Duela hamarkada bat hasi zenuen Physis Versus Nomos proiektua. Bakarkako lan moduan hasi zen, baina orain taldea osatu duzue. Zer nolako bilakaera izan du proiektuak? Taldea osatzea aurretik kontzienteki hartutako erabakia izan da edo bilakaera natural bat izan da?
Physis versus Nomos-en proiektuak 10 urte beteko ditu aurten. Lehen hiru diskoak Zartada eta ferekaren artean (2010), Ezin(2013) eta Saudade é fatal 2 (2016) bakarka pentsatuak eta lagunekin grabatuak izan ziren eta kontzertuak bakarrik jotzen nituen.
Hala ere lagunekin jotzeko gogoa banuenez Joska Natke baxujolearekin, Xalba Ramirez bateriajolearekin eta Eneko Sierra saxofoijolearekin kontzertu batzuetarako bandatxoa sortu genuen aspaldi. Eta azken diskoa den Arraro nioenean hau hasieratik taldean sortu eta grabatu dugu. Honetarako Joskaren ordez Unai Pelayo sartu zen, Joska Liherren disko berria prestatzen buru-belarri dabilelako, eta laurok astero entseatu dugu 2019. urtean.
Zer abantaila eta zer desanbantaila ditu taldean aritzeak?
Taldean lagunekin denbora pasatzea da abantaila, elkarrekin musika sortzeaz gozatzea. Desabantailak antolaketari dagozkionak dira, ensaiatzeko denak elkartu ahal izatea, gu eta gure gauza denak sartuko diren ibilgailuak lortzea, kontzertuetako antolatzaileentzat diru gehiago jarri behar izatea... Bakarrik jotzean antolaketa askoz errezagoa da eta gainera ez da "tempoa" hain ondo eraman behar.
Arraro nioenean lana aurkeztera zatozte Faktoriara. Zer topatuko du kontzertura bertaratzen denak? Diskoaren aurkezpen hutsa izango da edo zure ibilbidearen beste kantu batzuk ere entzun ahalko dira?
Diskoko kantuak, Physis-en klasikoak eta bertsio batzuk joko ditugu. Abesti intimistak eta dantzagarriak izango dira. Kontzertura hurbiltzen denak lagun talde bat ikusiko du musika jotzen.
Letrei edo musikari, zer erreparatu beharko lioke entzuleak gehiago larunbateko kontzertuan? Zergatik?
Nik musikari garrantzi gehiago ematen diot baina kantuak jotzen ditugunez letrek ere berebiziko garrantzia dute. Musika honek egunerokotasunaz hausnartzeko aukera eman diezaioke baten bati.
Zeintzuk dira zuen hurrengo geltokiak? Baduzue bestelako proiekturik esku artean?
Otsailean biratxoa dugu, Baionan hasi genuen otsailaren batean, 15ean Laudion, 16ean Larrabetzun izango gara, 22an Atarratzen eta 29an Orbaizetan. Aurrerago emango ditugu data gehiago. Kontzertu gehiago ematea, kamixetak ateratzea, jendearekin gozatzea eta ondo pasatzea da gure asmoa.