“Edoskitzean ez laguntzea ere bada indarkeria matxista mota bat”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 14a, 07:00

Edoskitze taldeko kidea da Esti Garmendia Santamaria. / Aiaraldea.eus

ESTI GARMENDIA SANTAMARIA (Laudio, 1976) Laudioko Edoskitze Taldeko kidea da. duela bost urte sortu zen taldea, eta hilero biltzen dira Laudioko kultura etxean, emakumeen arteko elkar-laguntza sustatzeko. Erreflexu primitiboei buruzko hitzaldia egingo dute gaur, 18:00etan Laudioko Kultur Etxean.

Nolatan sortu zenuten edoskitze taldea?

Edoskitzean batzuetan zailtasunak agertzen dira. Erditze ondorengo momentuak oso bereziak dira, batzuetan zaila ere izan daiteke; ebakuntzen ondorioz, besteak beste.

Laudion ez zegoen egoera horiei aurre egiteko modurik, Bilbora joan behar izaten ginen. Ni erditu ostean ezin nintzen etxetik apenas mugitu. Horregatik, ama izan ondoren, trebakuntza jasotzen hasi nintzen: Bilboko Maya zentroan esnealdi aholkularitza ikasi nuen. Bertan Nuestro Regazo elkartea sortu zuten, eta bide beretik, Laudion taldea sortzea erabaki genuen. Horrela hasi ginen duela 5 urte.

Arazo pertsonaletatik abiatu zenuten proiektua. Zerk motibatu zaituzte jarraitzera?

Beste emakumeak laguntzeak. Guri gertatu zaiguna beste askori pasatzen zaie, eta horrek eman dit niri motibazioa. Minengatik oso erraza da edoskitzeari uztea, eta garrantzitsua da momentu horietan aldamenean norbait izatea. Hasieran ostiralero elkartzen ginen, baina gero hileko lehen larunbatean batzea erabaki genuen; zalantzak ez zirelako horrenbeste.

Bilerak irekiak dira: batzuetan emakume berdinak agertzen dira, babestuak sentitzen direlako. Beste batzuetan, kontsulta puntualak egiteko etortzen dira. Orain, hiru aholkulari gaude, eta telefono bidezko kontsulta edo arreta ere eskaintzen dugu; behar izanez gero, pertsona horren etxera ere joaten gara, boluntarioki.

 

“Edoskitzea emakumeona da, eta hori berreskuratu behar dugu”

 

Nolakoa izan da zure esperientzia?

Nik 5 urtez eman dut titia ama gisa, eta gainera edoskitzeari buruzko ikasketak egin ditut. Beraz, ama berriak baino adituagoa naiz. Osasun zentroetan mezuak argi dituzte, baina ez dakite nola lagundu. Nik ez diot inori esaten zer egin behar duen, beharrak entzuten ditut eta laguntzen saiatzen naiz.

Eskualdeko beste herrietan ere aritzen zarete, ezta?

Laudion ez ezik, Amurrion, Okondon eta Orozkon ere izan gara. Amurriora dagoeneko bost edo sei aldiz joan gara. Bistan denez, zabaltzen dagoen ekimena da, eta beharra dagoela azaleratzen du.

Zertan lagun dezake aholkularitzak edoskitzean?

Postura begiratzen, adibidez. Gu ama gara, baina formakuntza jaso dugu. Ez dakigu osasunaz askorik, baina emagin batzuk baino gehiago dakigu edoskitzeari buruzko ikastaroen ondorioz. Pediatrekin aurkitzean, euren trebakuntzetan edoskitzeari buruzko saio gutxi jaso izan dituztela esan digute, eta batik bat, esnearen konposaketari buruzkoak izan direla. Alegia, emakumeak titia ematen ez dituzte ikusi askok; euren iruditegian ez dute irudi hori. Ondorioz, ez dakite nola lagundu.

Niretzat, onena titia ematea da; hori da normalena gure artean. Bularra ez baliatzea erabakitzen baduzu (guztiz onargarria da hori ere) biberoiaren aukera duzu. Edoskitzea onena da ama eta haurrarentzat, baina zailtasunak agertzean ez dakigu nola lagundu. Horregatik sentitzen gara emakumeak bakarrik, eta frustrazioa zein errua agertzen dira. Fase horretan, emakumeen arteko laguntza garrantzitsua da, ez psikologikoki bakarrik, postura eta gomendio zuzenak jarraitzeko ere bai. Gu ez gaude osasun publikoaren funtzioa betetzen, edoskitzea emakumeona da, eta hori berreskuratu behar dugu.

 

“Nola tratatuko genuke gizon bat ebakuntza eduki berri eta haur jaioberria eskutan? Oso ezberdin, seguruenik”

 

Jendartean edoskitzearekiko pertzepzioa aldatu al da azken bost urteetan?

Ez, baina ia beti egoera antzekoak errepikatzen dira: zailtasunen aurrean laguntza ez jasotzea, familia eta mediku zein erizainen gomendio kontraesankorrekin topatzea, errua, mina... Nire ustez, hori ere indarkeria matxista da. Erditzearen osteko aldia guztion artean zaindu behar dugu, eta hori da guk eskaintzen duguna talde zein kontsulta pertsonaletan.

Edoskitzea amatasunarekiko irudiari oso lotuta dago. Emakumeak erietxetik ebakuntza egin berri batekin ateratzen gara batzuetan, haur jaio berria eskutan, eta 4-5 egunetan etxera goaz. Gure bizitzako aldirik neketsuenak biziko ditugu: lo gabeko gauak eta abar. Horrelakoetan ebakuntza ahazten dugu, ez gara inor, eta jendarteak ahaztu egiten gaitu.

Hori gizonezkoei ez zaie gertatzen. Nola tratatuko genuke gizon bat ebakuntza eduki berri eta haur jaioberria eskutan? Oso ezberdin, seguruenik. Emakumeei lotutako kontua denez, gizarteari ez zaio axola.

Zer nolako jarrerak identifikatu dituzue saioetan?

Jende ezezagunak askotan esaten digu kaletik gure umea gose dela... Horrenbeste mezu jasotzen ditugu, eta hain momentu berezia da guretzat; ezen taldean negarrez edota barrez bukatu baitugu! Zalantza asko ateratzen dira beti taldean: nola egiten duzu hau? Eta beste hori? Pediatrak haurra sehaskan uzteko esaten du, eta gu ez gara gai batzuetan...

Ama gisa erru asko hartzen dugu gure gain, horregatik ohartu ginen edoskitzeak espazio bat behar zuela, eta hazkuntza bilerak beharrezkoak zirela. Horregatik, gure asmoa hilero biltzen jarraitzea da. Familien artean oso ezaguna da dinamika, hilabeteko lehen larunbatean 11:00etan Laudioko Kultura Etxean elkartzen garela denek dakite; nahiz eta kontsulta presentzialak ere izan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide