“Aldaketa soziala izan zen gogorrena Estatu Batuetara bizitzera joatean”

Aitor Aspuru Saez 2020ko ots. 9a, 10:17
Gabonetan Laudion egon zen Jose Ignacio Iglesias. / Aiaraldea.eus

JOSE IGNACIO IGLESIAS (Laudio, 1971) Alexandrian bizi da, Virginian. Washingtonetik gertu. Bertako bizimoduari buruz hitz egin du.

Zergatik joan zinen Estatu Batuetara?

Neska oso atsegina ezagutu nuen Madrilen eta sanferminetara joan ginen. Urte eta erdiko harremana izan genuen eta gero Estatu Batuetara itzuli zen zuzenbidea ikasteko Pittsburgen eta 4 hilabete eta gero ni ere joan nintzen.

Ez nuen ezer. Izapideak abiatu nituen ezkontzeko eta Green Card bat lortzeko, hori gabe ezin bainuen lanik egin. 14 urte bete ditut bertan.

Hasiera gogorra izan zen. Ez nuen inor ezagutzen eta ez nuen ezer, ez diru sarrerarik, ez ibilgailurik... Gainera eguraldia oso bestelakoa da eta sekulako hotza egiten du.

Edonola ere, gogorrena aldaketa soziala izan zen. Espainiar batzuk ezagutu nituen, “Pata negra” deiturikoak, eta jarduera sozialen bat egiteko elkartzen nintzen eurekin. Horrek erraztu zidan dena.

Ez zenuen lanik, nola moldatu zinen han?

Nik ekonomia ikasi nuen Sarrikon eta Green Carda eskuratu eta gero kontratazio enpresa batekin egin nuen elkarrizketa. Galdetu zidaten esparru publikoan edo pribatuan lan egin nahi nuen, edo Gobernuz Kanpoko Erakunde batean. GKE batean probatzea bururatu zitzaidan eta Women For Women-en sail finantzarioan hasi nintzen lanean.

Garatzen ari diren herrialdetan trebakuntza eskaintzen zien emakumeei erakundeak. Ophra Winfrey aurkezlearen bitartez programa oso garrantzitsua izan zuten eta finantzazio ugari lortu zuten. Horren bitartez, emakume batek 10 euro ematen zizkion hilero beste emakume bati. Komunikatzeko aukera zuten eta horrela Estatu Batuetako emakumezko batek Congo edo Irakeko emakume bat laguntzen zuen.

Nire lana zen bermatzea gastuek bat egiten zutela aurrekontuekin. 4 edo 5 urtez aritu izan nintzen bertan lanean. 

 

"Ez nuen inor ezagutzen eta ez nuen ezer, ez diru sarrerarik, ez ibilgailurik... Gainera eguraldia oso bestelakoa da eta sekulako hotza egiten du"



Baina esparru berean jarraitzen duzu lanean, ezta?

Bai, pare bat hilabeteren buruan berriro kontratatu ninduten. Orain Internews GKEn nago. Erakunde honek kazetariak laguntzen ditu zonalde gatazkatsuetan. Europako Ekialdean proiektuak dituzte, Fake News-en aurkakoak, Congon ere proiektua dute ebolaren inguruan, aldaketa klimatikoari buruz ere egiten dituzte jarraipenak...

Oso ondo dago eta pozik nago. Nire lana talde bat koordinatzea da. Bat Bangkoken dago, Asiako zonalde horren arduraduna baita. Beste bat Nairobin dago Afrikako lanak koordinatzeko, beste bat Kieven Europako Ekialdea bere gain hartzen eta, azkenik, beste bat Californian Hego Amerikako proiektuetan lan egiteko.

Nik guztiak trebatzen ditut, proiektu ororen finantzek irizpide bera jarraitu dezaten. Dirua ematen dutenei jakinarazi behar zaie zertara bideratu den ekarpena eta modu uniformean egin behar da.  
Lan oso profesionala eta serioa da.

Erakundeak, berez, kazetariei aholkatzen die nola egin lan modu seguruan, emakumeak ahalduntzeko programak ditu informazioa eskuragarri izan dezaten...

 

"Gizartea lanera bideratuta dago. Ordu asko egiten dute lan, eta hori da gogorrena"



Aipatu duzu hasiera oso gogorra izan zela, zergatik?

Harreman sozialak ezberdinak dira eta kostata moldatu naiz. Esaterako, Laudion kuadrilla zoragarria daukat eta pintxo-potera ateratzen gara. Estatu Batuetan etxean dira harremanak eta ez dira oso maiz elkartzen.

Gizartea lanera bideratuta dago. Ordu asko egiten dute lan, eta hori da gogorrena. Eta nola ez, hemen familia utzi nuela.

Donald Trumpen agerpenak eragina izan du zure lanean?

Jakina. Nik lan egiten nuen jendea oso haserre zegoen irabazi zuenean. Zorionez, ni bizi naizen zonaldea oso anitza da kulturalki eta ez da polarizazio hori nabaritzen.

Estatu Batuetako erdialdean egoera bestelakoa litzateke. Nire hirian pozik nago eta auzoan harrera oso ona izan dut. 60 herrialdetako herritarrak daude nire inguruan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide