"Marrazoen artean urpekaritza egiteak adrenalina sortzen du"

Aitor Aspuru Saez 2019ko abe. 27a, 07:37

TXEMA JUEZek (Laudio, 1976) kirol urpekaritza egiten du eta azaroan berriro marrazoen artean egon zen Egipton. Diziplina horren nondik norakoak azaldu ditu, baita bere esperientzia ere.

Noiz hasi zinen urpekaritza egiten?

2006an hasi nintzen beste lagun batekin, baina orain nik bakarrik jarraitzen dut. Betidanik gogoko izan dut itsasoa, animaliak ikustea... Jakin-minagatik hasi nintzen eta jarraitzen dut.
 
Lehenik eta behin ikastaroa egin nuen Buzeo Euskadirekin eta, horren ostean, gure kabuz ibili ginen eta baita zenbait klubetan ere.
 
Duela 10 urte Armintzako Axut klubean izena eman nuen eta han jarraitzen dut. Klubean egoteak ematen du aukera irteerak egiteko itsasontzian, eta maila hobea duen jendearekin urpekaritzan aritzeko, baita ikasteko ere. Bestelako ikastarotan parte hartzeko parada ere ematen du.
 
Nik kirol urpekaritza egiten dut. Urpekaritza teknikoa ere badago, sakonago egiten dena, baina ni momentuz gustura nago horrela. Niri lasaitasuna ematen dit kirol urpekaritzak.
 
Gehienbat Euskal Herrian egiten duzu urpekaritza, animaliak ikusten dituzu hemen?

Bai, Kantauriko itsasoan ez da espezie asko ikusten, baina badaude. Arrantza gehiegi dagoenez, ez da animali arrarorik topatzen, baina bai itsas aingirak, olagarroak, itsas kabrak, itsas sugeak... Zorte handia izanez gero, izurdeak ere ikus ditzakezu.

Hori da urpekaritzaren alderik onena?

Egun osoan kanpoan egotea da, nire ustez, politena. Irteera bera. 9:00ak aldera geratzen gara Armintzan, dena prestatzen dugu, kaian kargatzen dugu, itsasontzian nabigatzen dugu, ordubete ematen dugu ur azpian...
 
Orokorrean, urpekaritza puntuaren arabera, mila bat, bi edo hiru bidaiatzen dugu eta gero itsasontziaren inguruan mugitzen gara, 500 metro, 400 metro... Sakoneraren aldetik, 30 metrora jaitsi gaitezke.
 
Ekipamendua erabiltzea ez da arriskutsua?

Ez, baina trebakuntza beharrezkoa da. Jakin behar duzu zein den zure oxigeno kontsumoa, botila mota, uraren tenperatura... Ordubete edo 50 minutu egon ohi naiz ni ur azpian. Ez da sekulako sasoi fisikoa behar.

Funtsezko oinarriak ezinbestekoak dira, eta asko praktikatzea uretan. Deskonpresioa ere oso garrantzitsua da. Botilan oxigenoa ez ezik, nitrogenoa ere badago. Hortaz, berriro azalera atera baino lehen, organismoa garbitu behar da, bestela edema sortu daiteke burmuinean edo birikietan. Deskonpresio etenaldia egiten da hori ekiditeko, azalera atera baino lehen.

Nik, esaterako, ekipamendu osoa daukat jadanik, alokatzeko aukera ere dagoen arren. Erreguladorea behar da, oxigeno botilara konektatuta joaten dena, aletak, maskara, neoprenoa... Botilak klubeko egoitzan kargatzen ditugu. Ez da kirol merkea, baina bidaiak kenduta, ez da hain garestia.

Euskal Herrian ez ezik, munduko leku gehiagotan ere egon zara urpekaritza egiten, ezta?

Bai, Tailandian, Egipton, Kanariar uharteetan, Mediterraneoan... adibidez. Hiru aldiz egon naiz Egipton, Itsas Gorrian, Sinaiko penintsulan. Marrazoen artean egon naiz urpekaritza egiten, nire esperientziarik onena izan da.

Nolakoa da marrazoen artean egotea?

Aditu batekin joan behar zara eta uretan sartu baino lehen arau batzuk jartzen ditu. Azaltzen du nolako harremana izan behar dugun marrazoekin. Bi espezie motarekin egon gara: Longimanus eta mailu marrazoa. 2 edo 3 metroko animaliak dira, adinaren arabera.

Errespetuz tratatzen ez badira arriskutsuak izan daitezke. Baina, arauak jarraituta, ez dago arazorik. Irizpideak errazak dira: animaliak ez izorratzea, taldean mugitzea, euren atzetik ez ibiltzea... Euren lurraldean zaude.

Kanariar uharteetan ere marrazoak ikusi nituen. Bertako espezie endemikoa da; "angelotea". Txikia da, baina kontuz ibili behar da, izorratzen badituzu arriskutsuak izan daitezke, zenbait istripu gertatu dira, jendeak ukitu dituelako.

Eta zer da erakargarriena marrazoekin egoterako orduan?

Hurbiletik ikusteak adrenalina sortzen du. Ez da beldurra, zehazki. Animaliak bere lurraldean ikustea oso erakargarria eta polita da.
 
Dena den, urpekari asko dago ur horietan eta eurak janariaren bila joaten dira. Euren izaera aldatu da, tripulazioek janaria botatzen diete eta. Animaliek badakite zertan ari diren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide