Hezkuntza eskaintzari buruzko hitzaldia eskaini zuen Laudioko Kili-kili Hazkuntza Taldeak iragan astean, bigarren urtez jarraian. Aurrematrikulazio garaia dela eta antolatu zuten solasaldia. “Laudioko familiek bost eskolen artean aukeratu behar dute. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun eskola guztiak gela berean biltzea, bakoitzak zer eskaintzen duen jakiteko eta galderak planteatu ahal izateko”, azaldu dute taldeko kideek. Balorazio positiboa egin dute: “40 heldu inguru bertaratu ziren, eta hori asko da Laudio bezalako herri batean”.
“Edoskitze taldea sortu zen lehenbizi, duela bost urte. Astero biltzen ginen hasieran eta jende berdina etortzen zen gehienetan. Edoskitzea izaten genuen hizpide, baina hezkuntzari lotutako galdera asko ere sortzen ziren: zalantzak, kezkak, haserreak, frustrazioak, pozak...”. Horregatik erabaki zuten hazkuntza taldea sortzea. Hilean behin biltzen hasi ziren, eta elkartea sortu zuten gero.
“Hazkuntza kontzientea zabaltzea” da taldearen helburu nagusia. “Munduan egoteko modu bat da guretzat hazkuntza modu hori, errespetuan oinarritua”. “Helduzentrismoarekin” ere amaitu nahi dute, “beste gizarte mota bat sustatzeko”.
Bi ildo jorratzen dituzte horretarako. Alde batetik, hitzaldiak antolatzen dituzte. “Otsailean erreflexu primitiboei buruzko solasaldia eskainiko dugu eta martxoan zoru pelbikoari buruzko beste bat egongo da”, aurreratu dute.
Bestetik, hazkuntza taldea dago. “Orain hilero biltzeari ekingo diogu berriz. Bilera libreak izango dira, edonor bertaratu daiteke. Batzuetan gai bat izaten dugu hizpide eta beste batzuetan irekian egiten dugu, unean une sortzen denari buruz hitz egiteko”. Bazkidetzak egiteari ere ekin diote, taldean zenbat pertsona dauden kalkulatzeko. “Iaz 32 familia inguru egon ginen. Etengabeko berritze prozesuan gaude. Oso elkarte gaztea da gurea, eta nondik jo ikusten ari gara”.
Facebooken (Kili-Kili. Laudioko Hazkuntza Taldea) ematen dute egiten dituzten jardueren berri. Taldearekin harremanetan jartzeko, aldiz, kilikili.laudio@gmail.com helbide elektronikoa baliatu daiteke.