Ermu Andra Mariko tabernako kudeatzailea topatzeko Laudioko Udalak urrian ireki zuen deialdia, gehienbat, interesdunen eskaintzak jasotzeko. Hala ere, inork ez du parte hartu lizitazioan eta, nahiz eta udalak iragarri zuen abenduaren 13tik aurrera azpiegitura irekirik egongo zela, ez da horrela izan.
Helburua mantenduz gero, prozesua errepikatu beharko dute, oinarriak aldatuta. Berez, tokiko erakundeak zenbait baldintza jarri zituen berritutako apaiz etxea ustiatzeko. Printzipioz, udalak 3.600 euroko urteko ordainketaren truke eskaini zuen bi solairuko eraikinaren kudeaketa, taberna zein etxebizitzarena. 10 urteko iraupena zuen kontratuak.
Hori bai, taberna egunero irekitzeko konpromisoa hartu behar zuten arduradunek; 9:00etatik 18:30ak arte neguan eta 21:00ak arte udan. Gainera, pintxoak egon behar ziren barran eskuragai. Halaber, kultura jarduerak antolatzea lizitazioaren irabazleen esku geratu behar zen.