"1998ko Frantziako Tourrak txirrindularitzarekiko ilusioa kendu zidan"

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 15a, 15:29
Baneston eta Euskaltelen egon da Cesar Solaun. / Aiaraldea.eus

CESAR SOLAUN (Laudio, 1970) Euskadi Fundazioan, Baneston eta Euskatel Euskadin izan zen txirrindulari profesionala 1994-2002 urteen artean. Hiru itzuli handiak egin eta bukatu ditu, eta lau garaipen lortu zituen. Gaur egun Luiaondon bizi da eta, nahiz eta txirrindularitza profesionaletik kanpo egon, bizikletan ibiltzen jarraitzen du astero.

Bederatzi urtez izan zinen txirrindulari profesionala. Nolakoa izan zen kiroletik kanpoko bizitzara moldatzea?

Badago jendea pentsatzen duena kirol-ibilbidea inoiz ez dela amaituko, baina nik banekien lehenago edo beranduago helduko zela unea.

Egia da ez nuela espero urte horretan (2002an) erretiratzea, txirrindularitza oneko urteak oraindik geratzen zitzaizkidala uste dut.

Kirol krudela da, ez du barkatzen. Edozergatik arazoren bat badaukazu ez daude talde asko, eta nahiz eta Portugaleko eskaintza bat izan nuen, ez zen ni konbentzitzeko bezain interesgarria izan. Gauzak hala, nuen adina ikusita, uztea erabaki nuen.

Pertsona guztien ohiko bizitza honetara ondo moldatu naizela uste dut. Txirrindulariak pertsona umilak eta langileak gara, eta kirol bizitza eta gero ondo moldatzen garela uste dut.

Nolakoa izan zen 25 edo 30 ordu astean entrenatzetik, kirola egiteko inolako beharra ez izatera pasatzea?

Hasieran lasaigarria da. Kirolari profesionala zarenean, eta batez ere beteranoa zarenean, kosta egiten da entrenatzera irtetea.

Ez bizikletan ibiltzera, entrenatzera baizik. Serieak egitea, elikadura jakina eramatea, zaintzea, errendimenduaren presioa, ez baitakizu ondo egiten ari zaren edo txarto...

Entrenatu behar ez duzula jakitean, lasaigarria da. Gero, faltan botatzen duzu ere, baina nik beti jarraitu dut kirola egiten.

Jarraitzen dut bizikletan ibiltzen, korrika egiten, gimnasiora joaten eta mendian ibiltzen. Jarduera fisikoa egiten dut, gustatzen zait eta behar dut.

Zenbat alditan ateratzen zara bizikletan astean?

Normalean, larunbatean irteten naiz bizikletarekin, eta hiru eta bost ordu artean egin ohi ditut. Kilometro dezente egiten ditut txirrindulari talde batekin batera.

Gero, astean bizikletarako beste egun bat edo bi ateratzen baditut aprobetxatzen saiatzen naiz, eta beste egun bat edo bitan igerilekura ere joaten naiz.

Lau garaipen lortu zenituen eta hiru itzuli handietan egon zinen. Zer balorazio egingo zenuke zure kirol ibilbidearen inguruan?

Begiratzen dudanaren araberakoa da hori. Zorionekoa naiz hiru itzuli handiak lastertu ahal izan ditudalako, eta garaiko nazioarteko egutegi garrantzitsuenean lastertu ahal izan dudalako, baita profesionaletako lasterketaren bat irabazi ere.

Ez du mundu guztiak lortzen, irabaztea oso zaila da. Baina, beste batzuetan, palmares hobea izan ahalko nukeela pentsatzen dut, edo hobeto egin nezakeela. Hori denoi gertatzen zaigula uste dut, kirol profesionala bertan behera uztean.

Pertsonalki, zeintzuk izan dira zure kirol bizitzako momentu onenak? Eta etsigarrienak?

Ilusio gehien egin zidatenak, profesionaletarako pausua, profesionaletan irabazi nuen lehenengo lasterketa -Asturiaseko Itzulian- eta Frantziako Tourrean parte hartzea, nahiz eta kolpea ere izan zen.

Frantziako taldeetako podiumera ere igo nintzen. Horiek izan dira une onenak. Etsigarrienak, aldiz, Espainiako Txapelketa, 98ko Tourrean egoera horretan erretiratzea eta hanketan txirrindularitza izanda erretiratu nintzela jakitea. 

Profesionala izan eta gero, urte batzuk eman zenituen txirrindularitzatik kanpo. 2011n Seguros Bilbao afizionatu taldera joan zinen zuzendari bezala. Nolakoa da profesionaltasunetik maila txikiagoko txirrindularitzara pasatzea?

Ilusioarekin egin nuen. Amateur garaiko oroitzapen oso onak nituen, oso kategoria polita da. Nik zuzendari moduan aukeratu beharko banu, talde amateur bat hautatuko nuke talde profesional baten gainetik.

Amateur kategorian txirrindulariak ezagutzera ematen hasten dira, txirrindulariak izaten hasten dira.

Gazte kategoriatik txirrindularitzaren inguruko jakituria askorik gabe etortzen dira, eta amateurren ofizioa ikasten dute.

Gainera, salto hori ematea lortzen badute, eta txirrindulari profesional onak izatea lortzen badute, ilusioa sortzen dizu.

Telebista piztean, Seguros Bilbaotik ni zuzendaria izanda pasa diren txirrindulariak ikusten ditut, eta ilusio handia ematen dit, egia esan.

Bueltatzeko asmorik duzu?

Ez, printzipioz ez. Gogoko nuke, lanarekin eta familiarekin uztartu ahalko banu; denbora asko inbertitu beharko ez banu, baliteke baietz.

Talderen bat laguntzea edo, hori egin ahalko nuke. Hala ere, gaur egun, Seguros Bilbao bezalako talde amateur serio batek denbora eta dedikazio asko eskatzen du. Horretarako, konprometitu behar zara.

 

"Euskadi Fundazioa 'World Tour' mailan balego Euskaltelen gertatu zen berdina gertatuko litzateke, ez da denboran jasangarria"

 

Txirrindularitzako inflexio puntua, 1998ko Frantziako Tourra, lehenengo pertsonan bizi izan zenuen. Nolakoa izan zen zuretzat?

Nire kirol ibilbidea dezente markatu zuen horrek. Urte horretara arte, txirrindulari profesionala izateko ilusio handia izan nuen beti, Frantziako Tourrera heltzeko.

Psikologikoki gero eta ilusio gehiago nuen, eta nire helburuak betetzen ari zirela ikusten nuen. Frantziako Tour hartara ere ilusio handiarekin joan nintzen, Banesto bezalako talde handi batekin. Jendeak txirrindulariak ia heroiak bagina bezala ikusten gintuzten.

Ondo ibiltzen ari nintzen gainera, Tour ona egiten ari nintzen, baina gertatu zena gertatu zen. Mundu osoak txirrindulariari buruz zuen ikuspegia aldatu zen. Eta nik ilusioa galdu nuen hein batean. Ez dakit desengainatu egin nintzen, edo kolpea oso gogorra izan zen.

Zure helburua bete duzula ikusten duzu, baina dena doa pikutara, txirrindularien irudi negargarri batekin batera. Munduko txirrindularitza lasterketa onenean geunden, eta mundu osoagatik txarto tratatuak sentitu ginen, prentsatik poliziara.

Ez publikoagatik, baina irudia asko aldatu zen. Bizikletan ibiltzeko ilusio pixka bat kendu zidan Tour hark.

Zure hurrengo Tourra, eta egin zenuen azkena, ondorengo urtekoa izan zen, 1999koa. Lance Armstrongen lehenengoa, alegia. Nahiz eta txirrindularitzaren ilusioa berreskuratu zuen urte batzuetan zehar, kirolarentzat kolpe bat bilakatu da ondoren. Nolakoa izan zen?

1999ko Frantziako Tourra baino lehen, Armstrongekin batera egon nintzen Rout du Souden, eta ahozabal utzi gintuen.

Tourreko Pirinioetako etapa erreginaren berdina zen etapa bat egin genuen, Plateau de Beillen amaitzen zena, eta nahi izan zuen moduan irabazi zuen. Lasterketan ari ginenok bagenekien nola zetorren, eta lehenengo Tourra irabazteak ez gintuen harritu.

Edonola ere, hurrengo Tourrak horrelako autoritatearekin irabaztea, hain erraz... Miguel (Indurain) gainditzean jendea susmatzen hasi zen.

Bestalde, Tour hori ondo egin nuen. Ilusioarekin. Zulle genuen taldean eta bigarren sailkatu zen. Taldeka ere irabazi genuen.

Pozik bukatu nuen. Armstrongen harira, horrelako nagusitasuna ikusteak, arerioak kikiltzen zituen. Beti izan da kirolari handi bat... Dopina erabili du, pixka bat mafiosoa zen programa bat ere bazuen. Nik filmetik dakit, eta elkarrizketetan esan duenarengatik. Besteekiko abantaila handia zuen zentzu horretan.

Pena ematen dit txirrindularitzak galdu izan duen sinesgarritasunagatik. Niri, txirrindularitza, txirrindularia nintzenean gustatzen zitzaidan, eta gaur egun gogoko dut oraindik.

Pena ematen dit jendeak txirrindularitzan sinesteari utzi izana. Nik txirrindularitza lasterketa bat ikusten dudanean, eta txirrindulari bat irabazten ikusten dudanean, lehenengoa animatzea dut gustuko, egin duena baloratzea. Baina pena ematen dit Tour gehien irabazi dituen txirrindularia gezur bat izateak.

Pasa den hamarkadako itzuli handietako bi txirrindulari onenek, Contadorrek eta Froomek, positiboa eman dute. Ba al dago kirolean sinesteko arrazoirik?

Baietz uste dut. Guzti hau gertatu baino lehen txirrindularitzak beti izan du sinesgarritasuna, eta beti egon dira dopin kasuak.

Egiatan, txapeldun handi askok positiboa eman dute. Ezin dugu eskatu txirrindularitza gizartearen barruko burbuila bat izatea. Gizartean tranpak egiten dituen jendea badago, txirrindularitzan ere bai.

Arau batzuk jartzen badituzu, maila altuan dagoen jendea muga hori ukitzen saiatuko da. Errepidean berrogeita hamarreko gehienezko abiadura jartzen badu, inor ez doa hogeita hamarrera. Berrogeita hamarrera doaz eta, ahal izatekotan, berrogeita hamabostera. Kirola antzekoa da. Badaude gehiago aprobetxatzen direnak, bitarteko gehiago dituztelako, medikuen laguntzarekin... eta harrapatzen dituzte.

Txirrindularitzak sinesgarritasuna galtzen badu, edozerk galdu beharko luke, edozein kirolek eta gizartearen edozein partek, toki guztietan baitaude tranpak egiten dituzten pertsonak.

Gizartearen eta gizakiaren parte bat dela uste dut. Dopinaren kontrako kontrolak zehatzak izatea lortu behar da.

Gaur egun, txirrindulariak oso kontrolatuak daude, baina horrek ez du dopina guztiz galaraziko. Dopinak existitzen jarraituko du, orain eta beti. Baina, kontrolak zenbat eta hobeak izan, tranpati gutxiago egongo da eta errazagoa izango da harrapatzea.

 

“Zure helburua bete duzula ikusten duzu, baina dena doa pikutara, txirrindularien irudi negargarri batekin batera”

 

Euskadi Fundazioan hasi zinen profesional gisa, eta Euskaltelen bukatu zenuen. Nola ikusten duzu Euskadi Fundazio berria?

Euskadi Fundazioa bezalako euskal talde bat, eta lehenago Murias egon izan denean ere, kategoria idealean dagoela uste dut.

Harrobia landu nahi duen eta euskal txirrindulariak oinarri izan nahi dituen talde batentzat esaten dut. Espainiako Itzulian lehiatu ahal izatea ideala izango litzateke, eta urteren batean, Frantziako Tourrak hutsunea izatekotan, hara joatea, edo kinieletan egotea behintzat.

Euskaltel bezalako "World Tour" taldea? Arriskutsua ikusten dut. Oso polita da, munduko lasterketa hoberenak egingo dituzulako, hiru itzuli handiak ziurtatzen dituzulako, baina hain aurrekontu handia behar du, ezen ez dela lurraldeko talde batentzako onargarria.

Euskaltelen gertatu zen berdina gertatuko litzateke, ez dela denboran jasangarria. Baina oraingoa bezalako talde bat, Kontinental Profesionala, txirrindulariak ondo izanik, eta txirrindulari handi bat izatekotan joango zaizula jakinda, bai.

Txirrindulari handi bat joango zaizu eta beste bat hartuko duzu amateur kategoriatik. Hori izan beharko litzateke funtzioa. Amateurretik profesionaletara igotako euskal txirrindulariekin, pazientziaz, lau edo bost urtetan talde lehiakor bat egiten duzula uste dut. Konbentzituta nago Euskadin, Euskaldun eta Lehendakari txapelketekin, txirrindulari onak ateratzen direla.

20 urteko txirrindulariak daude modan orain, oso gaztetik nabarmentzen direnak. Baina hau beste txirrindularitza mota bat da, eta pazientzia izan behar dugu txirrindulariekin.

Orain profesionaletan dauden euskal txirrindulari onenak, pixkanaka joan dira hobetzen maila horretan. Hogei urtetik gora dituztenean haien errendimendu hoberena lortzen dute. Hori da hemen bilatu behar den txirrindulari mota.

Hori komentatu behar nizun. Amateur kategorian gailentzeko zailtasun gehiago izan ohi dituzte hemengo txirrindulariek, nazioarteko txirrindulariek baino.

Bai, nik hori uste dut. Salbuespenak ere egon dira. Freire, esaterako, nahiko goiztiarra izan zen, Contador ere bai.

Nire garaian eta zuzendari izan naizenean ikusi dudanagatik, hemengo txirrindularia astiroago doa. Pentsatu beharra dago hemen kadete eta gazteetan probintzia mailan aritzen zarela, lasterketa laburrak gertuko jendearekin.

Atzerrian, aldiz, berdin zait hego amerikarrak edo europarrak izan, gazte kategoriatik hasita nazioarteko lasterketak egiten dituzte, amateur kategoriaren antza handiagoa dute. Aurreratuagoak doaz. Ez dakit genetikak zerikusik duen ala ez.

Progresioa aurreratzen dute. Hemen atzeratuago doaz, eta denborarekin hurbiltzen dira atzerriko txirrindularietara.

Baneston ere egon zinen, gaur egungo Movistarren. Aurten, Landa, Quintana eta Carapaz gabe, trantsizio urte batean daudela dirudi.

Bai, inflexio puntu batean daudela uste dut. Eusebiok Solerri eta Masi eman die taldearen ardura. Valverde ere badute, irakaslearen lana egin ahalko duena.

Egunen batean behera egingo du, ez da betirako izango, baina Mas eta Soler izan behar dira aurrerapausoa eman behar dutenak. Ez da erraza Quintanak eta Landak egin ahal dezaketena egitea, atzetik datorren konpetentzia ikusita batez ere: Pogacar, Evenepoel, Van der Poel...

Zaila da, baina kalitatea dutela erakutsi dute dagoeneko. Agian, itzuli handietan erregulartasuna behar dute oraindik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide