Euskararen normalizazioa Aiaraldean

Gazte migratzaileak euskarara hurbiltzeko egitasmoa abiatuko dute

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urt. 24a, 08:45

Hainbat ume xakean jolasten, Lamuza Ikastetxearen urteurren jaian. / Aiaraldea.eus

Herriko hainbat ikastetxeek sortu dute dinamika Kokoriko Hezkuntza Faktoriarekin elkarlanean, eta Laudioko Udalak diruz lagundu du ekimena.

Gazte etorri berriak euskarara hurbiltzeko proiektua abiatuko dute Laudion aurten. Herriko ikastetxeek bultzatu dute egitasmoa, Kokoriko Hezkuntza Faktoriarekin elkarlanean, eta udalak diruz lagundu du ekimena.  “Lurraldeko hizkuntza propio eta ofizialean gaitzeko eta integratzeko” egin dute pausoa, Ana Belen Diez Hizkuntza eta Nortasun Normalizaziorako zinegotziaren arabera. “1982an Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea onartzean oso egoera soziolinguistiko desberdina genuen Laudion, ez baitzeuden azken hamarkadetako migrazio fluxuak. Erronka berriei egin behar diegu aurre”, erantsi du.

Udalerrira iritsi berriengan jarriko dute fokua, eta Lehen Hezkuntzaren bidez euskara ikasteko aukerarik izan ez zutenengan. "Derrigorrezko ikasketak euskaraz egin behar izan dituzte gehienbat, erabat ezezaguna zaien hizkuntza batean, horrek dakarren frustrazio eta ezintasunarekin”.

Egitasmoa Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen Kokoriko Hezkuntza Faktoriak bideratuko du, tailer espezifikoen bitartez. “Hezkuntza proiektuaren ildo bat diseinatu da proba moduan ezarriko dena, eta emaitzen arabera datozen ikasturteetan egokitzen eta hobetzen joango dena”, aurreratu du zinegotziak. 20 saio egingo dituzte orotara, ordu eta erdiko iraupenarekin. 15 familiekin abiatuko dute dinamika, Aritz Lili Lekanda Kokorikoko koordinatzaileak azaldu duenez. “Asanblada batean erabakiko dute ikasle potentzial horiekin eta gurasoekin zer egin”, azpimarratu du Laudioko Udalak.

Nola erakarri gazteak?
Hezkuntza ez-formala baliatuko dute Kokorikoko kideek gazteak euskarara hurbiltzeko: “Gazteek erabakiko dute zein ekintza egin modu informalean euskara jasotzeko. Gozotasun eta plazeretik abiatuko da tailerra. Hasiera batean kaleko hizkuntza lantzea izango da helburua, kalean erabili daitekeen euskara”, adierazi du Lili Lekandak. Errezetak, kaletik buelta bat ematea, gazteen intereseko gaien inguruan eztabaidatzea,  mahai-jolasak… Orotariko ekintzak planteatuko dituzte egunerokotasunari euskal hizkuntza gehitzeko, “beraien nahietatik abiatuta”.

Hezkuntza formalean ere esku hartuko dute, “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteak izanik, beharrezko laguntza eskainiko diegu ere”, argitu du Kokorikoko kideak. Hiztegi bat eratuko dute horretarako, hitz berriak barneratzeko,  ahozkotasunean eta ulerkortasunean zentratuko badira ere. “Ahalik eta modu gozagarrienean hizkuntza lantzea nahi dugu, jolasetik, esperientziatik eta gazteek nahi duten horretatik”. Helburua, beraz, ulermena eta ahozkotasuna jorratzeaizango da, Lili Lekandaren esanetan.

Laudio Ikastola, Laudio BHI eta La Milagrosa ikastetxeak dira proiektuaren parte. “Guk modu informalean landuko dugu, eta eskolek formalean. Eskolek idazmenari helduko diote. Koordinatuta gaudenez, gazte horiek euskarara etortzea espero dugu. Euskara haienganatzea da helburu nagusia, nahiko balute ,gure hizkuntza den heinean, euskaraz bizi ahal izateko aukera edukitzeko”, erantsi du Kokorikoko kideak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide