Ane Lopez laudioarra 2. postuan sailkatu zen larunbatean 20 urtetik azpiko Euskadiko Pista Estaliko Atletismo Txapelketan, Anoetako belodromoan. 1.500 metroko lasterketan aritu zen eta 5 minutu eta 25 segundokoa izan zen bere marka.
Alberto Talledo Laudio Atletismoko presidenteak azpimarratu du emaitza ona dela, baina oraindik nabarmen hobetzeko tartea duela atleta gazteak: "Anek, oro har, iraupen luzeko lasterketetan parte hartu izan du orain arte, eta korrika egiteko eredua aldatu behar du. Lan handia egiten ari da eta horrela jarraituz gero, nik uste marka nahikotxo hobetu dezakeela".
Horrez gain, Laudio Atletismo klubeko hainbat kide gaztek Umeen Kategoriako Euskadiko Kros Txapelketan eman zuten izena. Murgian egin zen atzo.
Kirolarien artean, Alberto Talledok aipatu du bi lasterkari Arabako Selekzioarekin aritu zirela eta 4. postua lortu zutela taldeen arteko norgehiagokan, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat klubekin lehiatuta.