European Youth Parliament ekimenean parte hartu dute Laudio Institutuko 6 ikaslek

Aitor Aspuru Saez 2020ko mar. 11a, 08:00

Laudio Institutuko ikasleak. / Aiaraldea.eus

Otsailaren 14an, 15ean eta 16an Gasteizera jo zuten ikasleek zenbait gairi buruzko eztabaidetan parte hartzeko. Ingelesez izan ziren saio guztiak.

European Youth Parliament ekimenak kontinenteko gazteen artean eztabaidak piztea du helburu, eta Laudio Institutuko dozena erdi ikaslek parte hartu dute aurtengo edizioan: Uxue Zabalak, Maialen Rivasek, Izaro Larreak, Imanol Sanchezek, Josu Mirenak eta Alin Focak, hain zuzen.

Otsailaren 14an, 15ean eta 16an izan ziren Regional Selection Conferences saioak El Pilar eta Iparralde Gasteizko zentro zibikoetan.

Laudioko hezkuntza zentroak 6 ikasle hautatu zituen egitasmo boluntario horretan aritzeko. Ingelesezko maila egokia izatea zen baldintza garrantzitsuena. "Guztiok dugu gogoko ingelesa" erantsi du Izaro Larreak.

Izan ere, hiru egunetan hizkuntza hori baliatu zuten etengabe. Lehen egunean aurkezpen jokoak gauzatu zituzten. Laudioarrek Donostia, Gasteiz eta Eskoriatzako ikasleekin nahastu beharra zuten. Berez, taldeak osatzeko elkarren artean ezezagunak izan behar ziren gazteak. 30 ikasle inguru batu ziren guztira.

Hurrengo egunean, otsailaren 15ean, antolakuntzak gai bakarra proposatu zion talde bakoitzari (zehazki, terrorismoa, bideojokoen erabilera okerra, klima aldaketa, Artikoaren urtzea, migrazioa eta sexu hezkuntza) eta horiei konponbidea eskaintzeko aritu ziren elkarlanean gaua heldu arte.

Azkenik, gazte guztiek hitza hartu behar izan zuten amaierako eztabaidan. Horretarako euren konponbidea azaldu behar izan zuten gainerakoen aurrean.

Ikasleek nabarmendu dute oso ondo moldatu zirela eta pozik ibili zirela. Josu Mirenak adierazi du jende guztia oso atsegina zela eta erraza zela taldeka lan egitea.

"Amaierako eztabaidan ez zen iritzi trukaketa handirik egon hasieran, lotsa genuelako, baina gero eta gehiago hasi ginen hitz egiten, konfiantza hartzen genuen neurrian" argitu du Uxue Zabalak.

Imanol Sanchezek gehitu du eztabaidetan informazio ugari jaso zutela eta asko ikasi dutela. Alin Focak azpimarratu du, oro har, gutxien interesatzen zitzaien gaia egokitu zitzaiela. Horrek, aldi berean, gauza berriak ikasteko tarte handia eman zien, gaztearen ustez.

Elisabeth Centeno irakasleak, bere aldetik, ikasle guztiek lan handia egin zutela nabarmendu du: "Goizeko 06:30ean hartzen genuen autobusa han 09:00etan egoteko eta gauean itzultzen ginen, batzuetan 23:30ean. Oso harro gaude irakasleok, lan handia egin dute eta ideia mamitsuak defendatu dituzte".

Horrez gain, guztiek ziurtatu dute euren ingeles maila hobetu dela. Zentzu horretan Maialen Rivasek honakoa aipatu du: "orain klaseko aurkezpenetan seguruago sentitzen gara".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide