Udal Gobernuak oposizioko alderdiak eztabaida eta erabaki-organoetatik baztertu dituela kritikatu du Laudioko EH Bilduk. Ohar batean esan dute Covid-19a dela eta alarma egoera dekretatu zenetik “birusaren hedapena saihesteko neurririk egokienak hartzen laguntzeko prest" egon direla, baina alkatetzak beste alde batera begiratu duela.
Era berean, salatu dute EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak Tokiko Gobernu Batzarren bilerak alde bakarrez bertan behera utzi dituela. Opozisioko udal taldeko bozeramaileak, Lamia Arcasek, nabarmendu du behin baino gehiagotan eskatu dutela tokiko erakundean sortutako krisi-mahaian parte hartzea, baina lortu ez dutela gehitu du.
Astelehenean egingo den Udal Osoko Bilkura ere gogor kritikatu du Arcasek: “Udal kudeaketaren erabateko inkoherentzia izatearen erakusgarri, astelehenean ohiko osoko bilkura bat egingo da”. Bilkura horretatik kanpo koronabirusak sortutako krisia geratuko dela gehitu du, eta hainbeste urgentzia ez duten gaiak tratatuko direla esan du.
Gobernu taldeak erabakiak hartu ahala, “oposizioari helarazi behako liokeen informazioa” murrizten joan dela zehaztu dute EH Bilduko kideek, Tokiko Gobernu Batzarren asteko bilkurez gain, lan arloetako bilera guztiak ere bertan behera geratu baitira. Dena den, Covid-19aren krisiaren egoeraren berri emateko bidekonferentziaren bidezko bilera egiteko asmoa plazaratu diete udaletik, eta Gobernu Batzarrak berriz antolatzeko eskatuko dute EH Bilduko kideek bertan.