Hiru gizonezko espetxeratu dituzte Laudion eta Bilbon lapurtzeagatik

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 25a, 11:33
Ertzaintzak atzemandako dirua eta ustez lapurtutako objektuak. / Ertzaintza

Ertzaintzak aste hasieran atxilotu zituen Bilbon, lapurreta saiakera egiten ari ziren bitartean, eta ostegunean Zaballako kartzelara bidali zituen epaileak.

Ertzaintzak jakinarazi du hiru gizonezkok osatutako gaizkile taldea desegin duela berriki: "talde kriminal antolatu eta hierarkizatu bat osatzen zuten, eta zereginak eta rolak argi banatuta zituzten".

Ustezko kriminalek Bizkaian eta Araban gauzatu dituzte, gutxienez, 3 lapurreta. Horietako bat Laudion izan zen eta besteak Bilbon.

Berez, poliziak ikerketa abiatu zuen Laudion, indarra baliatuta eginiko lapurretaren ondoren. Azkenean, aste honen hasieran Ertzaintzak hiru gizonak harrapatu zituen, Bilboko Euskalduna kaleko etxebizitza batean sartzen ziren bitartean.

4.000 euro konfiskaturik
Atxiloketen ostean,  Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Atalak Barakaldoko zenbait higiezin arakatu zituen eta "lapurtutako hainbat bitxi, 4.000 euro baino gehiago eta agiri faltsuak" topatu zituen, baita "era guztietako sarrailak irekitzeko erabiltzen zituzten erreminta espezifikoak ere".

Zaballako espetxean
Ostegunean Ertzaintzak epaitegira eraman zituen atxilotuak eta epaileak erabaki zuen Zaballako presondegian sartzea; "etxebizitzatan lapurreta egiten eta agiriak faltsutzen espezializatutako talde kriminal bateko kideak izateagatik".

Poliziak uste du taldeak egindako lapurreta gehiago argituko dituela. Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Atalak nabarmendu du ustezko hiru gaizkileak Europako ekialdekoak direla eta segurtasun protokoloak eta zaintzaren kontrako neurri zorrotzak hartzen zituztela.

Espetxeratuak Bilbon eta Barakaldon bizi ziren. Hala ere, bakarra zegoen hemen finkatuta. Beste biak, ordea, ibiltariak ziren. Mugikortasun horrek ere zaildu ditu ikerketa lanak, poliziak adierazi duenez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide