Immigrazioa, eskola eta bizikidetza izan zenituen hizpide Laudioko mahainguruan. Zein da helerazi zenuen ideia nagusia?
Ideia batzuk aztertu genituen. Besteak beste, agerikoa dena, gizartea anitza dela. Aniztasun hori areagotu da immigrazioaren ondorioz, baina, eta hau azkeneko hogei urteotan bizi izan dugu, Estatu kanpotik etorritako immigrazioa da, alderdi kultural desberdinekin. Nik esango nuke oinarrizko kontu hauetan oso antzekoak garela, baina desberdintasun horren ondorioz aniztasuna areagotu egin da.
Momentu honetan esan dezakegu, immigrazioa geldituko balitz, aniztasun hori bertan dagoela jada. Orain badakigu etxe askotan praktikatzen dela katolikoa ez den erlijio bat. Duela hogei urte salbuespena zen hori, orain ez da. Ohitura batzuk daude, etxe batzuetan desberdinak izan daitezkeenak: Janzteko moduak, festa batzuk ospatzeko moduak, balio batzuk, etab. Hori gizarte honen parte da jada. Momentu honetan dagoen erronka hori guztia kudeatzea da, elkarbizitza aberasgarri batean bizi ahal izateko.
Hezkuntza sistemari buruz hitz egin behar dugu ere. Hezkuntza sistema oso garrantzitsua da elkarbizitza horri begira, eta ikusi behar dugu zer gertatzen ari den, nola hartu behar duen hezkuntza sistemak fenomeno hori. Orokorrean, fenomenoari harrera egin dio, baina ez eskola guztiek. Batzuek bai, beste batzuek ez horrenbeste. Horren atzean zer dagoen ikusi behar dugu, eta gizarte moduan zer erronka daukagun.
Nik uste dut ikastetxe batzuen ahalegina eskertu behar dugula. Egiten ari diren esfortzua eta gizarteari egiten dioten mesedea izugarria da, eta, aldi berean, batzuetan gertatzen da ahalegin hori egiten duten ikastetxeek ez dutela gizartearen aldetik errekonozimendua jasotzen.
"Nik uste dut ikastetxe batzuen ahalegina eskertu behar dugula. Egiten ari diren esfortzua eta gizarteari egiten dioten mesedea izugarria da"
Batzuetan aipatu egiten da immigrazioarekin lotutako bizikidetza arazoak daudela hezkuntza zentroetan. Horrela ikusten duzu zuk?
Ez, ez bereziki. Nik ezagutzen ditut ikastetxe ugari non aniztasun ekonomiko, soziala, kulturala eta jatorriari dagokiona dagoen; eta bizikidetza ez da arazo bat. Bizikidetza ona dago ikastetxe horietan. Estereotipo bat da hori, aniztasuna dagoen lekuetan arazo gehiago daudela.
Nik bizikidetza beti dela gatazkatsua esango dut ere, beti. Bizikidetza gatazkatsua da familian, maitasun harremanetan, auzoan, herrian... eta eskolan ere bai. Ezin dugu pentsatu elkarrekin biziko garela eta ez dela ezer gertatuko. Gatazkak gertatuko dira, eta oraingo ideia indartsu bat da gatazkari ezin zaiola ihes egin. Egin behar duguna da aurre egin eta kudeatzea.
Eskolan ikasi behar dugun gauza bat hori da, desberdinak garenon artean, gure desberdintasunak eta gure gatazkak eramaten ikastea.
Aipatu egiten den beste kontu bat da etorri berriak ez direla integratzen. Baina integrazioa eta asimilazioa bereizten dituzu zuk.
Bai. Nik uste dut hori bereiztea garrantzitsua dela. Batzuetan esaten dute, “begira, hamar urte daramatzate hemen eta Marokon bezala janzten dira”, edo “jarraitzen dute haien erlijioarekin, ez dira integratzen”. Baina zer ari gara esaten? Zer da integrazioa?
Nik uste dut bi ardatz dauzkala integrazioak. Alde batetik, gehiengoarekin harreman positiboa; gutxiengoan baldin bazaude, edo atzerritik etorri bazara, harrera gizartearekin harreman positiboa. Baina, bestalde, zure identitatea eta zure ezaugarriak mantentzean dago, eta batak ez du bestea kentzen. Hori izango litzateke integrazioa, biak egin ahal izatea.
Guk integrazioa eskatzen dugula esaten dugu, baina beste zerbait eskatzen ari gara: asimilazioa. Batzuetan autoktonook hori daukagu buruan, gehiengoaren harremanak positiboak direla eta hemengo ohiturak jarraitu behar direla. “Hemengo” esaten dugunean gehiengoaren ohiturak dira. Jatorriaren ikurrak eta ezaugarriak ezabatzea nahi dugu ere. Ea ez zaizun nabaritzen atzerritar jatorria duzula, gehiengoa ez den erlijio bat praktikatzen duzula. Integrazioa esaten dugu, baina jendeari eskatzen dioguna asimilazioa da. Iruzurra da, integrazioak berez ez dizulako eskatzen zure jatorriko identitatea ezabatzea.
“Klase ertain autoktonoak aniztasuna duten eskolak baztertzen ditu”
Bilbo edo Gasteizko eskola batzuetako segragazio kasuak ezagun bihurtu dira. Herri txikietan ere horrelako kasuak ematen dira?
Nik esango nuke herri batean eskola bakarra baldin badago, seguruenik eskola horretan herriko ia ume guztiak egongo direla, berdin da haien jatorria, egoera ekonomikoa, eta abar. Baina ikastetxe bat baino gehiago baldin badago, ia leku guztietan nabaritzen da desberdintasuna. Batean kontzentratzen dira, hein handi batean, jatorri atzerritarra dutenak, eta baliabide ekonomiko gutxiago dutenak. Hori hainbat herritan eta hainbat lekutan errepikatzen ari da, berdin dio txikiak, ertainak edo handiak izan.
Atzerritarren seme-alabak, nahiz eta hemen jaio diren, diskriminatuak izaten ari dira gurasoen jatorriaren arabera. Ikastetxe konkretu batzuetan pilatzen ari gara pobreak eta jatorri atzerritarra dutenak. Hori hainbat tokitan ikusten ari gara, ez soilik Bilbon eta Gasteizen. Gasteizko egoera eskandalagarria da, baina hainbat herritan sortzen ari da kezka hau.
Zer gertatzen ari da? Zergatik? Gizartearen geruza bat, klase ertain autoktonoa, bilatzen ari da bere ezaugarri berdinak dituenak eskolan biltzea, eta aniztasuna besarkatzen duten eskolak baztertzen ditu.
Kultura aniztasuna eskola batentzako onuragarria dela esango zenuke?
Bai, noski. Nik kultura aniztasunari ez diot ezer txarrik ikusten. Besteak beste, bizikidetza ikasteko aukera ematen du; gizarte plural honetan bizitzen ikasi behar da, eta kultura aniztasuna ez dagoen, edo aniztasun ekonomiko-soziala ez dagoen eskola batean, nola ikasiko duzu elkarbizitzen?
Bestalde, ni ez nago eskola batzuen alde, non soilik atzerritarrak eta pobreak dauden. Hori ez da kultura aniztasuna niretzat. Eskolak heterogeneoak izan behar dira, non hainbat egoera eta ezaugarri desberdinak dituzten pertsonak elkartzen diren. Pobreen kontzentrazioak eta klase ertainen kontzentrazioak, nire ustez, ez dira onuragarriak eta ez dute elkarrekin bizitzen irakasten.
Etorkinak A eredura jotzen direla aipàtzen da ere, eta normala dela D eredukoekin bereizketa egotea. Hori egia da? Euskarak zer paper jokatzen du integrazioan?
Hori duela urte batzuk gertatu zen, etorkinen seme-alabak nagusiki A eredura bideratzen zirenean. Baina gaur egoera aldatu da, hemen aurrerapauso bat nabaritu dela uste dut. Gaur, nagusiki, etorkinen seme-alabak D ereduan daude. Batzuek esaten dute, “ez, gure eskolara ez dira etortzen etorkinek beren seme-alabak, A eredura bidaltzen dituztelako”. Ez da egia.
A eredua eredu hondarra da, oso txikia. Egia da bertan asko direla etorkinen seme-alabak, baina erlatiboki oso jende gutxi da. Momentu honetan, etorkinen seme-alabak D ereduan daude nagusiki, D publikoan. D publikoa da momentu honetan etorkinen seme-alabak euskalduntzen ari dena. Ikasle hauek euskalduntzeko zeregin garrantzitsua betetzen ari dira.
"Batzuek esaten dute, 'ez, gure eskolara ez dira etortzen etorkinek beren seme-alabak, A eredura bidaltzen dituztelako'. Ez da egia"
Zeintzuk dira egoera honen aurrean planteatu beharko liratekeen erronkak?
Hainbat erronka daude. Besteak-beste, hezkuntzari begira, umeen arteko harremana sustatzea. Elkar ezagutzea, elkarrekin ikastea eta bizitzea. Horregatik, niri eskola segregazioa ez zait ondo iruditzen, ez duelako hori ondo bermatzen. Ikastetxe batzuetan atzerritar jatorria dutenak eta pobreak egoteak, eta besteetan klase ertainekoak eta autoktonoak, ez du harremana bermatzen.
Beste batzuk esango nituzke ere: Baliabideen erronka, esaterako. Aniztasunari erantzuteak esan nahi du baliabide gehiago behar direla, denbora gehiago, pertsona gehiago. Batzuetan aniztasuna kudeatzen duten eskoletan sentitzen dute baliabideak falta zaizkiela ondo lan egiteko, hezkuntza sailak ez dituela ematen behar diren baliabideak. Nik uste dut horri buelta bat eman behar zaiola. Irakasleen formazioa ere bai erronka da, aniztasuna kudeatzeko, euskara irakasteko, hizkuntzen trataeran hobeto aritzeko... Hor badago elementu garrantzitsu bat.
Gero, gizarte moduan, badauzkagu beste erronka batzuk. Bizi garen gizartean xenofobia puntu bat dago, aporofobiarekin batera.
Orain aurrematrikulazio kanpainan gaude ia, zer paper jokatu beharko lukete gurasoek?
Gurasoen kezka beti da seme-alabak ikastetxe on batean egotea. Nik eskatuko nieke ikastetxe bat ez baztertzea etorkinen seme-alabak bertan egoteagatik. Begira zer gertatzen ari zaigun, gizarte moduan zer kontraesanetan erortzen ari garen. Gizarte moduan zorrotzak gara etorkinekin, haiek asimilatzea nahi dugu. Baina, beste alde batetik, gertatzen zaigu ez dugula nahi gure umeak haien umeekin egotea.
Integratu behar dira, baina haiek bakarrik, autoktonoak presente egon gabe. Hori nola egiten da?
Funtsean oso antzekoak gara denok eta interes berak dauzkagu, balio berak. Ezaugarri kultural batzuk egon daitezke eta elkarrekin bizitzen ikasi ahal dugu. Ez diot horri txarrik ikusten. Uste dut, ziurrenik, gurasook, guraso batzuk, hausnarketa egin beharko dugula. “Ni ez naiz arrazista, baina” diskurtso hori gainditu beharko dugu. Baina zer? Baina nik ez ditut nire umeak eramaten atzerritarrak doazen ikastetxeetara. Hori gainditu behar da, harago joan behar da.