Ekimena jarri du abian Laudioko Gazte Asanbladak Covid-19 birusask eragindako osasun krisiaren aurrean. "Laudioko zein eskualdeko herritarrek" hainbat esparrutan "sistematikoki jasaten dituzten eskubide urraketen" aurrean "babesa antolatzea" izango da egitasmoaren funtsa. Asanbladaren posta elektronikoa jarri dute eskura (laudiokogazteasanblada@gmail.com) herritarren lekukotzak jaso eta, behar izatekotan, "aholkularitza juridikoa" eskaini ahal izateko.
Asanbladako kideen aburuz, Covid-19 birusak sortutako testuinguruak areagotu egin ditu "langile klaseak pairatzen dituen erasoak". Lan eremuan ematen diren kaleratze zein enplegua erregulatzeko espedienteak jarri dituzte horren adibide gisa. Era berean, asanbladako kideek nabarmendu dute indar polizialek "salbuespen egoera" hau baliatu egiten dutela "gehiegikeriak, identifikazioa, atxiloketak, isun arbitrarioak, mehatxuak edota jipoiak" emateko.
Etxebizitzaren arazoa ere izan dute hizpide ekimena aurkezteko plazaratutako oharrean. "Soldata gabe geratu diren milaka langilek" alokairua ordaintzen jarraitu behar dutela azaldu dute, "etxe-kaleratzeen beldur" diren bitartean. "Konfinamenduak iraun bitartean etxebizitza esparruan ematen diren gertaerak" ere aipatu dituzte: "haien erasotzaile matxistarekin bizi diren emakumeak, azpiegitura duinak ez dituzte etxebizitzetan bizi direnak edota zuzenean etxebizitzarik ez duten kideak".
Osasungintza alorrari dagokionez, gazte asanbladako kideek uste dute egunotan "argi" geratu dela osasun sistemak ez dituela egoera honi aurre egiteko beharrezko baliabideak. "Kutsatuen artean milaka mediku eta osasun langile aurkitzen dira, segurtasun berme eskasekin lanean ari direlako eta, gainera, lanaldi luzeekin". Zahar etxeetan ematen den "egoera latza" ere salatu dute oharrean.
Gauzak hala, aipatutako egoera horien guztien lekukotzak jaso zein aholkularitza juridikoa eskaintzeko asmoa dute asanbladako kideek.
Salbuespen egoera honen aitzakiapean pairatzen ditugun erasoak jasotzen hasiko gara. Dinamika honen bidez burgesiaren ofentsibaren dimentsioa ezagutu eta salatuko dugu. Horretarako, testigantzak izanez gero korreo honetara idatzi: laudiokogazteasanblada@gmail.com. pic.twitter.com/MIqzsqeVYj
— Laudioko Gaztetxea (@LaudioGaztetxea) April 4, 2020
Gazte Koordinadora Sozialistarekin bat
Laudioko Gazte Asanbladaren ekimena Gazte Koordinadora Sozialistak antolatutako "Burgesiaren ofentsiba gelditu!" kanpainaren barruan kokatzen da. Euskal Herriko gazte eragileak martxoaren 20an aurkeztu zuen kanpaina hori:
???? Optika proletariotik politika egiteko momentua da. Martxoaren 20an esandakoan berretsi, eta aste hauetan kolpatuenak izaten ari diren kolektiboen bizi baldintzak eta askatasun politikoa babesteko baliabideak antolatzen hasiko gara.#OfentsibaGelditu! pic.twitter.com/uK4dUBUIHn
— Gazte Koordinadora Sozialista (@Gazte_KS) April 3, 2020