“Emakume ikerlari ugari egon arren, 10 taldetatik 8tan gizonezkoak dira ikerlari nagusiak”

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 8a, 11:00

Neuropsikologia arloan ikertzen ari da Itziar Benito./ Aiaraldea.eus

ITZIAR BENITO (Laudio, 1990) Gurutzetako ospitalean neuropsikologia arloko ikerlaria da. Laborategi batean lan egiten ari den bitartean, burmuineko traumen inguruko doktoretza tesia egiten ari da ere. Ikerketa arloko prekarietatea lehenengo pertsonan bizitzen ari dela dio, baita emakumeen eta gizonezkoen arteko ikerkuntzaren munduko desberdintasunak oraindik ere nabariak direla, batez ere, zuzendaritza karguetan, non gizon gehiago daude emakumeak baino.

Zergatik erabaki zenuen psikologia ikastea eta, gero, neurologian aritzea?

Psikologia ikastea erabaki nuen medikuntza gogoko dudalako, baina horretarako ez nuela balio ikusi nuen. Nik ospitale batean egon nahi nuen, eta ospitaletan psikologoak zeudela entzun nuen. Kasualitatez, neuropsikologia arloan sartu nintzen, eta gustatu zitzaidan.

Nik inoiz ez nuela ikerketarik egingo esaten nuen, mundu hori oso zaila zela, eta azkenean pertsona konkretu bat topatu nuen, taldean zer egiten zuen gustatu zitzaidan, eta hortik aurrera egin nuen.

Zer ikasi zenuen?

Ni psikologian lizentziatua naiz, eta karrera ostean bi master egin ditut, eta bata da neuropsikologiako espezialitatea. Orain tesia egiten ari naiz unibertsitatean, EHUn.

Baina ez zaude berez EHUn, ezta?

Bai, ni lanean hasi nintzen Biocruces Bizkaian. Institutu bat da, han denetarik ikertzen da. Urtebete daramat han lanean, baina lau urte daramatzat taldean ikertzen.

Zeri buruzkoa da zure tesia?

Nire tesia burmuinean kolpeen ondorioz  gertatzen diren trauma txikiei buruzkoa da. Normalean ez dute eragin askorik, baina ikertua izaten ari den zerbait da, gero eta eragin gehiago ikusten ari direlako.

Epe laburrean ez da nabaritzen, baina epe luzean bai. Urte bateko distantzian egiten ari gara, bai odola, bai neuroirudia eta bai neuropsikologia ikusten.

Tesia egiteko ikertzen duzu?

Ez, ez. Tesia, gainera, denbora gutxien egiten dudan gauza da, beste gauza pilo ditut.

Adibidez?

Baditugu beste ikerketa batzuk Gurutzetako Ospitalean. Adibidez, geldialdi multiorganikoa izan dutenekin; umeekin beste batzuk egiten ditugu ere. Eta gure taldeak asko lan egiten du nazioartean. Argentinan hasiko gara orain ikerketa bat, baina beste leku batzuetan ere baditugu.

 

“Ikerlari nagusia gizonezkoa da hamar taldetatik zortzitan”

 

Horrek zuri bidaiatzea suposatzen dizu, ala dena egiten duzue han?

Normalean dena egiten dugu ospitalean, bideokonferentziak eta horrelakoak egiten. Bidaia egiten dugu kongresuetara joateko.

Maiz joaten zara kongresuetara?

Bai, urtero behin edo birritan banoa.

Nora?

Almerian eta Granadan egon naiz. Atzerrian, Pragan, New Yorken eta Bostonen. Aurten, momentuz, Vienara joango gara.

Distantzia handia dago atzerriko ikerketen eta Euskal Herrikoen artean?

Bai. Euskal Herrian eta Espainian, ikerketa oso atzeratuta dagoela uste dut.

Zertan nabaritzen duzu?

Diruan. Estatu Batuetan, konkretuki, diru pilo ematen diete ikerketa bat egiteko; gu dirua eskatzen ari gara ikerketa bat egin ahal izateko.

Zertan islatzen da hori?

Adibidez, nire tesia egiteko dirua eskatu genuen. Memoria ekonomikoa egin behar duzu, nahi duzuna lortzeko, eta gero herena ematen dizute.

Horrelako zer edo zer. Berrogei pertsona behar badituzu lan bat egiteko, guk hemeretzi ditugu lan berdina egiteko. Lorpena ez da berdina.

Atzerrian dirua ematen diete bidaiatzeko, ordenagailuak erosteko, erraztasun guztiak. Guretzat ez da horrela.

Emakume eta zientzialari izatea ez da pagotxa. Zertan nabaritzen da tratua ez dela berdina?

Agian ez da tratuan nabaritzen, baina, adibidez, gure institutuan gehienak emakume gazteak dira. Tesia egiten edo horrelako zer edo zer. IPa, ikerlari nagusia, hamar taldetatik zortzitan gizona da. Emakumeak, ez dakit zergatik, ez dira horra heltzen.

Ikerketa bat irakurtzen duzu eta gero...

Bai, gero konturatzen zara emakumezko batek egin duela, ez dakit. Liburuan izen osoa agertzen delako, edo kongresuetan ezagutu duzulako. Emakumea zela konturatzen zara. Gehienak mutilak direla pentsatzen baduzu, atzera egiten dizu azkenean.

Adibidez, beste talde bateko kideak, minbizia ikertzen ari direnak, EiTBko maratoiarekin batera, ikastetxe batera joan ziren. Bi neska gazte joan ziren, minbizia zer den azaltzera. Umeek ea gizona noiz etorriko zen galdetzen zuten. Hori ere mugitzen saiatzen ari gara.

 

“Bi neska gazte joan ziren eskola batera, minbizia zer den azaltzera; umeek ea gizona noiz etorriko zen galdetzen zuten”

 

Nazioartean emakumezko ikerlariak ezagutu dituzu. Zuen artean hitz egiten duzue, zuen egoerak alderatzeko, edo bakarrik zientziari buruz egiten duzue?

Normalean zientziari buruz hitz egiten da. Agian ematen da konferentziaren bat, baina ez emakumezkoen egoerari buruz, pixka bat orokorra da.

Zeintzuk dira zure helburuak etorkizun hurbilean?

Urte bat daramat, beraz beste bi edo hiru urte eman beharko ditut tesia bukatzeko. Momentuz, lanean jarraitu nahi dut, ikerketan ezer segururik ez dagoelako.

Nik, adibidez, bi urterako kontratua daukat, eta gero ez dakit zer gertatuko den. Zorte ona badut, beste ikerketa bat aterako da, dirua sartuko da, eta jarraitu ahal izango dut, baina ez dakigu. Nik horretan jarraitu nahi dut, baina oso zaila da.

Nolabait loteria bat da.

Bai, eta ezin dugu beti horrela jarraitu. Beti kontratuaren berriketarekin, oso zaila da.

Orain arte ikertu duzunaren inguruan zer nolako emaitzak lortu dituzu?

Momentuz ezin izan dugu asko egin, lagin gutxi ditugulako. Orduan, ezin ditugu horri buruzko analisiak egin. Baina, beste ikerketa batzuetan, gauza politak ateratzen dira.

Egiten ari zaren beste ikerketa batzuetan?

Bai. Adibidez, zu neuropsikologora zoazenean, froga batzuk egiten dira nola zauden jakiteko. Baina froga horiek estandarizatu behar dira ondo dagoen jendearekin, gero konparatu ahal izateko.

Gure taldeak hamar froga estandarizatu ditu, hamar edo hamabi tokitan. Espainian, umeekin; eta, Latinoamerikan, beste hamar tokitan, umeekin eta nagusiekin. Horretan diferentziak ikusi ditugu.

Ez da berdina frogak Estatu Espainiarrean egitea, edo Kolonbian, edo Argentinan. Desberdintasun oso nabariak daude puntuazioetan. Orain arte, Kolonbia eta horrelako lekuetan, Estatu Batuetako arauak erabili izan dituzte, edo espainiarrak, gaztelerazkoak direlako. Baina desberdintasun asko daude herrialdeen artean.

Hori eginda, esaterako, ikerlariek ikus dezakete pertsona batek Alzheimerra daukala, edo dibertsitate funtzionala daukala, eta, horko arauekin eginda, ez da ateratzen. Hamar puntuko desberdintasunak egon ahal dira, oso nabariak dira. Bai Estatu Batuetan, bai Estatu Espainiarrean, eta bai beste edozein herrialdetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide