Martxo hasieran zendu zen Sebastian Brown Tenerifen. Hara jo zuen bere ama zaintzeko, eta bertan harrapatu zuen heriotzak. Bere sustraiak Laudion zeuden, bera Londresen jaioa bazen ere.
Horrela, azken hogeita bost urtean Laudion bizi izan da, zehazki, bere aitona Prudencio Apraizek eraikitako etxean. Prudencio trikitilaria zen eta berarekin harreman estua zuen Sebastianek. Ama, Gerardi Brown, Apraiz, ezkonaurreko abizenez, Londresera joan zen gaztetan eta Laudion ezkondu zen John Brown londrestarrarekin. Gerora, familia beti bizi izan da Londresen, hori bai, Laudiora joan etorri asko eginez.
Horregatik, udan Londres utzi eta Laudiora etortzen zen Sebastian. Altamira baserriko kideek gogoratzen dute nola ematen zituen orduak txakurrarekin eta animaliekin jolasean. "Ez zekien ez euskaraz ez gazteleraz, baina entretenitzen zen abereekin, gainerako ume guztiek harriduraz begiratzen zuten bitartean", oroitu du lagun batek.
Hizkuntzaren oztopoak oztopo, Altamira baserriko jendearekin harreman polita egin zuen eta etxeko semea -Sebastian baino nabarmen zaharragoa- gonbidatu zuen udan bolada bat Ingalaterran igarotzera. Laudioarrak azpimarratu du egunero ordubete edota ordu eta erdi ematen zutela euskara ikasten: "Gainera, nik irakasten niona hurrengo egunean erabiltzeko gai zen. Ez dakit nola egiten zuen", gaineratu du.
Euskarak gero eta interes gehiago sortu zion Sebastiani eta udan Laudion AEK-k antolatzen zituen ikastaroetan parte hartzen hasi zen. Bego Respaldiza izan zen bere irakaslea: "Esan zigun ez zekiela gazteleraz eta euskara ikasi nahi zuela".
Bere euskalzaletasuna urrats bat harago eraman zuen gero. Espainiar eta Portugaldar Filologia ikasketak amaitzeko urtebete falta zitzaiola, etenaldia egin zuen Euskal Herrira etortzeko. Izan ere, batua ezagutzea ez zen nahikoa berarentzat eta Bermeora joan zen bizitzera urtebetez.
"Batua ezagutzen zuen eta estimatzen zuen bere gaitasuna irtenbide errazak bilatzeko, hizkuntzari dagokionez, baina Bermeora joatea ez zen kasualitatea. Hainbat euskara mota aztertu zituen eta, bere ustez, Bermeon mintzatzen zena eboluzionatuagoa zen eta horixe zuen berak gogoko" azaldu du Juanjo Respaldizak.
Tarte horren ostean, unibertsitateko ikasketak bukatu zituen eta lanean aritu zen Ingalaterran bolada batez. Langabezian geratu bezain laster, ordea, Laudiora itzuli zen eta Euskal Herrian bizi izan zen ordutik aurrera. Bertsozaletasuna, euskara, ingelesa irakastea, lagunekin aritzea... bilakatu ziren bere unibertso, nahiz eta hurbilekoei aitortzen zien Erresuma Batuan, ziurrenik, egoera hobean egongo litzatekeela arlo ekonomikoari zegokionez.
Euskara eta hizkuntzak
Juanjo Respaldizak azpimarratu du zein bitxia zen Sebastianen kasua zentzu askotan: "Munduan hiztun gehien duten hizkuntzetako bat zen berea baina berak hiztun gutxiko hizkuntza bat ikastea erabaki zuen, euskara, hizkuntzen zale amorratua baitzen –japoniera ikasten ari zen azkenaldian eta pertsierarekin ere ibilia zen ikasle sasoian–, eta euskara zale borrokatua. Euskara barru-barrutik ezagutzen zuen, eta barne mekanismoak zehaztasun handiz kontrolatzen zituen, eta erabili. Gurekin ari zenean erraztasun handiz pasatzen zen Orozkoko euskarara".
Bego Respaldizak ahaztu ez duen pasadizo bat ekarri du gogora: "Laudioar bati galdetu zion ea noiz ikasiko zuen euskara eta berak erantzun zion oso zaila zela. Sebastianek argudiatu zuen, modu oso adierazgarrian, berarentzat askoz zailagoa zela eta bazekiela. Sebastianek ez zuen onartzen zailtasunaren argudio hori".
Horrez gain, eskatzen ziotenean, prest zegoen euskararen alde bere esku zegoena egiteko. Horren adibidea dira Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren "Ez, we cant" kanpainarako egindako bikoizketa lanak. Bera da bideo honetan Obamari ahotsa jarri ziona:
Izaera aldetik, bere lagunek goraipatzen dute beti errespetuz eztabaidatzeko prest zegoela, bestea entzunda. "Grazia egiten zion guk eztabaidatzeko dugun estilo oihukariak eta oso komikoa zen batzuetan gu imitatzen hasten zenean oihuka eztabaidatuz, baina ez zuen lortzen, ez zen bere estiloa" nabarmendu du Juanjo Respaldizak. Bide batez, erantsi dute bere ikuspuntua beti izan ohi zela ezberdina.
Guztiek nabarmentzen dute adiskide ona zela. "Bizitzak bide ezberdinetatik eramaten bagintuen ere, ez genuen inoiz harremana galdu. Telefonoz behintzat hitz egiteko denbora ateratzen genuen eta mezu ugari trukatzen genuen posta elektronikoz, askotan hizkuntza-gaien gainekoak", argitu du Juanjo Respaldizak. Beste adiskide batzuek, ordea, ohoretzat jotzen dute bera ezagutu izana.
Umoretsua bazela ere aipatu dute, eta horrela hartu zuen diagnostikatu zioten gaixotasun arraroa. Edonola ere, gaitz horrek zerikusi handia izan zuen bere ezusteko heriotzan. Covid-19aren ondorioz, luze itxaron beharko dute guztiek azken agurra egiteko, errautsak Kantauri itsasoan zabaltzeko asmoa baitute.