Kultur sorkuntza Aiaraldean

Esti Urresolaren “Polvo somos” filma laburra, postprodukzioan buru-belarri

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 24a, 08:32

Esti Urresola eta Ilargi Molinillo, filmaren grabaketaren une batean. / Marina Palacio

Ilargi Molinillo haur laudioarra agertzen da filmean, ilobaren papera egiten.

Bere laugarren filma laburraren edizioan lanean ari da Esti Urresola zinemagile laudioarra. Koronabirusaren aurkako neurriak abiatu baino aste batzuk lehenago amaitu zituzten grabaketak.

Zinemagileak azaldu duenez, alarma egoerak zaildu egingo du filmaren muntaiaren fase osoa, baina egin ahalko dutelakoan dago.

Polvo somos da pelikularen izena, eta familia baten “erretratu laburra” plazaratuko du, Urresolak aurreratu duenez. “Aitonaren heriotza gertatzen den asteburuan girotuta dago. Lau emakumek osatzen dute sendia: amonak, amak eta bi alabek. Asteburu horretan tenkatu egingo da bi ahizpen arteko harremana”.

Ilargi Molinilloren estreinako lana
Hainbat aktore ezagun agertzen dira pelikulan: Itziar Aizpuru, Jone Laspiur, Goize Blanco, Klara Badiola, Patxi Santamaria eta Txema Blasco.

Baina agerraldirik deigarriena Ilargi Molinillorena da, bost urteko neska laudioarra. “Gasteizen egin genuen haurra bilatzeko castinga. Hainbat neska aurkeztu ziren, baina azkenean Laudioko familia batek deitu gintuen eta Ilargi aurkeztu zidaten”, oroitu du Urresolak.

Beste asteburu batean egin zioten proba, Laudioko Kultura etxean, eta azkenean bera hautatu zuten familiako ilobaren papera antzezteko.



Filma luzea, geldirik
Urresolak badu beste proiektu bat esku artean: 20.000 especies de abejas pelikula, bere lehenengo filma luzea izango dena. Haur transexual baten istorioa izango du hizpide Urresolaren lanak.

Madrilgo La Incubadora garapen programarako hautatu zuten proiektua, beste filma luze batzuekin batera. Hala ere, koronabirusa dela eta, prozesua etenda dago momentuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide