Latiorron dauden baratzak kentzea agindu die udalak bertako erabiltzaileei

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 27a, 11:04

Bizilagunek azaldu dutenez, 50 urte inguru daramate ortuek bertan. Udalak, bere aldetik, adierazi du “legez kanpoko okupazioa” dela, eta gaineratu du 2014. urtean esan zitzaiela erabiltzaileei bertatik joan behar zirela.

Latiorroko Ikastetxearen parean dauden baratzak kentzea eskatu die udalak ortu horiek erabiltzen dituzten bizilagunei. Martxoaren 15era arte eman die hori egiteko epea.

“Martxoko hurrengo astean ikuskapen-bisita egingo da. Agindutakoa bete ez dutenek espazioa utzi beharko dute nahitaez, eta udalak egingo du garbiketa, subsidiarioki”, azaldu du tokiko erakundeak ortuen sarreretan jarritako bandoan.

Hala ere, udalak jakinarazi du egun batzuk gehiago emango dizkiela bizilagunei “etxolak bezalako tresna eta elementuak” kentzeko eta, modu horretan, jada landatu diren produktuak babestu eta ez hondatzeko, betiere auzokideek “gune horien okupazioarekin amaitzeko konpromisoa” hartzen badute.

Udalak azaldu du legez kanpoko okupazioa dela Latiorrokoa, “arautu gabekoa”. Tokiko erakundeak azaldu duenez, 2014. urtean eskatu zitzaien bizilagunei tresna guztiak kentzeko, “baina ez zuten halakorik egin”.

Bizilagunetako batzuek, aldiz, Aiaraldea hedabideari adierazi diote ortuek 50 urte inguru daramatela bertan, eta ez diotela inori kalterik egiten.  

Lekualdatzeko aukera
Udal gobernuak nabarmendu du aukera emango diela erabiltzaileei Isasin dauden baratze publikoetara lekualdatzeko. “Horretarako, nahi duten herritarrek izena eman beharko dute udaletxean, modu ofizialean eskatzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide