Arabako PSE-EEk hitzaldia antolatu du urtarrilaren 20rako Laudioko Kasinoan. Markixana eta Basaurben eraiki behar diren araztegiak eta obren prozesua izango da ekitaldiaren ardatza.
Juanje Merchan Laudioko zinegotziak aurreratu du aurten hasi behar direla azpiegitura horien lanak. Sozialistek nabarmendu nahi dute eurek askatu dutela korapiloa horretarako: "Nerbioigoiena da uraren behe-hornidura tratatzen ez duen eskualde bakarra eta hori aldatuko da Madrilen egondako Gobernu sozialista bati esker".
Isabel Celaá Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministroak hartuko du hitza mahai-inguruan, ordezkari arabar gisa Kongresuan.
Ernesto Martinez de Cabredo URA Agentziako zuzendariak azpiegituren kudeaketaren alde teknikoa landuko du eta besteak -Celaá, Cristina Gonzalez arabar diputatua eta Juanje Merchan- eztabaida politikoan zentratuko dira. "Kudeaketa eredu ezberdinak hautatu daitezke", argitu du Merchanek.