"Errexala" eta "Altubepekoak" taldeak, Arabako Kuadrilla arteko Bertsolari Txapelketaren saltsa

Erredakzioa 2020ko urt. 25a, 13:15

Atzo izan zen Arabako Kuadrilla arteko Bertsolari Txapelketako lehen saioa. Basalarrina elkartean kantatu zuten Aiaraldeko "Altubepekoak"  eta Gasteizko "Errexala" taldeek. 

Aurreko larunbatean aurkeztu zuten Aramaion Arabako Kuadrilla arteko Bertsolari Txapelketa. Bertan hartuko dute parte eskualdeko "Altubepekoak" taldekoek. Hain zuzen, atzo izan zuten aurreneko saioa, Laudioko Basalarrina elkartean. Gasteizko "Errexala" taldea izan zuten aurkari, eta beraiek lortu zuten puntu gehien. 

25 lagun inguru bildu ziren atzoko saiora. Ander Fernandez izan zen aurkezle, eta harekin batera osatu zuten taldea Iñaki Cabezak, Ainhoa Comasek, Unai Mendibilek eta Izar Mendigurenek. Agur kolektiboen ondotik, zortziko handian eta txikian ofizio bana abestu behar izan zituzten bertsolariek.

Ainhoa Comasek (Altubepekoak) eta Garikoitz Sarriugartek (Errexala), iturgin lanpostura aurkeztutako 2 lagun ordezkatu zituzten, patroiak mutila hautatu zuela eta. Sarriugarteren borondate onaren aurrean, karitatea ez, justizia dela behar dena nabarmendu zuen aiaraldearrak. Zortziko txikian, zaintza lanak izan zituzten hizpide Manu Bendalak (Errexala) eta Izar Mendigurenek (Altubepekoak); eta puntu erantzunetan Aiarako jendeaz aritu ziren Unai Mendibil (Altubepekoak) eta Garikoitz Sarriugarte. Gainontzekoan, ondorengo lanak osatu behar izan zituzten bertsolariek: lau oinak, bukaera emanda, puntuka eta koplaka. Aiaraldetik Iñaki Cabezak heldu zien errimen ariketari eta bukaerarekin bertsoa osatzeari. Saioa bizia izan zen orohar, eta bertsolari denek utzi zituzten ale politak. Entzuleak ere gustura egon ziren, sare sozialetako txioak bistaratzen duenez:

Otsailaren 8an izango dute hurrengo saioa aiaraldearrek, Gasteizko "Sumendindiola bete poto" taldearekin batera. Aurtengo txapelketan 12 talde ariko dira bat-batean, 62 bertsolari, 16 epaile eta 17 gai-jartzaile. 

Argazkiak: Altubepekoak taldea

Erredakzioa: AIEBE

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide