“Ikasleei oro har, asko interesatzen zaie sexua, onerako eta txarrerako”

Aitor Aspuru Saez 2020ko ots. 10a, 07:00

Sexu heziketa tailerrak eskaintzen ditu Ane Agirrek Bizkaiko ikastetxeetan. / Aiaraldea.eus

ANE AGIRREk (Laudio, 1993) harreman sexu-afektiboei, aniztasunari eta feminismoari buruzko tailerrak eskaintzen ditu Bilboko ikastetxeetan, Urtxintxa Eskolaren eskutik eta Bilboko Udalarekin egindako hitzarmenari esker. 

Zertan egiten duzu lan?

Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan egiten dugu lan, baita Goi Zikloekin ere, edo irakasleekin.

Indarkeria matxista prebenitzeko programa, batez ere, DBHko ikasleei dago bideratua, baina ikasleen zikloaren arabera moldatzen dugu, dituzten gaitasun kognitiboen arabera.

Gainera, gaia landu gabe dagoenez, batzuetan lan arloan dauden estereotipoetan zentratzen gara, edo harreman sexu-afektiboetan... Zikloaren arabera. Modu horretan ere bermatzen dugu urterik urte trebakuntzarekin jarraitzea.

Zeintzuk dira eduki arruntenak?

Sexuari eta generoari, maitasun erromantikoari eta indarkeriari buruz aritzen gara. Hiru blokeak dira eta hiru saiotan jorratzen ditugu. Sexualitatea ere tratatzen dugu.

Nola egiten diozue aurre gazteen egungo egoerari esparru sexu-afektiboan?

Gauzak aldatu dira, argi eta garbi, eta jendeak informazio pilo dauka. Gazteek asko dakite eta batzuetan ezustean harrapatzen gaituzte eta ez dauka zentzurik zenbait gai azaltzeak, erabat barneratuta baitituzte.

Hala ere, estereotipo ugari dago eta horretan lanean jarraitzeko beharra dago. Enpatia izatea asko kostatzen zaigu eta baita gazteei ere; eurena kontatzen dute, baina ez dute entzuten albokoak adierazi behar duena. Horregatik, informazio ugari izan arren, enpatia falta horrek komunikazioa mozten du.

 

“Pornografia landuko dugula aipatzean, ikasleak aztoratu egiten dira”

 

Zer nolako jarrera dute umeek eta gazteek saioen aurrean?

Ikasleek, oro har, interes handia daukate, onerako eta txarrerako. Gaiak zipriztinduta daude, gizarteko parte bat diren neurrian, badakite gaia pil-pilean dagoela eta interesgarria da eurentzat. Orokorrean, eskertzen dute horretaz hitz egitea era aske batean, taburik gabe, naturaltasunez.

Pornografiaren fenomenoa lantzen duzue?

Bai, pil-pilean dagoen gaietako bat da. Sustraitik heldu behar zaion fenomenoa da. Ulertu behar da nola erabiltzen diren pornografia edota sare sozialak. Pornografiak, berez, ez du txarra izan behar, baina kontsumitzen den pornografia mota gehiena nahiko bortitza eta matxista da askotan.

Egun, gure hezkuntza sexuala ere bada, zoritxarrez. Gure desioari forma ematen dio eta horretaz kontziente izan behar gara. Berez, klaseetan aipatzen dugunean pornografia landuko dugula, lehenengo erantzuna aztoratzea da. Ez dute espero era zuzenean horri buruz mintzatuko garenik. Dena den, gero oso interesgarria da ikustea zer nolako gaitasuna duten horri buruz hausnartzeko eta detektatzeko zer dagoen gaizki eta zer ondo.

Googlen gai bilatuenetakoa da pornografia. Hortaz, ardura bat daukagu, garrantzitsua da guztiok ulertzea nola erabiltzen den eta kontzientzia apur bat izatea.

Horri buruz hitz egitea, tabu horretatik ateratzea eta gauzak identifikatzea garrantzitsua da: zer den eraso bat, txantxa bat eta sare sozialen bitartez dena korapilatzen da. Saiatzen gara kontzeptuak argitzen eta identifikatzen zer den eraso bat eta zer ez. Norberaren mugak eta besteenak ezagutzen laguntzen dugu.

Pertsona batzuek agian ez dute guztiz ulertzen harreman sexu-afektiboak sare sozialetara lotzea.

Bai, hori gertatzen da maiz, ez dutela lotura sumatzen, baina adibideak jarrita hobeto ulertzen da. Adibidez, zergatik daude sare sozialetan emakumezkoen titiburuak zentsuratuak eta gizonezkoenak ez? Guztion artean eztabaidatzen dugu eta apurka-apurka heltzen gara gure sinismenetara.

Zeintzuk dira tailer horien helburuak? Badirudi badagoela jendea ez duena ulertzen horrelako gaiak hezkuntza publikoan lantzearen garrantzia.

Helburu nagusia da norberak bere sexualitatea eta generoa garatzeko tresnak izatea. Horrez gain, indarkeria edo bazterketa pairatu dutenak babesteko saioak ere badira, oraindik ere kasu pilo dago.

Rolak oso barneraturik ditugu eta diskurtsoa eta teoria ezagutu arren, pribilegioei uko egitea oso zaila da, eta enpatiaz jokatzea eta bestea ulertzea. Zenbait jarrera errepikatzen ditugu "guay"-ak direlako eta ez gara kontziente.

Ume homosexual edo transexualen aurkako jarrerak ohikoak dira oraindik?

Bai, gertatzen dira. Espazio gehiago daukate mutil heterosexualek klasean hitza hartzerakoan, fisikoki, bortitzagoak dira, orokorrean, gehiago entzuten zaie neska batekin alderatuta... Hegemonia hori jazotzen da geletan eta ghettoak sortzeko kultura ere badago. Talde mistoetan sumatzen da nortzuk mintzatzen diren erraztasun gehiagoz.

Mutil heterosexualek askatasun gehiago daukate adierazteko, besteek baino. Gure lana da horretaz jabetzea, ikus dezaten batzuentzat bizitza errazagoa dela, besteentzat baino.

 

“Esaten dute astakeriak irakasten ditugula, baina akusazioek ez daukate inolako funtsik”

 

Feminismoari buruz hitz egiten duzuenean, zein da gazteen erantzuna?

Lanean hasi baino lehen ideia bat nuen, baina guztiz aldatu nuen. "Ghetto" batean bizi nintzenez, matxismoa urrun zegoen zerbait zela uste nuen, edo beste era batean ematen zela edo gaindituta genuela, baina ez da inondik inora horrela.

Feminismoaren kontrako erresistentzia handiak daude, eta harritzen nau. Leku orotan dago, Zara denda-katean eta guzti, eta hala ere badago feminismoa zer den ulertzen ez duena. Batzuentzat oraindik oso bortitza da. Beldurraren politiken garaipena da: jendeak, eskubideen bila, zenbait muga ez gainditzea eskatzen du, eremu ezezagunetan ez sartzeko. Ikasleek, nahiz eta diskurtsoaren zati batekin ados egon, oraindik uste dute feminismoa hitz handiegia dela.

"Guraso PIN" afera nola bizitzen ari zarete ikastetxeetan?

Eskoletan, orokorrean, inoiz ez dugu arazorik izan. Ikastetxe batzuetan erresistentzia gehiago daude, baina eskuin muturreko estrategia da; beldurra sustatzea. Esaten dute astakeriak irakasten ditugula, baina akusazioek ez daukate inolako fundamenturik. Ez da egia eta oso larria da. Guztioi eragiten digu, baina bereziki adingabeak kaltetzen ditu, euren eskubideak urratzeko estrategia baita.

Eraso zuzena da haur eta gazteek ez dezaten izan aukera askatasunean, aniztasunean eta errespetuan hezteko. Guk ez dugu ezer asmatu, jende orok dauka eskubidea bere sexualitatea eta identitatea modu askean hautatzeko.

Giro horrek larritasuna sortzen dit, eta gero geletan arazoak agertzen diren arren, lantzen eta konpontzen ditugu, horretarako baikaude.

Zein arazo mota?

Badago jendea ukatzen duena arrazismoa edo matxismoa existitzen direnik. Ez dituzte euren ohiturak aldatuko, ez dute enpatizatuko ezta hegemoniari uko egingo. Horrela sortzen dira talkak eta badaude oraindik ere bortizkeria jasan behar dutenak.

Berez, guk hiru saio ematen ditugu, baina gero bagoaz. Horregatik saiatzen gara tentuz jokatzen edo egoera ondo neurtzen, ez baitakigu sortutako giroa mantenduko den. Ematen ditugun tresnak errealitate horretara egokituta egon behar dira.

Batzuetan esku hartzeak ere egiten dituzue, ezta?

Bai, eraso zehatzak identifikatu eta salatzen direnean eta kanpoko laguntza nahi dutenean, deitzen digute. Agian irakasleak ez dira gai kudeatzeko edo positibotzat jotzen dute kanpoko norbait agertzea. Saiatzen gara alde guztiak entzuten, puzzlea osatzen eta gertatutakoaren aitorpena dagoela bermatzen.

Konplexua da. Erasotzailea eta erasoa jasotzen duena alde batetik, eta jende ugari inguruan. Hortaz, saiatzen gara espazio propioa sortzen eta taldera eramaten. Norberak bere burua kokatzeko eta kolektiboki ere egiteko. Bakoitzak bere rola zein izan den ikustea, eta estereotipoak zein gatazka lantzen ditugu.

Eskubideei buruz hitz egiten dugu eta indarkeria ere jorratzen dugu, horrelako kasuak gertatzen baitira gizartean. Batzuetan txantxa batekin hasten da dena eta gero eraso batean bukatzen da. Komunikazio enpatikoa errazten dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide