“Medikuntza alternatiboari garrantzi handia ematen diote Perun”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 12a, 09:00
Perun dago Ainara Berrocal Bermejo laudioarra. / A.B.B.

AINARA BERROCAL BERMEJO (Laudio, 1992) Perun dago mediku egoiliar gisa lan egiten. Bertako bizimoduari buruz mintzatu da. 

Perun zabiltza orain. Zertan?

Gure lanean hilabete bateko kanpo errotazioa egiteko aukera ematen digute eta Perura etortzea erabaki genuen. Familia eta komunitateko mediku egoiliarra naiz eta beste egoiliar batekin batera, Miren Arrazolarekin, abentura honetan murgildu naiz. Egoiliar-truke programa baten bidez Huancayora bideratu gaituzte, polikliniko batean lan egiteko, eskualdeko lehen mailako arreta sistema ezagutzeko. Huancayo 3.259 metrora dagoen Junineko herrialdeko hiriburua da, Peruko erdialdeko mendi-katean aurkitzen dena. Aurretik ez genuen ezagutzen, ez baita Peruko gidetan agertzen den leku turistiko tipikoa, baina inguruneak liluratuta utzi gaitu, egia esan.

Zertan datza zure egunerokoa bertan?

Peruko osasun sistema ezagutzeko asmoarekin etorri garenez, errotazioa hainbat kontsultetatik eta osasun sistema ezberdinetatik egin dugu (gaixotasun kronikoen kontsulta, larrialdiak, pediatria, Oihan Zentraleko osasun sistema ezagutu dugu, medikuntza alternatiboa…). Esperientzia oso aberasgarria izan da alde horretatik eta hainbat profesionalekin harremana izateko aukera eman digu. Horrez gain, gure aisialdian Huancayoko inguruneak ezagutu ditugu: Huaytapallana mendia, Jauja, Huancaya, Oihan Zentraleko ur-jauziak…

Zer da Perutik gehien harritu zaituena?

Lanean mediku-paziente harremanean dagoen errespetua eta lankideen arteko formaltasunak harritu nau, baita pazienteek medikuengan jartzen duten konfiantzak ere. Gure osasun sistema publikoarekin alderatuta, medikuntza alternatiboari garrantzi handia ematen diote: akupuntura, fitoterapia, Tai Chi… Horrekin batera lan egiten dute, medikuntza zientifikoaren osagarri gisa, osasun zentroan bertan.

Lehen azaldu dudanez, Oihan Zentraleko osasun sistema eta bertako Nomatsigenga komunitatearen bizimodua ezagutzeko aukera izan dugu. Oso bizipen polita eta oparoa izan da: beraien bizimodua, beraiek egindako eta landutako janari eta edari tipikoak dastatzea, bertako hizkuntza ezagutzea, beraien musika eta dantza entzun eta ikustea...

Azken esperientzia hau gure bizimoduarekin alderatuta erabat ezberdina izan da (pentsaezina, zentzu batean ere) eta horrek harritu izan nau gehien.

Huancayo Peru osoan da ezaguna bertako festa giroagatik. Horren harira, oso ohikoa izaten da kalean musika edota dantza giroa aurkitzea. Gure herrian bezala, familian batzen dira ospatzeko, janaren inguruan. Gastronomiaren aldetik oso aberatsa den lekua da, batez ere cevicheagatik ezaguna.

Euskal Herriko jendearen antza daukatela esan daiteke: hasieran apur bat lotsatiak iruditu arren, oso jatorrak eta hurbilak dira eta hasieratik egin digute harrera beroa, gure etxean bezala eta beraien familiaren parte sentiaraziz.

Laster itzuliko zara Laudiora. Baduzu Perura itzultzeko asmorik?

Nahiz eta gertukoen hutsunea sentitu, bueltatzeak pena handia ematen dit, oso gustura egon bainaiz. Oraindik erresidentzia bukatu behar dut Euskal Herrian eta ezin izango naiz bueltatu, oporretan ez bada. Baina etorkizunean, batek daki!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide