Portugaletek fitxatu zaitu hiru hilabetez hausnarketarako etenaldia egin eta gero.
Bai, pentsatzeko behar nuen. Udan ez nuen eskaintza bereziki interesgarririk jaso eta aukera ona izan da hausnartzeko.
Hiru hilabete hauetan luze hausnartu dut; zer egin dudan, zein izango den etorkizuna... Eta, oraindik, egia esan, ez daukat oso argi. Denbora gehiago egongo nintzateke pentsatzen, baina futbol jokalari batentzat denbora oso azkar igarotzen da.
Asko pentsatu dut, baina bakarrik futbolari dagokionez. Gainerako esparrutan argi daukat. Kontzentratuta egon behar naiz familiarekin eta bikotearekin.
Egindakoa oso ondo baloratu dut. 17 urte nituenetik orain arte ez daukat kexarik. Hainbat mutilek jokatzen dute futbolean eta guztiak ezin dira profesionalak izan.
Ni pribilegiatua izan naiz, 1. mailako taldeekin aritu naiz, eta dirua irabazi dut. Izugarria izan da, baina hori lortzeko lan handia dago atzetik, baita sakrifizioak ere: familiatik urrun egotea, lagunekin denbora ez igarotzea, jaietan kanpoan egotea...
Zuk esan duzun moduan, futbolak esperientzia onak eman dizkizu, baina txarrak ere.
Bai, partida batean jokalari batek modu arrazistan iraindu ninduen eta epailea hurbil zegoen. Nik epaileari galdetu nion ea zerbait egin behar ote zuen eta berak ez zuela ezer entzun erantzun zidan, nahiz eta alboan egon.
Partida bukatu ostean jende pilo zegoen, galdu genuen eta irain arrazisten aurka ez zuela ezer egin esan nion berriro. Horrek piztu zuen gatazka guztion artean, bultzaka hasi ginen eta epaileak aktan jaso zuen borrokatu nintzela. Horregatik zigortu ninduten, eta iraindu ninduenak ez zuen zigorrik jaso.
Hala ere jokalari horrek gero barkamena eskatu zizun.
Berak eta bere taldeko presidenteak eskatu nahi zidaten barkamena, baina nik ez nuen onartu. Irain horiek ez dira egin behar eta kito.
Nola bizi izan duzu Iñaki Williamsen eta Abadiñoko jokalariaren aurkako irain arrazistak azken astean?
Iñaki Williamsen kasua nahiko gogorra izan zen. Larritzeko modukoa da Europako puntako txapelketetan gero eta gehiago gertatzen ari dela ikustea.
Iñakiren gertaeran gogaikarria izan zen, bereziki, jende ugarik egin zuela. Futbol zelaiko ertz horretatik igaro zenean jende pilok iraindu zuen Williams. Dena den, okerrena da inguruan zegoen jendeak ezer ez egitea. Hori da arazo nagusia.
"Jendeak ezin du ez entzunarena egin irain arrazisten aurrean"
Jendeak ezin du ez entzunarena egin, bestela konplize bilakatzen dira. Albokoei zerbait esan behar zaie horrelako kasuetan.
Futbol zelaian dauden profesionalek, jokatzen zein aulkian, neurriren bat hartu behar dute, Espaynolekoek zein Athleticekoek.
Horrek amorrua sortzen dit. Horrelako egoeratan esku hartu behar dutenek ezer ez egitea. Hori arrazismoa laguntzea da.
Hala eta guztiz ere, ondo egon da kontzientziazioa landu delako, jende horrek egin duena txarto dagoela adierazteko.
Hedabidetan asko agertu eta erakutsi da. Jendeak aukera izan du ikusteko eta hausnartzeko. Hori ondo dago beti. Ume ugariri heldu zaie mezuea, eta badakite txarto dagoela. Larritasunaren barruan, hori izan da elementu positiboa.
Abadiñoko jokalariaren kasuan, albisteetan ikusi nuen bere azalaren koloreagatik irainak jaso zituela. Futbolariak pertsona batek irribarre egitea eskatu ziola azaldu zuen.
"Abadiñoko jokalariarekin harremanetan jarri naiz bera babesteko, bakarrik sentitu ez dadin"
Twitterren bidez eskatu nion jendeari berarekin harremanetan jartzeko modua, eta sare sozialaren boterea handia da. Bi minututan banuen berarekin hitz egiteko aukera.
Ni baino gazteagoa da eta nire babesa adierazi nion, une hauetan bakarrik ez sentitzeko. Nola sentitzen ari zen banekien eta nire asmoa laguntzea zen.
Izan ere, oso gogorra da zer gertatu den azaltzea, eta duen oihartzuna. Nik hori banekien, egoera berean egon nintzelako. Hitz egin nuen berarekin, aipatu nion zein gogorra den kirola, futbola, inguruan dauden astapotroak, eta luze mintzatu ginen.
Babestu nuen eta laguntzeko prest nagoela esan nion. Adibidez, asteazkenean egin behar genuen elkarrizketa Radio Euskadin, baina gazteak erabaki zuen ez egitea, presio handia izaten ari baita berarentzat. Egoerak apur bat gainditu du. Jende pilok deitu du eta horrek urduritu du.
Beste egun batean egingo dugu elkarrizketa, denbora igarotzen denean, jendea ahazten joango baita eta bera erosoago egongo delako.
Horrelako irainak arruntak dira?
Niri, behintzat, ez zait berriro gertatu. Txikitan gertatu zitzaidan, eta nire taldekide batzuei ere.
"Eskuin muturra sartzen ari da futbolean eta horrek kirola kaltetuko du"
Dena den, bai hemen eta bai atzerrian kasu asko daudela ikusten ari naiz. Uste dut politika eta futbola estuki lotuta daudela. Eskuin muturreko alderdi faxistak sartzen ari dira. Jende hori sartzen ari da.
Adibidez, duela gutxi ikusi nuen Santiago Abascal Real Madrileko futbol estadioko VIP gunean. Nola da hori posible? Nik ezin dut ikusi. Horrek gehiago kaltetuko du futbola.
Gaztea zara oraindik, baina futbolaren munduan esperientzia luzea duzu, ezta?
Bai, nahiz eta 25 urte izan, uste dut esperientzia asko dudala. Talde ugaritan ibili naiz eta eskarmentu handia daukat.
Danok Baten, Athleticen, Celta de Vigon, Eibarren, Irunen eta Logroñesen egon naiz, besteak beste.
"Nire esperientziarik onena Eibarren izan zen"
Niretzat talde onena Eibar izan zen. Vigon ere gustura egon nintzen, baina Eibarren esperientzia izugarria izan zen. Lehen taldearekin entrenatzen nuen eta oso pozik ibili nintzen.
Prometo que no me la quitó Van Dijk ???? pic.twitter.com/ru8pLJWKKi
— Thaylor Lubanzadio Aldama (@thayloraldama10) June 9, 2019
Hala ere, gogorra ere bazen. Izan ere, asteburutan, Jose Luis Mendilibarrek lehen taldearekin ez ninduenean eramaten, filialarekin joan behar nintzen.
Hau da, 1. mailako taldearekin astea igaro ostean, 3. mailara jokatzera jo behar nuen. Sekulako nagia sortzen zidan horrek. Erlaxatzen nintzen.
Noizbait pentsatu duzu zure bizitza nolakoa izango litzatekeen futbolean jokatuko ez bazenu?
Ez. Gainera, oso gazte joan nintzen Laudiotik. 17 urte nituen eta ez dut inoiz pentsatu. Familiatik urrun egotea gogorra da. Harreman oso estua eta ona dugu eta kanpoan nagoenean txarto bizi naiz. Hemendik ibiltzen naizenean denetarik egiten dugu elkarrekin.
Jokatzeari uzten diodanean, ordea, badakit zer egin nahi dudan; Athleticen kirol zuzendaria izan nahiko nuke noizbait.
"Etorkizunean Athletic Clubeko kirol zuzendaria izan nahiko nuke, Jose Mari Amorrortu bezala. Aita baten modua egiten du lan; ez da buruzagia, laguntzailea baizik"
Athleticera iritsi nintzenean, duela urtebete, Jose Mari Amorrortu oso pertsona jatorra eta ona dela ikusi nuen, eta oso langilea. Hori kanpotik ez da sumatzen.
Pentsatzen ari nintzen futbolaren ostean zer egin nahiko nukeen eta egunero ikusten nuen Jose Mari Amorrorturen lana, eta ondorioztatu nuen bera bezalakoa izatea nahiko nukeela.
Inoiz ez nuen horrelakorik aldez aurretik pentsatu, baina bera ikustean ulertu nuen hori nahi nuela. Jokalari askok uzten dute, eta beste jokalariak ordezkatzeko enpresak sortzen dituzte edo entrenatzaile bilakatzen dira. Oso arrunta da, baina nik ez dut entrenatzaile lana gogoko. Zuzendaritza, ordea, bai.
Kirol zuzendaritzari buruz maiz hitz egiten da, baina futbol mundutik kanpo gaudenok ez dakigu zehazki zertan datzan. Zer egiten du Jose Mari Amorrortuk, esaterako?
Lehenik eta behin, telefonoa gainean eraman behar duzu beti. Adibidez, Jose Mari egunero igarotzen zen Lezamako talde guztien entrenamenduetatik, laguntzen zuen, erizaindegira joaten zen guztiei buruz galdetzera... Aita baten moduan, ez da buruzagia, laguntzailea baizik.
Aintzat hartu beharra dago Athletic, ez dela edonolako kluba; merkatua oso itxia da. Esaterako, Fran Garagarza Eibarreko zuzendariari mundu osoko jokalarien ordezkariek deitzen zioten. Jose Mariri, ordea, ez.
Oso handia da lehen mailaren eta gainerako mailen artean?
Dena da ezberdina; entrenamenduak, fisioterapeuta, azpiegiturak... 2. B mailako taldeak onak dira, baina 1, mailan dirutza dago.
Puntako jokalariak ezagutu dituzu urte hauetan, ezta?
Bai, Santi Mina lagun mina da oraindik eta maiz hitz egiten dugu. Borja Iglesias ere, Ruben Blanco, Dani Garcia, Ruben Capa, Sergi Enrich... Lagun ugari egin ditut.