2018ko zabor eta estolderia zerbitzuetako tasak kobratuko ditu Laudioko Udalak

Julen Solaun Martinez 2020ko urt. 24a, 07:00

2018ko zabor bilketa tasak kobratuko dira aurten. / Aiaraldea.eus

Tasa hauek zegokien urtean ez ziren kobratu eta, “egoera anomalo hori erregulatu” eta urte naturalean kudeatzea bilatuko dute udaletik. Borondatez ordaintzeko epea bi hilabetekoa izango da laudioarrentzako, otsailaren 6tik apirilaren 6ra.

Laudioko Udalak 2018. urteko zabor eta estolderia zerbitzuetako eta biltzeko eta ezabatzeko zerbitzuetako tasak kobratuko ditu aurten, zegokien urtean ez baitziren kobratu. Era berean, udaleko Ekonomia eta Zerga Kudeaketako zinegotziak, Eva Marquinezek, “tasa horien 2019ko kontribuzio-errolda” egin ahal izateko lan egingo dutela adierazi du, “egoera anomalo hori erregulatu eta tasak urte naturalean kudeatu ahal izateko”.

Tasak borondatez ordaintzeko bi hilabeteko epea emango dute udaletik, otsailaren 6tik apirilaren 6ra. Helbideratutako ordainagiriak martxoaren 6an kobratuko dira. Era berean, tasen ordainketa helbideratuta ez dutenek Kutxabank, Laboral Kutxa eta Caja Rural de Navarra banketxeen bidez ordaindu ahalko dute.

Borondatezko bilketa-epea amaitzean, ordaindu beharrekoak “premiamendu-prozeduran automatikoki” sartuko direla gehitu dute udaletik, “legez ezarritako errekarguak, berandutze-interesak eta sortzen diren kostuak” gehituta.

Zerga-espedientea udal kudeaketa arloko Ekonomia eta Zerga Kudeaketako Zerbitzuaren bulegoetan aztertu ahalko da, 09:00etatik 14:00etara. Biztanleek “egokitzat eta komenigarritzat” hartutako argibide, alegazio eta erreklamazioak jarri ahalko dituzte. Zergadunek ere berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, betiere hilabeteko epea errespetaturik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide