Autonomien futbol txapelketa jokatuko dute Ellakuriko zelaian

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 3a, 19:00
Ander Añibarro eta Luis Maria Elustondok partiduen aurkezpena egin dute./ Aiaraldea.eus

16 eta 14 urtez azpiko partidak izango dira, eta Euskal selekzioa Gaztela Mantxako eta Melillako konbinatuen aurka neurtuko da.

Autonomien arteko futbol txapelketaren bigarren fasea jokatuko dute Ellakuriko zelaian Euskadik, Gaztela Mantxak eta Melillak, ostiraletik igandera.

14 eta 16 urtez azpikoentzako torneoa izango da eta kategoria bakoitzeko irabazlea bakarrik sailkatuko da finalerako. Kontuan hartu beharra dago asteburu honetako emaitzak abenduan jokatutako partiden emaitzetara gehituko direla talde garailea erabakitzeko.

Torneoaren lehenengo fasea abenduan jokatu zuen Euskal selekzioak Logroñon, Galiziako eta Errioxako selekzioen kontra.

16 urtez azpikoek bi norgehiagokak irabazi zituzten; beraz, asteburu honetakoak irabazita automatikoki igaroko dira finalera. 14 urtez azpikoek, ordea, bakarra irabazi zuten eta, nahiz eta Gaztela Mantxa eta Melilla garaitu, ez dute finala ziurtatuta.

Laudioko alkateak, Ander Añibarrok, ohoretzat hartu du partida horiek antolatzeko parada, eta “futbol onaz gozatzeko aukera” dela adierazi du gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

Euskal selekzioaren inguruan ere optimista agertu da alkatea eta Euskadik titulu hau irabaztea merezi duela esan du.

Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak, Luis Maria Elustondok, bestalde, partiden lehiakortasuna azpimarratu du eta gehitu du Gaztela Mantxa izango dela arerio arriskutsuena.

14 urtez azpikoen partidak 10:30ean hasiko dira eta 16 urtez azpikoen norgehiagokak 12:30ean. Ostiralean Gaztela Mantxa eta Euskadi lehiatuko dira, larunbatean Melilla eta Gaztela Mantxa, eta igandean Euskadi eta Melilla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide