Guardianek bere automobilen negozioa saldu dio Parter Capital Group AG inbertsio talde suitzarrari. Atzo sinatu zuten akordioa, eta gaur jakinarazi diete sindikatuei.
Energia kontratazioari lotutako kontu administratibo batzuk bideratzea baino ez omen da falta salmenta prozesua amaitzeko, iturri sindikalek azaldu dutenez.
Prozesu horrek Laudioko automobil lineari, Valentziako lantegiari eta Karlsruheko (Alemaniako) biltegiari eragingo lieke.
Iturri berdinen arabera, gaur izandako bileran zuzendaritzak esan du automobilen negozioak Guardianen lehentasuna izateari utzi diola. Era berean, Guardianeko buruek nabarmendu omen dute Parter Capital Group ez dela inbertsio talde hutsa, “enpresak erosi, egunean jarri eta berriz saldu” egiten baititu.
Gauzak hala, zuzendaritzak langileei ziurtatu omen die inbertsio enpresak ez duela langile kopurua txikituko, kostuak beste modu batzuetan murriztuko dituztelako eta marketinean, salmentetan eta berrikuntza eta garapenean zentratuko direlako.
Antza, inbertsio taldeak elkarlanean aritu nahi du enpresa batzordearekin. Talde berak Avilesen eta A Coruñan dauden Alcoaren lantegiak ere erosi zituen 2019ko uztailean.