PABLO ITURBURU CABEZA

“Kolonbiako Minca herrian nago konfinatuta”

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 21a, 16:54

Kolonbiatik bidaian harrapatu zuen koronabirusaren krisiak PABLO ITURBURU CABEZA (Laudio, 1978). Minca izeneko herri batean dago konfinatuta martxotik. 

Nola amaitu duzu Mincan?

Santa Martatik 14 kilometrora dagoen 2.000 biztanleko Minca herrian konfinatuta nago, Siembra Boutique Hostel ostatuan. 24 egunetarako oporretan etorri nintzen martxoaren 1ean.

Lehenengo astean nire lagun mina, Xabi, bere emazte Amagoia eta bi ahizpak -Goizane eta Amalur- bisitatu nituen.Tenjon bizi dira, Bogotatik 35 kilometrora, eta Sutondo izeneko jatetxe "vasco mestizo" baten jabeak dira.

Bigarren astean iparraldera mugitu nintzen eta 5 eguneko trekking zoragarri bat egin nuen Galdutako Hirira (Ciudad Perdida). Ibilaldia bukatutakoan, koronabirusak nire lagun Gentzari hegan egitea eragotzi zion martxoaren 12an.

Horren ostean, Guajirako basamortua ezagutzera joan nintzen 3 egunez. 

Ordurako koronabirusaren berriak gero eta kezkagarriagoak bihurtzen hasiak ziren. Guajiratik bueltan Palomino herri hippiean geratu nintzen bidaiaz hausnartzeko. Arratsalde horretan polizia tabernak ixten hasi zen.

Hurrengo egunean Mincara etorri nintzen eta bi egun geroago, martxoaren 18an, konfinamendua hasi zen.

Nola bizitzen ari zara pandemia?

Momentuz urrutitik bizi izan dut. Mincan oraindik ez da kasurik egon.Hemen barruan luxuzko espetxe batekoa bezalako bizitza erosoa esperimentatu dugu. 14 herrialdetako pertsonak gaude. 35 gara guztira, langileak eta beraien senideak gehitzen baditugu.

Bestetik, familia eta lagunekin kontaktuan egon naiz WhatsApp eta Skype bidez.

Martxoak 24ean bueltatu behar nintzen. Horrek esan nahi du espero ez nituen gastu osagarriak sortzen ari naizela. Nahiz eta ostatua prezio erdian egon, egun ugari dira. Janaria oso kalitate onekoa da eta hurbil dagoen ibaira mugitu gaitezke.

Osasun aldetik oso ondo sentitzen naiz eta hemen gauden pertsonen artean oso harreman ona dago.

Marraztu, irakurri, xakean jolastu, bideojokoekin gozatu, meditatu, dantzatu, ur jauzian igeri egin, mangoak eta ahuakateak bildu eta, noizean behin, urtebetetze ospakizunekin primeran pasatu izan dugu.

Itxaropenez eta zuhurtziaz bizitzen ari naizen prozesua da. Denbora pasa ahala handitzen doa ezinegona, baina tunelaren amaieran argia ikusten hasia naiz. 

Badakizu noiz itzuli ahalko zaren?

Ekainaren 7an dut hegaldia.Maiatzaren 25ean taxi pribatu batek ni eta lagun bat hemendik Bogotara eramango gaitu. Ni Xabiren etxera joango naiz eta han itxaron hegaldiaren eguna heldu arte. Maiatzaren 2an gobernuak aberriratze hegaldia egin zuen baina  ez ninduten hautatu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide