aiaraldea.eus

[IRITZIA] Umeen jokoak, joko erotikoak?

Erabiltzailearen aurpegia Diana Ibargutxi   Iritzia  Laudio
[IRITZIA] Umeen jokoak, joko erotikoak?
Argazkia: Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

"Jakin-mina sexuala" edo "umeen joko erotikoak" entzun eta, horrekiko azalpena sexu heziketa egiten dugunon partetik entzun ordez, debekua, salaketa eta mehatxua erabiltzen dute batzuek.

Dena den, ez diet erru osoa botako mugimendu ultraeskuindarrei, arazoa betikoa baita: eragile askok hartu dute parte sexualitatearen aurkako kanpaina honetan. Sexualitatearekin zerikusia daukan oro historikoki ez da aintzat hartu, begirada oso murritz batetik hartu delako.

Sexualitatea giza dimentsioa da, emakume eta gizon guztiek dugun ezaugarria, alegia, norberak bere burua adierazteko modua, bakarra eta errepikaezina dena.

Eredu heteronormatibo eta koitozentristek, familia eredu bakarrek, mito, estereotipo eta bestelako ezjakintasunek beldurra sortzen dute, eta beldurrak, aldi berean, errefusa sortzen du. Ezberdinaren beldur eta errefusa. Baina ez al gara, guztiok, ezberdinak? Jakina.

Erotika esaten dugunean, lotune, erakargarritasun, preferentziei buruz ari gara. Erotika hitzak jakin-min horren portaera edo jarrera dakar, jakin-min horren adierazpena, alegia, zuzena eta ikus daitekeena.

Umeek euren gorputzak eta besteenak begiratzen eta ukitzen dituzte, horrekiko jakin-mina daukatelako, antzekotasunak eta ezberdintasunak bilatu nahian. Denok egin dugu hori.

Helduon erotikak bestearekiko desira dakar bere baitan, baina umeen jakin-mina eta jokoak ezin ditugu helduon begiradatik ikusi. Helduon imajinariotik atera behar ditugu umeen kontuak.

Sexualitatea ez dira genitalak ezta genitalekin egiten ditugun gauzak, baizik eta nor garen. Hori deskubritzeko egiten da sexu heziketa.

Norbera ezagutu, onartu eta era positiboan adieraztea dira sexu heziketaren helburuak, besteen gorputzak, moduak eta bizipenak aniztasunetik ikusi, mugak eta garapen sexual osasuntsua eta abusuen prebentzioa sustatzen.

Horretarako umeen adinetara egokituta dauden metodologiak erabiltzen ditugu. Ezinbestekoa da sexu heziketa. Begira dezagun heziketa jasotzen dutenen ikuspuntutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa