Laudioko Udalak 49.000 euro banatuko ditu euskara ikasteko beketan. 44.000 euro 2019/2020 ikasturteko ikastaroetarako izango dira, eta beste 5.000 euroak 2020ko udako ikastaro trinkoetarako. Laguntzak eskatzeko epea ireki da dagoeneko. Uztailaren 16ra arte luzatuko da ikasturte osoko klaseen kasuan, eta urriaren 15era arte udako ikastaroen kasuan.
Berrikuntza bezala, prezio estandar bat finkatu da orduko: 0,90 euro ordu bakoitzeko ikasturte osoko ikastaroetan, eta 1,20 euro orduko udakoen kasuan. Ikasketak homologatutako edozein euskaltegitan egitekotan eskatu ahalko dira bekak, baina matrikula prezioa edozein dela ere, finkatutako estandarrera egokituko dira diru-laguntzak.
Dena den, “ordu kopuruaren eta orduko prezio estandarraren artean sortutako zenbatekotik % 50 edo % 100 emango zaio eskatzaileari, norberaren lan-baldintzen arabera, aurreko ekitaldietan egin bezalaxe”. Hala adierazi dute udaleko euskara arloko arduradunek.
Koronabirusa dela eta sortutako ezohiko egoerak ere bere eragina izan du, honako neurri hauek hartu baitira: “Eskabidea aurkezteko emandako epeak baliogabetuta daude alarma egoerak iraun bitartean; eta ondorioz, klaseetara gutxieneko bertaratze ehunekoa (%85) aurrez aurre emandako eskoletara mugatuko da, euskaltegiak itxita egon diren egunak ez dira kontuan hartuko; eta bekak onartzeko orduan kontuan hartuko da ikastaro teorikoaren prezioa, eskolak eskaini zein ez, ordainduko den beka ahalik eta gehien hurbildu dadin matrikularen gastura”.
Gaiaren inguruko zalantzak izatekotan, euskara@laudio.eus helbide elektronikoaren bidez edo 651 703 133 telefono zenbakira deituta lortu ahalko da informazio gehiago.
Hemen behean jaitsi daiteke eskaera egiteko inprimakia.