Laudiok tokiko zerbitzuen sektorea hobeto ezagutzeko eta haien beharrei erantzuteko estrategia zabala jarri du abian

Julen Solaun Martinez 2020ko mai. 16a, 07:00

Online egongo da inkesta eskuragarri.

Udalak inkesta bat diseinatu du udalerriaren egungo eskaintza bertatik bertara ezagutzeko eta erantzun partekatua definitu ahal izateko sektorearen erronkak identifikatu ondoren. Hainbat lan-mahai jarriko dira martxan merkataritzarekin, ostalaritzarekin eta zerbitzuekin, emaitzak aztertzeko eta datozen urteetarako ibilbide-orria zehazten hasteko.

Laudioko Udalak, saltokiek, ostalaritzak eta zerbitzuak osatzen duten hiri-ekonomiari laguntzeko konpromisoaren barruan, asmo handiko prozesu bati ekin dio, sektorearen beraren beharrei erantzungo dien estrategia partekatu bat definitzeko helburuarekin.

Estrategia horren barruan, udalerriko negozio mota horien jabeei inkesta bat jarri zaie abian. Inkesta horren bidez, alde batetik, sektorearen egungo eskaintza eta etorkizuneko itxaropenak ezagutu nahi dira, eta, bestetik, sektorearen premia, erronka eta proiektu giltzarriak identifikatu.

Andoni Orue Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzi delegatuak adierazi duenez, "gaur egungo egoeran, inoiz baino garrantzitsuagoa da sektorearekin aktiboki entzuteko jarrera izatea, bere ondoan egotea, eta epe ertain eta luzerako proiektuak garatzearen alde egitea".

Online inkestak
Inkesta online bete ahal izango da Udalaren webgunean (www.laudio.eus) eta datorren ekainaren 7ra arte egongo da eskuragarri. Informazioa biltzeko prozesua amaitu ondoren, hainbat lan-mahai jarriko dira abian sektorearekin, emaitzak aztertzeko eta datozen urteetarako ibilbide-orria zehazten hasteko.

"Ezaugarri horiek dituen prozesu bat sektorearekin partekatu behar da. Horregatik, hasiera-hasieratik parte hartu behar duzu. Proiektuek Laudioko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak izan behar dituzte abiapuntu, eta horretarako guztiok partekatuko ditugu erantzukizunak estrategia martxan jartzerakoan", amaitu du Andoni Orue zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide