"Handia izan da Iñigo Cabacas gogoratzeko jendeak izan duen irudimena eta erantzuna"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko api. 7a, 11:42
Oier Amorrortu eta Amaia Liceranzu laudioarrak Cabacas familiako kideak dira. / Aiaraldea.eus

Apirilaren 9an beteko dira 8 urte Iñigo Cabacas hil zutenetik. Justizia eskatzeko gaztearen irudia proiektatu zuten atzo zenbait etxetan. Oier Amorrortu senideak ekimena eskertu du, eta datozen egitasmoak aurreratu ditu.

Larrialdi egoeragatik ezin izan da egin Iñigo Cabacasen urteroko oroimen ekitaldia, "egun bizi dugun konfinamendu egoeragatik ezingo diegu Fina eta Manuri besarkada fisikorik eman".

Horregatik, bestelako oroimen ekintza otu zitzaien, Oier Amorrortu senideak Aiaraldea Hedabideari azaldu dionez: "Euskal Herriko auzo eta herri ezberdinetatik Iñigoren gurasoei elkartasun eta oroimen keinu moduan".

Sare sozialetan zabaldu dituzte hainbat txokotan gauzatutako "elkartasun keinuak". "Iñigoren irudia proiektatu behar zen eta argi dago gutxik dutela proiektore bat etxean edo eskuratzeko aukera, are gehiago egun hauetan. Etxean proiektoreak egiteko aukera ere zabaldu genuen. Baldintza hauek kontutan hartuta, erantzuna handia izan da. Zailtasunen aurrean jendeak izan duen imajinazioa handia izan da, eta eskertzekoa. Finak eskerrak eman nahi ditu proiekzioen ekimen honetan partu duen jende orori. Asko gustatu zaigu", erantsi du.

Epaiaren ostean, helegitea
2018ko azaroan atera zen Cabacas auziaren epaia. Ertzain bati 2 urteko espetxe zigorra jarri zioten, baina epaituak ez du kartzelara joan beharko.

Amorrortuk aipatu duenez, familiak helegitea aurkeztu du: "Epaiak gauza interesgarrik esaten ditu, hala nola, jendez beteriko kale itxi horretan oldartzea ez zegoela justifikatuta, proportzio gabekoa zela eta geroago egin zen ikerketa negargarria izan zela. Guzti hau jakinda, guk epaia errekurritu genuen, ardura gehiago daudelako eta hauek onartu behar direlako".

Oraindik, ordea, ez dute erantzunik jaso, "epaiaren helegitea itxaroten gaude, zein zentzutan joko duen ikusteko eta horren arabera erantzuteko".

Bien bitartean, apirilaren 9an (ostegunean), ikus-entzunezko bat plazaratuko du sendiak; Iñigo Cabacasen heriotzaren 8. urtemuga dela eta. 

Kezkak eta ardurak, airean
"Jendartea kritikoa izan behar da poliziaren jokaera hauekin", dio Cabacasen familia kideak, "horregatik dei egiten dugu egoera honek autoritarismo egoera batera bihurtu ez dadin. Iñigoren kasuan justizia, erreparazioa eta egia exijitu dugunok kezkatuta gaude alarma egoera honetan segurtasun indarrek duten joerarekin".

Zentzu horretan, polizien arduradunek edota instituzioek arduraz jokatu eta halako egoerak gaitzetsi beharko lituzketela azpimarratu du laudioarrak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide