Gaur agerraldia egin du Laudioko Udalak azaltzeko lanak hasi dituela Industrialdea Poligonoan. Andoni Orue Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak azaldu du 31 urte dituela azpiegiturak eta hainbat obra behar dituela.
Renove Plana programaren diru-laguntzak eskatu dituzte horretarako eta zenbait hobekuntza egingo dute. Berez, 228.060,47 euro gastatuko dituzte eta maiatzaren 18an obraren 3 faseak amaituta egotea espero dute.
Alde batetik, espaloiak berrituko dituzte. Platanondoak kendu eta horien ordez urkiak landatuko dituzte. Espezie horren hostoak errazago garbitzen dira eta sustraiak ez dira zabaltzen aldeetara, baizik eta barrurantz. Horrek kalteak ekidingo ditu espaloian.
Horrez gain, zebrabideak prestatuko dituzte, espaloiak egokituko dira irisgarritasun legea betetzeko. Eurien ura jasotzeko sistemak ere berrituko dira. Pabiloien aurrean birrinduta dauden zenbait elementu kenduko dute, hornitzaileen bidea oztopatzen dutelako, baina asko berrituko dira.
Andoni Oruek nabarmendu du inguru berean seinaleak jarri zituztela iaz, enpresak non dauden adierazteko, eta argiteria ere hobetzen ari direla.