“Txakurrarekin garatzen den harremana bueltan jasotzen dugu txapelketetan”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 20a, 07:00

JOSEBA GARCIA URKIJO (Laudio, 1984) Bikejoring izeneko kirola praktikatzen du bere txakurrekin. Bosgarren postua erdietsi du Espainiako Kopan, eta Munduko Txapelketan lehiatzea du amets.

Betidanik ibili zara txirrindularitzan, baina nola amaitu duzu txakurkrosean?

Nik beti izan ditut txakurrak. Egun batean nire lagun batekin hitz egiten egon nintzen, Jose Felipe Larrazabalekin hain zuzen. Berak kirol horren modalitate bat praktikatzen zuen, eta orduan nire buruari galetu nion: “Zergatik ez dut etxeko txakurrekin probatzen?”.

Horrela hasi nintzen eta asko gustatu zitzaidan. Orain bizikleta modalitatean aritzen naiz eta oso gogoko dut.

Jende gehienak ez du txakurkrosa zer den jakingo. Zertan datza kirol hori?

Mushing-a praktikatzen dut nik, eta hainbat kategoria barnebiltzen ditu kirol horrek. Txakurkrosa horietako bat da, egiteko errazena.

Txakurrak zurekin batera egiten du korrika. Bikejoring modalitatean aritzen naiz ni, baina badaude beste batzuk: patinen gainekoa, car handietan txakur askorekin praktikatzen dena, elur gainekoa, lurrekoa...

Txakurraren erritmora joatean datza, beraz, kirol hau.

Hori da. Helburua beti da txakurra izatea zutaz tiratzen duena. Baina nire modalitatean azkartasuna lortzea da xede nagusia. Gauzak hala, txakurrarekin beti lotuta zoazen arren, beti ez dago tentsioa sokan. Egiten den esfortzuan oreka bilatu behar duzu beti.

 

"Bosgarren postuan goaz Espainiako Kopan, podiuma lehiatzetik oso gertu"

 

Nolakoa da txakurraren eta txirrindulariaren arteko harreman hori?

Txikitarik garatu behar duzu harremana txakurrarekin. Ordu asko ematen ditugu entrenatzen eta lanean. Beraiekin lan egitea eta korrika egitea dute gustuko. Eurak beti datoz niregana, ni banoa nigana datoz... harreman berezia garatzen da.

Lehiaketetan parte hartzen ari zarete.

Bosgarren postuan goaz Espainiako Kopan, podiuma lehiatzetik oso gertu. Proba bakarra geratzen da, Burgosen hemendik hilabete batera jokatuko dena.

Espainiako Kopan nago bertako sailkapeneko lehen bosten artean egon behar duzulako Europako eta Munduko Txapelketetara joateko. Munduko Txapelketa bat jokatzea da nire ametsa, hoberenekin lehiatzeko. Orain oso txakur ona daukat eta uste dut ondo egin ahalko genukeela.

 

"Koordinazioa da funtsezkoa nire modalitatean. 40 kilometroko abiaduran joan zaitezke, eta txakurra eskumara badoa eta zu ezkerrera kolpea izugarria izango da"

 

Nolakoak dira entrenamenduak?

Egunaren araberakoak. Pertsonek egiten dituzten ariketen tankerakoak egiten dituzte txakurrek: serie luzeak, motzak... baina niri entrenamendua baino garrantzitsuagoa iruditzen zait horren ostean dagoen oparia. Guk badugu jostailu bat. Aldapa gora doazen serie batzuk egin ditzakegu, adibidez; baina gero beti jolasten dugu. Modu horretan, txakurrak beti nahi du gehiago aritu.

Beste pertsona baten laguntza ere behar izaten dugu, biraketak nola egin irakasteko, adibidez. Eskumara edo ezkerrera nola joan irakatsi behar zaie.

Jose Felipe Larrazabalek motibatuta hasi zinen bikejoring-a praktikatzen. Eskualdean badago kirol hau praktikatzen duen beste pertsonarik?

Pixkanaka zabaltzen ari den kirola da hau. Nire modalitatean 50-60 pertsona aritzen gara Espainiako Kopan. 250 pertsona daude guztira, gehienak txakurkrosean, hori baita modalitate errazena, kakotxen artean, ez duzulako bizikleta edo patinik izan behar.

Zer da garrantzitsuena kirol hau praktikatzerako orduan?

Koordinazioa da funtsezkoa nire modalitatean. 40 kilometroko abiaduran joan zaitezke, eta txakurra eskumara badoa eta zu ezkerrera kolpea izugarria izango da. Txakurkrosean errazagoa da hori egitea, motelago zoazelako.

Txapelketak neguan egiten dira, hotza egin behar du. Txakurrek bestela ezin dute korrika egin. 16 gradu baino gehiago egiten badu ez dugu entrenatzen, paseo bat ematera mugatzen gara. Txakurrek ez dute izerdirik botatzen, eta mingaina baliatu behar dute tenperatura erregulatzeko.

Elikadura ere garrantzitsua da. Guk braf izeneko elikadura ematen diegu. Gordinik dagoen janaria da, oso aspaldikoa. Pentsuak ekiditen saiatzen gara.

Guztia da garrantzitsua. Entrenamenduari garrantzia ematen diot, baina ez horrenbeste. Txakurrarekin garatzen duzun harremana bueltan jasotzen duzu txapelketetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide