"Jokalariok, Athletic Cluba eta Real Sociedad eskutik joan ginen Santi Brouarden hilketa salatzeko"

Julen Solaun eta Aitor Aspuru 2020ko urt. 9a, 16:00

Jose Maria "Txato" Nuñez Laudioko herrigunean./ Aiaraldea.eus

“TXATO” NUÑEZ (Tolosa, 1952) Laudion bizi da aspaldi. Athletic Clubeko kapitaina izan zen taldeak irabazi zuenean Liga eta Kopa azken aldiz. Gainera, lotura izan du erakundearekin urte luzez. Bere ibilbideari zein futbolari buruz mintzatu da.

Athleticen azkeneko bi ligak zuk irabazi zenituen, baina 37 igaro dira dagoeneko. Zerk egin zuen zure belaunaldia berezi?

Garai horretan talde beteranoa genuen, baina jokalari gazteak ere bagenituen. Talde oso ona zen, baina gainerakoak ez ziren makalak, eta ez zuten lortu bi Ligak eta Kopa irabaztea.

Taldearen mentalitatea oso ona zen, harreman oso hurbilak genituen. Momentu aproposa zen. Hasi ginen etxean zein kanpoan irabazten eta partidei banaka aurre egiten joan ginen. Ez genuen pentsatu Liga edo Kopa irabaziko genuenik.

Taldearen azken Erregearen Kopa ere altxatu zenuen zuk Barcelonaren aurka, Maradona eta Goikoetxearen arteko partida famatu horretan. Nola bizi izan zenuen?

FC Barcelonarekin harreman oso ona geneukan. Beti izan dugu, baina garai horretan Maradona zegoen eta Bartzelonan jokatu genuenean Ligan izan genuen talka berarekin, iskanbila handia sortu zen.Hortik aurrera egoera nahastu zen eta finalean ere Maradonak berotu zuen giroa, bera beti zegoen erdian.

"FC Barcelonarekin harreman ona genuen, baina Maradonarekin ez ginen ondo konpontzen"

Egia esanda, FC Barcelonarekin gero ere harreman ona izan genuen, baina urte horretan, Maradonarekin ez ginen ondo konpontzen. Tipo arraroa zen, ez zuen bide onik hartu, eta dena nahastu zuen.

Zure palmaresean, bada faltan botatzen duzun tituluren bat?

Bi Ligak eta Kopa irabaztea nahiko zaila izan zen, eta gerora ikusi da oso zaila izango dela errepikatzea. Aintzat hartu beharra dago gaur egun gero eta zailagoa dela irabaztea eta horrelako talde bat osatzea. Ni jaio nintzenetik naiz athleticzaleaeta bertan jokatzeko zortea izan nuen. Urte onak eta gogorrak izan genituen, baina tituluak irabazi genituen. Esperientzia polita izan da, baina horretarako prest egon beharra zegoen han.

Tituluak irabazi baino lehen, Sportingera joan izan behar zenuen, Athleticen lehenengo taldean ez zenituen minutuen bila. Nolakoa izan zen esperientzia?

Oso ona. Athleticera heldu nintzen eta jarraian zerbitzu militarra egitea egokitu zitzaidan. Hortaz, urte osoa galdu nuen. Beste bi urte egon nintzen Athelticen, baina ez nuen gehiegi jokatu.

"Sporting de Gijon taldera joan ginenean bete-betean asmatu genuen"

Gero Iñaki Txurruka fitxatu zuen Athleticek eta Sporting de Gijón taldean utzitako hutsunea betetzea proposatu zidaten niri. Joan ginen hara eta bete-betean asmatu genuen. Taldea oso ona zen eta bizitza polita zen.

Era berean, bi Ligak irabazi eta pare bat denboraldi geroago, bigarren mailako Sestao taldera hurbildu zinen. Zergatik hartu zenuen erabaki hori?

Aukerak izan genituen kanpora joateko jokatzera. Hiru seme genituen, eta Laudio Ikastolan zeuden jadanik. 34 urte nituen garai horretan.

Sestao taldea 2. mailan zegoen eta Jabo Iruretak entrenatzen zuen. Batzea proposatu zidan... eta ezberdina izan zen. Esaterako, bidaiak autobusez ziren. Lekuz estu ibiltzen ginen eta arroparako ere dirurik ez zegoen.

Aldi berean, esperientzia polita izan zen, jokalariak ezagunak zirelako. 1. mailara igotzeko zorian egon ginen. Azken partida Celta de Vigoren kontra jokatu genuen horretarako.

Esan bezala, gure arteko harremana oso ona zen, eta aurrera egiteko eta helburuak betetzeko hori ezinbestekoa da.

Nahiz eta Athleticek Bartzelonari Superkopa irabazi 2015ean, titulu falta sumatzen da azkeneko hamarkadetan. Final ugari jokatu ditu, baina irabazi ez. Zer dela eta? Horrek balio gehiago ematen dio zuek egindakoari?

Urtero egoera gero eta gogorragoa da Athletic Clubarentzat. Irabaztea oso zaila da eta kirol profesionalak hartu duen bideak klubeko filosofiaren aurka jokatzen du.

"Futbol profesionalak hartu duen norabideak Athletic Clubaren filosofiaren kontra egiten du"

Nahikoa egiten du. Josu Urrutiaren lehendakari garaian Athleticek jokatu du Champion League-a. Kopako finalak ere egon dira. Urte onak izan dira, baina zaila izango da zerbait irabaztea.

Gaur egun dauden hain talde erraldoien aurka lehiatu ahal izateko fitxaketa filosofia aldatu beharko luke klubak?

Nik bat egiten dut Athleticak daukan filosofiarekin. Nik ez nuke aldatuko apur bat ere, baina ikusiko dugu etorkizunean nork hartzen dituen ardurak eta zer gertatzen den. Nire aldetik, Athleticak filosofia aldatzen badu, bazkide izateari utziko diot. Hala ere, ikusiko dugu. Gaur egun diruak mugitzen du dena, baina, nire ustez, filosofia mantendu beharra dago.

"Athletic Clubak filosofia aldatzen badu, bazkide izateari utziko diot"

Aurten, Garitanoren taldeak Europa osoko defentsa onenetarikoa sortu du. Ba al dago zu profesionala zinen garaiarekin alderatzerik?

Nik oso gogoko dut Gaizka Garitanok eta Patxi Ferreirak egin duten lana. Nabaria da talde sendoa dela, bereziki atzeko aldean. Bide ona hartu dute eta badakite zer egin behar duten. Gaizka Garitanok hartu zuenetik, taldeak gora egin du.

Gurekin alderatuta, defentsa oso ona ikusten dut, borrakatzen dira toki guztietan eta ondo jokatzen dute. Antzekoa da, bai.

Futbola eta politikari buruz mintzatu da zerbait azkenaldian. Santiago Brouard HBko kidea eta pediatra hil zutenean bere kontsultan, Errealeko zein Athletic klubeko jokalariak ikurrinarekin atera zineten. Nola erabaki zenuten? Zuen ideia izan zen? Klubena? Gaur egun hori posible litzateke?

Santi Brouard ezaguna zen. Guztiok genekien zer nolako pertsona zen eta nolakoa zen bere bizitza. Guk gure indarra erakutsi behar genuen bere hilketa salatzeko. Ez baduzu erabiltzen horrelako gertakari baten aurrean, zertarako dituzu indarra eta burua?

Oraindik ere ados nago egindakoarekin. Egun ez dakit gehiegi zer pentsatzen duen jendeak eta zer egingo lukeen, baina uste dut berriro horrelako pertsona bat hilez gero, gauza bera gertatuko litzatekeela, kolpe lazgarria izan baitzen. Santi Brouardek argi eta garbi zekien zer pentsatzen zuen eta besteok ere bagenekien nor zen. Jokalariak eta kluba ados egon ginen eskutik joateko egun horretan.

Aurten Espainiako Selekzioak San Mamesen jokatuko du. Politika beti egon da kirolean eta ez zaio erreparatu nahi izan?

Politika beti egon da hor. Nik ez dut ikusi inoiz Espainiako Selekzioa San Mamesen, baina uste dut ez zutela galdetu ere egiten hemen jokatzeko. Gauzak aldatu dira eta moldatu behar dira. Aldaketa horien artean dago hau. Mahai gainean jarri dute San Mamesen jokatzea.

"Politika beti egon da lotuta kirolari, baina horren gainetik dago dirua"

Esan bezala, egia da politika beti egon dela lotuta kirolari, baina horren gainetik dirua dago. Futbol klub bat izateko dirutza beharrezkoa da eta, azkenean, diru truke egiten dira gauzak.

Batzuek hitz egiten dute futbol modernoari buruz, gaur egun diru pilo eta globalizazioa sartu delako kirolean. Zer nolako ezberdintasun sumatzen dituzu maila guztietan?

Oraintxe bertan futbola industria da. Diru piloa mugitzen du. Adibidez, Supercopa Saudi Arabian jokatzen ari da orain. Hori eragiten du diruak.

Jokalarien bizitza aldatu da eta baloia bera ere. Baloia oso azkar doa, lehen baino nabarmen azkarrago. Jokalariek egiten dituzten kontrolak eta paseak errazak direla ematen du, baina oso zailak dira, jendeak maila oso handia duelako. Oso profesionalak dira, bestela ezinezkoa da. Gainera, ia egunero partidak dituzte. Egungo jokalariei egokitu zaie hori eta mundu horrek dirutza mugitzen du.

Zure garaiarekin alderatuta asko aldatu da?

Athetic Clubari mintzatzen naiz ni, baina uste dut jokalariek bizitza oso arrunta dutela. Egia da ezberdina dela, futbola izugarri hazi baita, baina euren artean uste dut egoera ez dela hainbeste aldatu. Hori bai, diru askoz gehiago mugitzen da.

Gehien aldatu dena baliteke izatea kontrol maila. Gure garaian entrenatzen genuen eta etxera joaten ginen. Orain, aldiz, jokalariak kontrolatuta daude uneoro. Dena dakite jokalariei buruz. Lehen elikadura, adibidez, ez genuen hain kontuan hartzen, eta noizean behin mendian entrenatzen genuen. Egun kiroldegian edota zelaian egiten da entrenamendu osoa, ez dute kanpora jotzen.

Futbol profesionala eta gero, zer nolako bizitza izan duzu?

Amorebieta taldeko entrenatzailea izan nintzen bi urtez eta Athleticera itzuli nintzen gero. Han ibili nintzen 18 urtez, oker ez banabil. Bilbao Athletic eta Athleticaren ordezkari izan nintzen. Astebururo kanpora joaten nintzen, talde batekin edo bestearekin. Beste bazkide batekin enpresa txikia sortu nuen, eta 10 urte eta gero erretiroa hartu nuen. Orain ilobak zaintzen ditut.

ASASAM buru osasunaren aldeko elkartea ere laguntzen duzu, ezta?

Bai, elkarteak proposatu zidan epaile lanak egitea antolatzen dituzten partidetan eta ni gustura noa. Pozik nago, jendea jatorra baita eta laguntzeko aukera ematen didate.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide