IANIRE GARCIA

"Laudion hezkuntza alorrean gertatu zena ikertuko dut nire lanean, bizipenak baliatuta"

Txabi Alvarado Bañares 2020ko api. 19a, 10:33

Laudioko hezkuntzaren inguruko ikerketa egiten ari da donostiarra. / Ianire Garcia

IANIRE GARCIA (Donostia, 1990) Gizarte Hezkuntzako Gradua ari da ikasten UNEDen eta, Gradu Amaierako Lanerako 1970ko hamarkadako Laudioko hezkuntza sistema ikertzea erabaki du. Horretarako, hainbat liburu eta dokumentu kontsultatzen ari da, Laudioko kofradia eta hainbat herritarren adierazpenak ere iturri gisa erabilita.

Zergatik erabaki duzu gradu amaierako lana gai horretan zentratzea?

Hasteko, esan behar dut argi neukala, ahal izanez gero, nire Gradu Amaierako Lanerako tokian tokiko ikerketa egin nahi nuela, metodologia hau zuzenean bizitzeko. Gaiaren aldetik, UNEDen, Gizarte Hezkuntzako Graduan, bost gai nagusi daude eta noten arabera egokitzen zaizkizu. Zorionez, nire lehen aukerarekin, hezkuntza eta politikarekin, geratu nintzen.

Bestalde, pasa den udan Laudiora bizitzera etorri nintzen nire mutil-lagunarekin, bera hemengoa da eta. Orduan, herrira etorrita, erabaki nuen GRALa Laudioko hezkuntzako alor baten inguruan egingo nuela, herriaren historiari buruz gehiago jakiteko.

Gaia honakoa da zehazki: Laudioko hezkuntza 70ko hamarkadan eta garai hartako maisu garrantzitsuak. Nire tutoreak proposatu zidan eta asko gustatu zitzaidan hasieratik.

Nola ari zara lana egiten?

Bibliografiarekin nago, testuinguru orokorra (hau da, trantsizio garaia) ulertzeko, oso konplexua baita. Hezkuntzaren arlotik zer legediak plazaratu zituzten ikertzen ari naiz. Garrantzitsuena 1970ko Hezkuntza Lege Orokorra da, erreforma itzelak proposatu baitzituen, hain ezagunak diren EGB, BUP, COU eta abar.

Zer informazio iturri kontsultatzen ari zara?

Informazio hau liburuetan eta aldizkari espezializatuetan aurkitzen ari naiz. Zorionez, koronabirusa dela eta dena itxi baino lehen liburu batzuk hartu nituen UNEDeko liburutegitik, eta Laudiokotik ere bai, hemengo baliabideak erabiltzeko konpromisoa ere hartu baitut. Baditut ere, Laudioko testuingurua argitzeko, San Rokeko Kofradiak argitaratu zituen liburuak, Laudioko memoria kolektiboari buruz hitz egiten dute. Altxor bat dira!

Kofradiarekin hasieratik nago harremanetan eta kontaktuak eta materiala pasa dizkidate, baita argazkiak edo garaiko aldizkariak (Aceros, El Ventanal) ere. Bestalde, garaiko dokumentu ofizialak ikustea gustatuko litzaidake, baina zaila da horiek lortzea: batzar-agiriak, aurrekontuak, gutunak…

Beste dokumentuek, hots, garaiko eskolaratze liburuek eta hezkuntzako tituluek balio izugarria dute praktikan zer egiten ari zen ikusteko. Eskolan erabilitako koadernoak eta liburuak gordeta izatea ia mirari bat da, baina askoz ere izugarria izango litzateke zuzenean ikusteko aukera izatea.

Jendeari informazioa eskatu diozu. Zer erantzun ari zara jasotzen?

Jendearen oroitzapenak oso garrantzitsuak dira, nire lanean hezkuntzan gertatu zena berrosatzen saiatuko naizelako, bizipenak baliatuta. Uneoro kontzientea naiz gerturatze bat egiten ari naizela, ditudan denbora (uztailean aurkeztu behar du GRALa) eta baliabideekin ezin dudalako gaia sakonean aztertu.

Prestatu dudan inkesta, Facebookeko La Ventana de Laudio orrian aurkeztea erabaki nuen, toki oso aproposa iruditzen zaidalako. Ikusi dudanaren arabera, ahalegin asko egiten dute denen artean Laudioko oroitzapenak berreskuratzeko, komunitate sentipena handituz. Bestalde, WhatsAppetik eta emailez ere bidali ditut galdetegiak.

Oraingoz, oso pozik nago inkestak izan duen harrerarekin, 13 pertsonek idatzi didate eta asko eskertzen dut. Erantzun gutxi direla pentsa daiteke, baina abiapuntu ona da, informazio dezente daukat aztertzeko. Ia gehienak ikasle ohiak dira eta hainbat eskoletakoak.

Konfinamendua bukatzen denean eskoletara gerturatuko naiz eta elkarrizketak zuzenean egitea gustatuko litzaidake. Koronabirusa dela eta lan asko daukate egun hauetan eta nik ez diet lan gehiago eman nahi. Denok gabiltza egoerara moldatzen eta nire aldetik ahal dudana egiten ari naiz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide