Hamalau txirrindularik osaturiko eskola mailako taldea egin du aurten Laudioko Txirrindularitza Elkarteak

Julen Solaun Martinez 2020ko urt. 31a, 13:00

Taldea Aiarabikeren babespean arituko da Arabako hainbat lasterketetan. Hiru txirrindularitza modalitatetan parte hartuko dute, errepideko bizikletan, ginkanan eta mendi bizikletan. Azken espezialitate hau eta ziklokrosa entrenatu ahal izateko zirkuitu baten sorrera ere eztabaidatzen ari dira, udalarekin batera.

Laudioko Txirrindularitza Elkarteko eskola kategoriako Aiarabike taldeak hamalau txirrindulari izango ditu 2020. denboraldian.

Eskola kirola izanik, Araban soilik egingo dituzte lasterketak, hiru modalitateetako probak tartekatuta: mendiko bizikleta, ginkana eta errepidekoa. Era berean, kategoriako bi lasterketa Laudion antolatzeko asmoa plazaratu dute.

Taldean arituko diren kirolariek, lasterketetatik aparte, bi aldiz entrenatu beharko dute astero kide guztiekin batera. Gauzak hala, Jose Angel Arza elkarteko kideak adierazi duenez, udalarekin ari dira hizketan, mendiko bizikleta eta ziklokrosean entrenatzeko baliagarria den zirkuitu bat sortzeko asmoarekin.

Ginkana, aldiz, Aldai plazan egiteko asmoa dute taldetik. Horrek herrian oinarri txirrindularitza bultzatzen lagundu dezakeela uste du Arzak: “Laudion milaka bizikleta eta zikloturista daude, baina eskola kategorian ez genuen ezer”.

Etorkizunari begira, iraganean izandako eskola, kadete eta gazte mailetako proiektu bilakatzeko nahia ere azaldu du kideak, baina “suabe-suabe eta poliki-poliki” egin beharko dutela eta “zaila” izango dela ere aitortu du.

Dena den, momentu honetan Aiaraldeko txirrindularitzaren egoera iraganean bezain txarra ez dela gehitu du Arzak, dagoeneko eskolako bi txirrindularitza talde baitaude eskualdean, Laudion bata eta Amurrion bestea.

Argazkiak: Laudio Txirrindulari Elkartea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide