Josu Apraiz eta Edu Frutos laudioarrek bigarren eta hirugarren postua lortu zuten, hurrenez-hurren, igandean Ortuellan egin zen Master kategoriako Euskadiko kros txapelketan, 40-44 urte bitarteko eta 50 urtetik gorako kategorietan, hurrenez hurren.
Lasterketa 5,8 kilometroko zirkuitu lehor eta azkarrean egin zuten eta haize bortitza izan zuten etsai partaideek.
Apraizek, haizea zela medio, “indarrak pixka bat gordetzeko” asmoarekin hasi zuen lasterketa. Beraz, gainontzeko partaideak pixkanaka gainditzea izan zuen helburu azkeneko bueltara arte. Azkenean, bosgarren sailkatu zen klasifikazio orokorrean, eta bigarren bere adineko kategorian.
Frutos, aldiz, nahiz eta lokatzadun zirkuitu motelak nahiago dituela aitortu, pozik agertu da lortutako emaitzarekin, kroseko Euskadiko txapelketetan lortu duen lehen domina baita. Dena den, ez du Jerezen egingo diren Espainiako txapelketetan parte hartzeko asmorik, “urrunegi” baitaude.
Bestalde, aurreko astean lehiatu zen 23 urtez azpiko Euskadiko txapelketan Besaide Astobiza orozkoarra eta bigarren postua lortu zuen. Espainiako txapelketan Euskadiko selekzioarekin parte hartzeko aurkera emango lioke horrek, baina uko egingo du martxoan Huelvan egingo den Europako duatloi txapelketa prestatzeko.
Lasterketa berean Ane Aldaiturriaga laudioarra zazpigarren sailkatu zen eta herri bereko Naia Lasok bosgarren postua lortu zuen gazte kategorian.