JAIAK

San Joan Astobitza Jaiak antolatzea ezinezkoa izango da aurten

San Joan Astobitza Jai Batzordea 2020ko api. 21a, 17:26
Urtero pizten den sua ezingo da egin 2020an./ Aiaraldea.eus

Argi orduak luzatzearekin batera ekin ohi diogu urtero San Joan Astobitzako jaiak antolatzeari. Urte berriari hasiera eman eta martxa hartzen dugu (kontzertuak, txosnen eskaera, krosa, egitaraua…), beste urte batez urteko gaurik laburrenari kutsu berezi bat emateko asmoarekin. 

Aurten ere horretan ari ginen, COVID-19 delako gaitz madarikatu batek gure jarduna oztopatu duen arte. Batzordeko kideok, aurtengo San Joan Astobitzako jaien ospatzea, azken asteotan buruan izan dugun galdera izan da eta ditugun aukerak baloratu ostean (kontzertuen ospakizuna, taloak eskatzeko sortzen diren hilera amaigabeak, Krosa), 2020. honetan, jaiak bertan behera uztea erabaki dugu.

Ez dugu ezagutzen ekainean izango dugun egoera, baina azken unean urteroko egitaraua antolatzea ezinezkoa zaigu jai batzorde txikia eta xumea garen heinean. Erabaki honekin atea zabalik utzi nahi dugu data hurbiltzen doala, bestelako ospakizun bat burutzeko aukerari, izango dugun egoerak eskainiko dizkigun aukerak baliatuz. 

San Joan Astobitzako jai batzordetik uneoro saiatu gara herri dinamika eta komunitatea hauspotzen eta bide honetan, egoera hau kontutan hartuz, gure aportazioa egin nahiko genioke Laudioko herriari. Gauzak honela, urtero jaiak aurrera eramateko jasotzen dugun dirulaguntza, COVID-19ak herritarrongan sortu dituen zailtasunei aurre egiteko bideratzea gustatuko litzaiguke; izan aurpegi maskara gehiago lortzeko edota osasun zerbitzuek test fidagarri gehiago eskura ditzaten.

Besterik gabe, espero dugu egoera ahalik eta lasterren bueltatzea bere onera eta datorren urtean berriz ere suaren inguruan dantzan elkartzea. 

Herriak bakarrik salba dezakeelako herria, elkar zain dezagun.

Gora jai herrikoiak!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide