Krisia leuntzeko 11 neurri proposatu ditu EH Bilduk Laudion

Julen Solaun Martinez 2020ko api. 4a, 08:00
Hainbat neurri proposatu ditu EH Bilduk. / Aiaraldea.eus

Neurri hauek osteguneko bozeramaile batzordeko bileran eskatu zituen taldeak.

Covid-19a dela eta Laudioko alderdien artean egin zuten bozeramaile batzordearen bilerarako 11 neurri proposatu zituen EH Bilduk, “batez ere arlo sozialean, zerga politikan eta garapen ekonomikoan eragina izango dutenak”. Era berean, krisitik ateratzea alderdi guztien ardura dela azpimarratu du Lamia Arcas bozeramaileak ohar batean.

Laudioko adinekoak eta behar bereziak dituzten pertsonak laguntzeko herritarren sarearekin elkarlana indartzea proposatu dute. Gainera, bakarrik edo arrisku egoeran dauden herritarrak identifikatzea eskatu dute, baita “indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei arreta berezia jartzea eta gizarte laguntzak jasotzen dituzten familiei diru ekarpena aurreratzea” ere.

Etxeko langileei eskainitako laguntza indartzea ere nahi du EH Bilduk, eta gizarte zerbitzuetako langileei ostatu segurua eskaintzea proposatu dute. Umeei, aldiz, etxetik ikasteko baliabideak eskaintzea eta udaleko ikastaroak online egiteko aukerak aztertzea ere eskatu diote alkatetzari.

Poliziari dagokionez, “gertukoa” izatea nahi dute, komunitatearentzako “jarrera pedagogikoa” izatea, alegia. Ekonomiari dagokionez, autonomo, dendari, baserritar eta ostalarientzako, esaterako, zerga eta tasen ordainketarako erraztasunak jartzea eta hobariak ezartzea eskatu dute. Ostegunetako eta bigarren larunbatetako salmenta guneak mantendu nahi dituzte, "tokiko ekoizleak babesteko”.

Enpleguari dagokionez, honakoa proposatu du oposizioko taldeak: “langileen osasuna zaintzeko segurtasun protokoloak betetzen direla kontrolatzea, telelana errazteko neurriak hartzea eta azpikontratatuta dauden zerbitzuetan kontratuak mantentzea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide