Montai enpresarekin sinatutako kontratuak "erabat legalak" dira, Laudioko Udalak azaldu duenez

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 13a, 17:29

Montai enpresaren karpa baten muntaketa Aldai plazan. / EH Bildu

Laudioko Udalak zazpi kontratu esleitu dizkio sei hilabete eskasetan EAJko kide batena den enpresa horri, 36.855,39 euroko kostua izan du guztira. Eldiario.es hedabideak plazaratu ditu datuak. Hartutako erabakiak defendatu ditu udalak, “guztiz legalak” direla eta beste enpresa batzuk ere kontratatu direla argudiatuta. Horri lotuta, hainbat urterako lizitazioa aterako dutela iragarri du Ander Añibarro alkateak.

Zeresana sortu du Eldiario.es-ek atzo argitaratutako  artikukuak. Montai enpresa taldearen kontratuei buruzko edukiak plazaratzen hasi zen hedabide hori duela zenbait hilabete, Euskal Herriko hainbat herrietako kasuak ikertuta, eta Laudion jarri du fokua orain.

Aitor Elorza jeltzalearen taldea da Montai. Ekitaldien muntai eta antolakuntzara bideratuta dago, eta hainbat enpresa barnebiltzen ditu: Montai Produkzioak, Estali La Karpa, Denok Zuzeneko Komunikazioa eta Kultur Kirol Zerbitzuak.

Eldiario.es-ek plazaratutako datuen arabera, enpresa horrek zazpi kontratu jaso ditu Laudioko Udalaren partetik EAJ gobernura iritsi zenetik, hau da, urte erdian. Kontratazio horien bidez 36.855,39 euro jaso ditu Montaik guztira. Estali La Karpa enpresak  5.445 euro jaso zituen Aldai plazan zegoen karpa kentzeagatik. Talde bereko Denok enpresak, aldiz, 7.713,75 euro eskuratu zituen tokiko erakundearen partetik, 15x30 metroko zabalera zuen lona bat jartzeagatik. Aretako jaietako karpa jartzeaz ere arduratu zen Montai, 3.085,50 euroren truke. Amaitzeko, beste bi kontratu esleitu zizkion tokiko erakundeak enpresari, 2.640,22 eta 1.756,92  eurokoak, hain zuzen.

Baina kontrataziorik “deigarriena” irailean jazo zen, Eldiario.es-en arabera. Faktura bat “bitan” zatitu zen, Eldiario.es-en hitzetan. Montaik 9.861,50  euro jaso zituen eta Estali La Karpak, aldiz, 6.382,50. Modu horretan ez da kontratu zuzenetan dagoen 15.000 euroko muga gainditzen, hedabideak azaldu duenez.

Eldiario.es-ek Laudioko EH Bilduk udalari eskatutako informazio bat baliatu du artikulua osatzeko. EH Bildu gobernuan egon zen azken lau urteetan Montaik ez zuen inolako kontrataziorik lortu.

Oposizioko alderdien erreakzioak berehalakoak izan dira. Omnia eta EH Bilduk sare sozialen bidez zabaldu dute artikulua, udal gobernuari azalpenak eskatzearekin batera.

Udalaren erantzuna
Laudioko Udal Gobernuak premiazko prentsaurrekoa deitu du gaur eguerdian gaiari buruz hitz egiteko. Ander Añibarrok hartu du hitza bertan. Montairi eginiko kontratazioak “erabat legalak” direla ziurtatu du alkateak: “Legala da, badakite legala dela eta hori da izorratzen diena”.

Gertatutakoa azaldu du gobernuburuak: “Udal gobernuan sartu eta hiru egunera jakinarazi zigun San Joan Astobitzako jaien karpa muntatuko zuen enpresak ezingo zuela lan hori egin. Jai batzordeak helarazi zigun estalkirik izan ezean ezingo zituztela festak aurrera eraman. Gauzak horrela, enpresa andana deitu genituen zerbitzua bermatu ahal izateko, eta Montai izan zen horretarako prest agertu zen bakarra. Hor hasi ginen enpresa horrekin lanean”. Era berean, Aldai plazako karpa kendu izana defendatu du alkateak, “ez zituelako segurtasun irizpideak betetzen”.

Abuztuko jaiei dagokionez, Añibarrok nabarmendu du aurreko udal gobernuak ez zituela beharrezko azpiegiturak lotu, “ez zegoen ezer itxita, ezta musika taldeak ere”. Alkateak gaineratu du ez dela egia Montairekin soilik egin dutela lan. Berak argitutakoaren arabera, Laudioko jaietan enpresa prezio merkeenaren arabera hautatzen zuten. “Beste enpresa batzuk ere kontratatu ditugu: Ederlan, Carpas Ibarra, Etxekit... Eta guzti horiei esleitu zaien diru kopurua Montairena baino handiagoa da”.

Lizitazioa aterako dute
Hala ere, Añibarrok aitortu du kasu batzuetan ez dela “administratiboki jokatzeko bide zuzenena” hartu. “Egokiena hainbat urtetako lizitazio bat ateratzea izango litzateke, baina ez da egin denbora gainean geneukalako eta ahalik eta modu azkarren eta eraginkorrenean aritu behar izan dugulako”. Dena dela, alkateak iragarri du hori egiteko asmoa dutela. “Hilabeteak daramatzagu lanean kontratu hori martxan jartzeko, eta datorren ostiraleko Tokiko Gobernu Batzordera eramango dugu, lizitazioa abiatu ahal izateko”.

Era berean, gogor jo du EH Bilduren aurka, “harria bota eta eskua ezkutatzea” egotzita. “Hornitzaileak aztertzen direnean ez du balio interesatzen zaizkigunei soilik begiratzea. Azken zortzi urteetan kontratu asko egin dira, eta batzuk 4.000 euro jasotzetik 96.000 euro jasotzera pasa dira, adibidez”, adierazi du Añibarrok, eta nabarmendu du ez duela “hornitzaileen gerra” batean sartu nahi, “batzuk galtzen aterako lirateke eta”. “Oposizioko taldeek aukera izan dute udal teknikariekin hitz egiteko, eta ez diegu hori egiteko aukera inoiz ukatuko, beste garai batzuetan teknikariekin hitz egiteagatik azalpenak eskatzen zizkiguten arren”.

Aurreko legealdietan egoera berdina zela nabarmendu du Añibarrok: “20 baino gehiago dira iraungita dauden urte bat baino gehiagoko kontratuak, batzuk 2016tik daramate iraungita”. Gauzak hala, udalean “antolakuntza defizita” dagoela uste du alkateak, eta gaineratu du arazo hori konpontzeko asmoa dutela. “Gauzak modu egokian egiteko etorri gara hona. Kudeatzera etorri gara udal gobernura, eta badirudi norbaiti horrek izorratu diola. Guk kudeatzen jarraituko dugu, modu garden eta egokian”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide