Laudioko Ugarteko ur depositua konponduko da 2020an, 128.291,84 euroko obra dela medio. Gehienez, obrak lau hilabeteko iraupena izan ahalko du. Aipatu beharra dago eraiki zenetik deposituak ez duela inolako moldapenik izan, hots, 32 urte inguru igaro dira inolako berrikuntzarik izan gabe.
Proiektuaren memorian adierazi bezala, deposituaren “egokitzapen orokorra; porlanezko estrukturen konponketa; itxiera perimetrala; uraren zirkulazio egokirako mekanismoen eta tutueriaren instalazioa; klorazio tresneriaren eta etengabeko kloro analizatzaileen jartzea; eta altuera berdinean edo altuago dauden etxeak hornitu ahal izateko presio mekanismoaren ipintzea” egingo dira obran zehar.
Horrela, emandako uraren kalitatea hobetzea espero du udalak, baita inbertsio kostuen beheraketa, eta hurbileko auzokideen erreklamazioen kopurua ere.
Obraren baldintza-agirian azaldutakoaren arabera, esleipen prozesua hurrengo egunetan egingo da, eta lizitatzaileen artean prezio baxuena eskaintzen duenari emango zaio obra.