Krisi ekonomikoa leuntzeko “berehalako” neurri ekonomikoak eskatu dizkio Omniak udalari

Julen Solaun Martinez 2020ko mai. 1a, 07:00
Omniako kideak artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Oposizioko taldearen aburuz, herritarren egoera hobetzeko neurriak sortu beharko lirateke, egoera prekarioan dauden familientzako 300.000 euroko fondoa sortuta, besteak beste.

Krisialdi ekonomikoak herritarrengan izango dituen ondorioak leuntzeko neurri ekonomikoak “berehalakoan” ezartzea eskatu dio Omniak Laudioko udal gobernuari ohar baten bidez. Era berean, taldetik proposatutako hainbat neurri ekonomiko atzera bota izana kritikatu dute, eta EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuari leporatu diote jadanik martxan zeuden neurri batzuk “berriak balira bezala” saltzea (komertzio, pertsona autonomo, enpresa eta PYMEentzako aholkularitza pertsonalizatua, adibidez), nahiz eta beste berri batzuk ere sortu dituzten (ostalariei hilero kobratzen zaien terraza eta mahaitxoaren tasa, esaterako).

Nahiz eta haien “proposamen batzuk” aurrera atera direla aitortu, “dirua ordaintzearekin zerikusia zutenak” arrakasta izan ez dutela gehitu dute. Horien artean honako hauek nabarmendu dituzte: “Obren lizentziak automatikoki egitea momentuz, eta egoera lasaitzean erregularizatzea, Ondasun Higiezinen Zergarekin hobari lerro bat sortzea, komertzio txikia eta ostalaritzara bideratua; eta bi laguntza fondoen sorrera (PYME eta autonomoentzako bata eta egoera prekarioan dauden familientzako bestea, biak ala biak 300.000 eurokoak).

Horren harira, Laudioko Udalak duen gaineratiko diru kopurua 1,7 milioi eurokoa izango dela gehitu dute, “pertsonetan inbertitzeko behar adina diru”. Gainera, tokiko erakundeak gaur egun eskaintzen ez diren zerbitzuetako kontratuak bertan behera utzi diela azpimarratu du alderdi laudiorrak, Aretako liburutegia edo ludoteka, esaterako. 

Dena den, Zuzen programa (nerabe gatazkatsuak dituzten familiak laguntzeko iniziatiba) bertan behera uzteak “atentzioa deitu” ziela adierazi dute oharrean, eta gehitu dute alkatetzatik azaldu zitzaiela eskakizunen bat egotekotan berriz aktibatuko zela. Hala ere, Omniaren aburuz,“familia askok ez dakite zerbitzu hau existitzen dela” eta, horregatik, gehiago zabaltzea eskatu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide