Marokoko Desert Trophy rallyan parte hartuko du Paul Basabek

Julen Solaun Martinez 2020ko ots. 3a, 11:35
Panda Raid lastertu zuen Basabek duela bi eta hiru urte./ Aiaraldea.eus

Lasterketa, zeinean Seat Panda autoarekin parte-hartzea derrigorrezkoa den, otsailaren hirugarren astean egingo da Marokoko basamortuan. Laugarren partaidetza izango da Basaberentzat mota honetako lasterketa batean, eta aurreneko bosten artean sailkatu nahi duela aitortu du.

Paul Basabe laudioarrak Marokoko Desert Trophy Panda Edition proban parte hartuko du, Seat Panda ibilgailu klasikoa erabilita basamortua zeharkatzeko helburuarekin.

Proba otsailaren 16tik 23ra bitartean egingo da. 15eko arratsaldean, berriz, Granadan egingo da rallyaren aurkezpena, baina benetako lehiaketa egun bat beranduago hasiko da Nador hiri marokoarrean.

Guztira, sei etapa izango dira, haietako azkena etapa maratoia delarik, zeina bi egun desberdinen artean egingo den, gaua basamortuan pasatuta.

Nahiz eta aurreko urteetan antzeko lasterketak egin izan dituen, aurten, nobedade bezala, berak bakarrik egingo du lasterketa, “aurreneko bosten artean” sailkatzeko helburu nagusiarekin. 

Basaberen aburuz, lasterketaren gakoa ez da abiadura izango, ibilbidean ez galtzea eta penalizaziorik ez jasotzea baizik: “Zenbat eta kilometro gehiago egin ibilbidetik kanpo, orduan eta penalizazio gehiago jasoko duzu”.

Kontuan hartu beharra dago, “Rally Dakarraren antzera”, orientazioak berebiziko garrantzia duela ere mota honetako probetan.

Hau aiaraldearraren laugarren urtea izango da Marokon auto klasikoen rally batean parte hartuko duena. Lehenengo bietan Panda Raid taldean lastertu zen, ibilgailu mota bera erabilita.

Lehenengo partaidetzan “trebetasunik gabe” joan zela aitortzen du Bigarrenean, berriz, esperientzia gehiagorekin eta partaide talde batekin batera joan zen, haien artean laguntzeko asmoarekin.

Iaz, aldiz, probaz aldatu eta Desert Trophyan parte hartzea erabaki zuen, Panda Raida masifikatzen hasia zela ikusita: “Lasterketa hauek gero eta indar gehiago hartzen dute, kontzertuekin gertatzen den bezala; lehenengo edizioetan oso ondo dago, baina gero izena hartzen dute eta jada ez da berdina”.

Era berean, proba hauek “negozio bat” bihurtu direla kritikatzen du ere Basabek.

Dena den, aurtengo lasterketarekin “antzekoa” gertatuko dela susmatzen duela dio, probaren “familia zentzua” galduta. “Jende gehiegi dago, ezinezkoa da familia hain handia izatea; sorosleek ere ezin zu dituzte hainbeste pertsona lagundu”, gehitu du ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide