"Hamasei obra idatzi ditut dagoeneko"

Julen Solaun Martinez 2020ko ots. 19a, 07:48

Josu Ortiz orkestra zuzendari lanetan. / J.O.

JOSU ORTIZ (Laudio, 1998) konposizioa eta zuzendaritza ikasten ari da Madrileko musika kontserbatorioan. Londreseko Royal College of Music kontserbatorioak datorren urterako hartu izan du baina, prezioa dela eta, ikasketak Madrilen jarraituko ditu eta masterra egitera joango da Londresera. Etorkizunari begira, filmetako soinu bandak egitea gustatuko litzaiokeela aitortzen du gazteak. Nahiz eta izatez laudioarra izan, Bilbon bizi izan da azken urteetan.

Nola eta erabaki zenuen konpositorea izatea?

Bost urte inguru nituela hasi nintzen musika ikasten. Laudioko Bandan ere jo izan dut, eta denborarekin musika asko gustatzen hasi zitzaidan. Gero, Bilboko kontserbatorioan sartu nintzen, eta bertan hasi nintzen konposatzen, bigarren edo hirugarren urtean. Hamasei obra idatzi ditut dagoeneko.

Orain, Madrilen ari naiz orkestra zuzendaritza ikasten, eta datorren urtean konposizioarekin ere sartuko naiz. Londreseko Royal College of Music kontserbatorioan datorren kurtsorako hautatu ninduten baina, azkenean, hemen geratzea erabaki dut, oso garestia baita bertan ikastea. Gainera, urte hau galduko nuke, eta beste lau urte eman beharko nituzke ikasten.

Orduan, Madrilen geratuko naiz; hemen ere zuzendaritza eta konposizioaren arteko gradu bikoitza egin dezaket, eta ezinezkoa da han hori egitea. Masterra Londresen egitea erabaki dut, zinemarako edota iragarkietarako musika egiten ikasteko.

Zer desberdintasun eta antzekotasun dago konposizioaren eta zuzendaritzaren artean?

Komunak diren irakasgai asko dituzten bi ikasketa dira: kontrapuntua, armonia, entzumenezko hezkuntza, analisia... Ia guztia da komuna.

Nola izaten ari da Laudion eta Bilbon ibiltzetik Madrilera ikastera eta bizitzera pasatzeko esperientzia?

Madrilen hemen baino askoz ere ekintza gehiago daude musikaren inguruan, antzerki gehiago, kontzertu gehiago, kaletik ikusi ahal duzu kultura. Espainian kultura eta musika ez daude oso ondo baloratuak, eta are gutxiago musika klasikoa. Kontzertu gehiago daude Londresen Espainia osoan baino.

 

“Errazagoa iruditzen zait film baterako, edo beste edonolako motibo bat duen zerbaiterako, konposatzea musika purua egitea baino”

 

Dagoeneko hamasei obra idatzi dituzula aipatu duzu. Nola da zerotik hastearen prozesu hori?

Nire lehenengo obra bandarako izan zen, jazzeko saxo solista bat izan zen. Ondoren, orkestrarako ere hasi nintzen idazten. Bilboko kontserbatorioan bi obra estreinatu izan ditut: The Himalayas Suite eta The Four Elements. Oso ondo geratu ziren azkenean.

Hori oso zorte handia izan zen. Konposizio ikasle bat izatea eta orkestra eta koro bat izatea zaila da, oso plantilla handia delako, eta ez dugu hori normalean gure eskura. Parte zailena hain plantilla handia batzea izan zen.

Obra idazteaz aparte, orkestra eta koroa zuzendu zenituen ere?

Pare bat obra, bai. Beste guztietan instrumentu bat jo behar izan dut. The Himalayas Suite, esaterako, orkestra baterako dago egina, baina bandarako konponketa bat egin nuen 2018an.

Nervión River Suite izeneko obra idazten ari zara momentu honetan...

Bai. Pasaden urtean lehenengo aldiz joan nintzen Nerbioaren jaiotza ikustera, eta oso polita iruditu zitzaidan ibaiaren inguruko suite bat egitea. Hiru mugimendu ditu: The Source: Waterfall and Canyon, Trading Route: Railway and Maritime eta The Town: Greater Bilbao. Lehenengo eta hirugarren mugimenduak guztiz idatzita ditut dagoeneko, eta orain bigarrena egiteko prozesuan ari naiz.

Zer desberdintasun dago mugimenduen artean?

Lehenengoaren helburua gogora ekartzea da. Bigarrena deskriptiboagoa da, ura du hizpide partituraren mugimenduaren bidez... Baina obra guztia ari da gai berberaren inguruan, nahiz eta, armoniari eta erritmoari dagokienez, etengabe dagoen aldatzen. Konpozisio bat era desberdin askotan entzun ahal daiteke, libreagoa izan daiteke, edo askoz ere apasionatuagoa.

 

“Masterra Londresen egitea erabaki dut, zinemarako musika ikasteko, edo iragarkietarako eta antzekoetarako”

 

Orduan, hirugarren mugimendua beste gauza bat dirudi, erabat aldatzen delako. Bilbo Handian sartzen da eta ezpata dantza eta euskal erritmoak daude. Partitura aurrean baduzu, edo musikari batek aztertzen badu, konturatuko da. Obraren kanta guztiak hirugarren mugimenduan fusionatzen dira, “Agur Jaunak”-ekin. Konposizioa hori da, ideia gutxi batzuekin obra bat garatzen jakitea. Konpositoreoi, hastean, ideia asko izatea baina nola garatu ez jakitea gertatzen zaigu.

Film labur baterako soinu banda egiten ari zara ere. Obra bat konposatzean zure ideiak paperean garatu behar dituzu. Baina film bateko musika konposatzean, irudiarekiko menpekotasuna duzu. Nolako prozesua da?

Errazagoa iruditzen zait film baterako, edo beste edonolako motibo bat duen zerbaiterako, konposatzea, musika purua egitea baino. Musika purua da musika bakarrik egitea, musika egiteaz haragoko beste helbururik gabe, musika musikagatik egitea. Errazagoa egiten zait film baten edo poema sinfoniko baten konposizio bat egitea, zer kontatu nahi dudan pentsatzen dudalako. Nire hamasei obretatik, adibidez, hiru edo lau dira bakarrik musika purua, beste guztiak deskriptiboak dira. Istorio bat izateak inspirazioa lortzera laguntzen zaitu.

Musika puruko hiru edo lau partitura dituzula esan berri duzu. Sortzeko era ere desberdina izan beharko dela imajinatzen dut.

Lehenengoa jazza izan zen. Pianoa jotzen nengoen, gustatzen ari zitzaidan eta idatzi behar nuela pentsatu nuen. Baina, bai, oso gauza desberdina da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide