20 lanpostuko eskaintza publikoa egingo du udalak aurten

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 28a, 17:00

Udal langileak artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Tokiko erakundeak nabarmendu du “80. hamarkadatik egiten den lan eskaintza publiko handiena” izango dela.

20 pertsona berri kontratatuko ditu Laudioko Udalak aurten, lan eskaintza publiko baten bidez. Tokiko erakundeak azpimarratu du “80. hamarkadatik egiten den lan eskaintza publiko handiena” izango dela eta bi helburu nagusiri erantzungo diela: “udal-langileak finkatzea  eta ematen diren zerbitzuetarako langileria publiko egokia garatzea”.

Aurtengo legealdiko lehen eskaintza publikoa izango dela azaldu du Ander Añibarrok, “egonkortasuna emateko eta kalitatezko enplegu publikoa eskaintzeko helburuarekin”.

Gauzak hala, alkateak jakinarazi du eskaintzak “izaera zabalgarria” izango duela; hau da, lanpostu kopurua handitu ahal izango dela, “deialdi ofizialaren ondoren sor daitezkeen beharren arabera”.

Hainbat eskalako lanpostuak
Udalak aurreratu duenez, “hainbat eskalako lanpostuak” barnebilduko ditu eskaintza publikoak: “Hala nola Ogasun, Hirigintza eta Ingurumen, Ekonomiaren Garapen eta Kultura, Kirola eta Jaietako arloetako arduradunak, besteak beste, Adikzioen arloko teknikariak edo sortu berri den kontratazio-teknikariaren lanpostua”.

Horrez gain, administrazioan arituko diren bost langile eta peoi espezialista funtzioa beteko duten beste lau kontratatuko dituzte, “Obra eta Zerbitzuetako Brigadako langileak, garbiketako langileak edo udaltzainak indartzeko, besteak beste”.

Azterketak, aurten
Udalaren aurreikuspenen arabera, hemendik bi astera plazaratuko dute deialdi ofiziala. Orduan jakinaraziko dituzte oinarriak eta lehen azterketak burutzeari ekingo diote; "Dena ondo badoa, lehenengo azterketak urteko hirugarren hiruhilekoan egingo dira, eta teknikoagoak diren lanpostuak betetzen hasi nahiko genuke. Oinarrien lehen zirriborro bat landu dugu jada, eta sindikatuekin partekatuko dugu, prozesu honetan ahalik eta azkarren aurrera egin ahal izateko".

Oposizioaren kritikak
Asteleheneko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu zen udalak proposatutako Lanpostuen Zerrenda aldaketa, eta oposizioko taldeek zenbait kritika jarri zituzten mahai gainean.

Omniak “adostasun falta” kritikatu zuen. Alderdi laudioarraren aburuz, honakoa “aukera ona” zen talde guztien arteko akordioa lortzeko eta, modu horretan, hurrengo legealdian beste indar politiko bat gobernuan sartuko balitz, jarraikortasuna mantenduko lukeela bermatzeko.

Gauzak hala, “aukera bat galdu” dela uste du taldeko bozeramailea den Alvaro Barriosek.

EH Bilduk, bere aldetik, lan eskaintzak aurreko legealdian adostu zena baino adostasun gutxiago duela kritikatu zuen, aurreko akordioa 10 zinegotziren eta gehiengo sindikalaren babesa zuelako.

“Administrazio euskaldun bat” lortzeko aukera ere galdu dela adierazi zuen oposizioko taldeak. Gauzak hala, eskaintza “mahai gainean” uztea izan zen koalizioaren proposamena, baina PSE-EE eta EAJak ez zuten horren alde egin.

Udal gobernua osatzen duten bi alderdi horien aldeko botoekin egin zuen aurrera puntuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide