erentxun egon zen estudioan, esaterako. Bera Oviedokoa da, baina hogei urte daramatza Puerto de Santa Marian, Cadizen.
Nik bideoa egin nion eta ez nuen pentsatzen erantzungo zuenik, baina baietz esan zidan, inolako problemarik gabe joateko. Prozesu bat izan zen... Zu horra heltzen zara, eta bera pixka bat punkia da, alternatiboa baina jatorra.
Zaila izan zen hasieran, ez nengoen ohituta, baina prozesua ondo joan zen. Sei egun eman nituen han grabatzen, nahasten eta masterra egiten. Oso polita izan zen.
“Berriro hastearen inguruan hitz egiten dut diskoan, nire bizitzaren konstante bat da”
Nahiko lasai entzuteko moduko diskoa da, zer genero jorratzen dituzu?
Bai, hori da. Niretzat oso interesgarria da; nik betidanik entzun izan dut musika piloa. Beti izan da musika oso sakona, oso intentsitate handikoa. Oso musikala ere bai, armonia askorekin.
Saiatzen naiz nire musika oso Xabi Basterraren musika izatea ere. Egia esan, abestiak idazten ditudanean, ez dut musikarik jartzen. Saiatzen naiz, adibidez, astebetez musikarik ez entzuten, eta zerk bibratzen edo mugitzen didan ikusten dut. Ezin dizut esan.
Azkenean, kantautorea naiz, eta ni bakarrik noa kontzertuak ematera eta grabatzera, adibidez. Sartuko nintzateke kantautore sailkapen horretan, bai. Baina, hala ere, ez dut nire burua ere kantautore tipikoan ikusten, mugimendu politiko-sozial batean edo horrelako diskurtso batekin.
Nik kanpoan jo dut askotan eta beti esaten dut erabateko egoismo ariketa bat dela: “Ni ona nator eta nire bizitza kontatzen dut”. Ez dut Trumpen edo beroketa globalaren inguruan hitz egingo.
Zer motako gaiak jorratzen dituzu diskoan?
Berriro hastearen kontua lantzen dut, nire bizitzaren konstante bat dena. Niretzat bizitza fase edo etapa desberdinetan banatzen da, oso argi ikusten dut. Agian, nahiz eta nahi gabe izan, horrela idazten ditut abestiak. Berez, abesti bat Volver a empezar deitzen da.
“Beti esaten dut abeslaria izatea erabateko egoismo ariketa dela”
Abestiak nahiko luzeak direla ere esan ahal daiteke, lau edo bost minutu inguru. Zer dela eta?
Adibidez, Pacok esaten zidan munduko sarrera luzeenak ditudan pertsona naizela. Niretzat, ez dakit zergatik, oso garrantzitsua da.
Saiatzen naiz mozten, baina oso zaila egiten zait. Istorio osoa ikusi behar dut. Agian, hamar urte geroago, esperientzia dudanean, jakingo dut zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Ikusiko dut.
Niretzat garrantzitsuena ni gustura geratzea da. Ni hau naiz, badakizu? Ez daukat erantzunik horretarako.
Esan duzu hamar urte bistan estiloa aldatu ahal duzula. Disko hau eta gero zer plan duzu?
Orain, urtarrilaren 25ean, aurkezpena egingo dut Kasinoan. Gero, otsailean eta martxoan zehar hamahiru kontzertu ditut lotuta, Bilbon, Algortan, Urduñan, Amurrion, Bermeon, Gasteizen, Donostian, Irunen, Madrilen, Bartzelonan...
Kontzertuak Joseba Negro deituriko Okondon bizi den gizon batekin emango ditut, berak teklatua joko du eta nik gitarra eta ahotsa.
Gustatuko litzaidake ere atzerrira berriz joatea. Nik bi tour egin ditut jada kanpoan. Sueziatik Kroaziara egin nuen bat, hogei emanaldi eskainita.
Duela bi urte Pragan egon nintzen bizitzen eta, Laudiora bueltan, kontzertuak eman nituen bidaian zehar.
Gustatuko litzaidake berriz Europara joatea, bai. Irlandan ere nago bilatzen, han jo izan baitut jaialdi batzuetan. Baina tira, otsailean, martxoan eta apirilean estatutik eta Euskal Herritik mugituko naiz momentuz. Agian, maiatzean Europara joango naiz. Ikusiko dut, oraindik ez dago ezer lotuta.