Langile batzordeak oharra plazaratu du jakinarazteko Aiala Vidrio enpresako zuzendaritzak langile batzordearekin zuen akordioa apurtu duela. Horren ondorioz, aste honetan hasi dira moldaketak egiten hurrengo astean ekoizpen osoarekin hasteko.
Langile erakundeko arduradunek azaldu dute, nahiz eta segurtasun protokoloa egon, langile guztiak fabrikara itzulita, ezinezkoa izango dela segurtasun distantzia mantentzea. Horrela, langileen ordezkariak ziurtatu du beharginen osasuna arriskuan jarriko dela.
Horren aurrean, atzera egiteko eskatu dio erakundeak zuzendaritzari. Aurrera eginez gero, sindikatuak salaketak egingo ditu prebentzio neurriak errespetatzen ez direnean.
Iturri sindikalek argitu dutenez, azken asteotan Aiala Vidriok produktu bakarra ekoiztu du. Aste honetan egiten ari diren moldaketekin, ekoizpen linea guztiak abiatu nahi dituzte eta langile guztiak deitu.
Beharginen %60a eta ekoizpenaren %100a
Duela hiru aste langile batzordeak eta Aiala Vidrioko enpresak akordioa lortu zuten enplegua erregulatzeko behin-behineko espedientea ekiditeko.
Horren arabera, beharginen presentzia %40an murriztu zen eta ekoizpena %100ean mantendu -produktu bakarra eginda-.
Adostasun hori apurtuta, batzordeak salatu du duela aste gutxi enpresa prest zegoela espedientea abian jartzeko eta, bat-batean, osasun alarma egoera bukatu gabe, behargin guztiak lanera deitu dituela.