SEXUALITATEA

Erotika eta konfinamendua: “Itxialdiak aukera ematen du probatu ez ditugun joko erotikoak praktikatzeko”

Aitor Aspuru Saez 2020ko api. 23a, 07:00
Sare sozialak eta 'sexting'a erotika praktikatzeko aukerak dira egun hauetan. / Aiaraldea.eus

Itxialdi garaiko harreman erotikoei buruz mintzatu da Ziortza Karranza psikologo eta sexologoa. Erronka edo aukera? Oztopo edo mugak zabaltzeko parada? Nola eragiten dio konfinamenduak bizitza sexualari?

Nola eragiten dio berrogeialdiak erotikari? Zama edo egoera aproposa da? Ziortza Karranzak bietako zantzuak sumatzen ditu egungo atakan.
 
Alde batetik, psikologo laudioarrak gogoratu du Txinan bikote ugarik utzi zutela harremana osasun krisialdiaren ostean. Bestetik, inoiz egin ez diren jokoak probatzeko tartea ematen du konfinamenduak, bere ustez.
 
Edonola ere, hasteko, sexologoak azaldu du jende guztia ez dagoela egoera berean. Badaude bikoteak elkarrekin daudenak, banatuta daudenak eta, nola ez, norbanakoak.
 
Etxe berean dauden bikoteei erreparatuta, Ziortza Karranzak nabarmendu du arriskua dela denbora ugari igarotzea etxetik atera gabe eta motibazio ezaren ondorioz, ez izatea gogorik ezta dutxa bat hartzeko ere. Zentzu horretan, sexologoak azpimarratu du zaintza ezinbestelakoa dela desira mantentzeko. Ez bakarrik itxuran, baita etxeko lanen banaketan ere.
 
Zaintza ez ezik, Karranzak aipatu du ere rol jokoen aldaketa egin dezaketela bikoteek ohiko errutinak apurtzeko: “Bat izatea etxeko garbitzailea eta bestea etxean dagoena; hori izan daiteke abagunea orain arte jolastu ez diren jokoetaz gozatzeko”. 
 
Baina zer gertatzen da etxean umeak dituzten bikoteekin? Sexologoak uste du kasu horietan sormena baliatu behar dutela helduek: “Bestelako jokoak jarri behar dituzte martxan edo bestelako konplizitateak garatu”.
 
Kasu praktikoak jarri dtu Karranzak: “Adibidez, egun hauetan jendea hasi da kirola egiten etxean. Hori izan daiteke aitzakia. Umeak etxean egonda ere, helduek adostu ditzateke jokoaren arauak. Esaterako; hamar abdominal eginez gero, aukera izan dezakezu besteari masajea emateko. Beste aukera da bikotea kanpora joaten denean, itzultzean besteak desinfektatzea. Desinfekzio ariketa horrek emango die aukera dutxan jolasteko”.
 
Urrundutako bikoteak
Haibat arrazoi direla medio, bikote guztiak ez daude elkarrekin. Kasu horietan, Ziortza Karranzaren aburuz, aukera dago bideodeiak edota sextinga praktikatzeko. Hau da, pantailen bitartez sexu harremanak izateko argazkiekin edo bideoekin. 
 
Dena den, Karranzak gaineratu du jendeak jakin behar duela hori egiten: “Bideo edo argazkirik egiten bada, egilearen identitatea ez da agerian geratu behar. Hau da, ez erakutsi norbait identifikatu ditzakeen gorputz atalak edo zati adierazgarriak (tatuajeak, jaiotzazko markak...) eta atzean ez dira ikusi behar argazkiak, esaterako”. Horrela, material hori galduz gero, norberaren intimitatea ez da jokoan jarriko.
 
Beste aukera da hizketaldi beroagoak edukitzea telefonoz. Hala ere, sexologoak argi dauka: “Jende askok sumatzen du harreman zuzenaren falta, nahiz eta bitarteko horiek eskura izan. Bikotea ukitzeko aukerarik ez izatea kanpoan egotearen antzekoa da, alboko etxean egon arren”.
 
Tinder, Grinder, Instagram
Etxean bakarrik daudenentzat jolasteko eskaintza ugariak ere badaude. Ziortza Karranzak ziurtatu du sare sozialak oso tresna aproposak direla horretarako eta egun hauetan Tinder eta Grinder aplikazioak asko erabiltzen ari direla.
 
Horrez gain, Instragram ere baliatzen ari da helburu horrekin: “Jendeak denbora gehiago dauka tresna horiei eskaintzeko eta ligatzeko”.
 
Sexologoak adierazi du: “Tinderra sutan dago eta bikote berriak geratzen dira supermerkatuetan, distantziak errespetatuta, elkar ikusteko, bestelako gertutasunik egon ez arren”.
 
Ziortza Karranzaren iritziz, konfinamendu eta prebentzio neurriek eragin diete horrelako aplikazioei: “Harreman fisikoa ezin dutenez izan, erotismoa handitzen du itxaronaldiak. Itxaron behar izateak bestelako xarma eransten dio. Egun daukagun egoerak ematen du aukera bestelako erritmoa eramateko. Denbora gehiagoz jolastu ahal izateko, distantzian, eta berehala gorputzera ez pasatzeko, lehen gertatzen zen bezala. Patxadaz har dezakete, esparru fisikora jo gabe zuzenean”.
 
Zaintza lehentasuna
Hala eta guztiz ere, Ziortza Karranzak gehitu du jende batentzat erotika ez dela lehentasuna egun hauetan eta garrantzitsuena osasuna dela: “Kanpoan lan egiten dute edota osasun sisteman daude. Kasu horietan beldurra dago senideak kutsatzeko eta harremana ekiditen da”.
 
Sexologoak gaineratu nahi izan du zaintza erotikaren alde oso garrantzitsua dela, “nahiz eta gizarteak harreman fisikoa soilik aitortu”. Zentzu horretan, sexologo laudioarraren ustez, zaintza barik nekez egongo da erotismorako tarterik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide