Nahia Rodriguez, Leire Ortiz, Ane Murga eta Jone Muguruza La Milagrosa ikastetxeko ikasleek La Caixaren “Erreto Becritical” lehiaketa irabazi dute, iturriko urak maskuriko minbizia eragiten duela gezurtatzea bilatzen duen lana bidalita. Sari gisa, ordenagailu bana eman zaie taldekide bakoitzari.
Eskolak ohar batean adierazi duen arabera, taldeak bi lan aurkeztu zituen; TDAH duten haurrei zuzendutako aplikazio berri bat sortu zuten Emprende erronkarako eta fake newsetan zentratu ziren besterako.
Bi erronketako finaletara heldu ziren, epaimahaiak ala erabakita, bainaCovid-19ko krisia dela eta, bakarra aukeratu behar izan zuten finalean lehiatzeko.
Finalak Bartzelonan antolatzen den lau eguneko campusean izan ohi dira, non sailkatutako talde guztiak elkarrekin bizi diren. Aurten, ordea, modu telematikoan egin behar izan da jarduera. Maiatzaren 5etik 7ra, 340 ikasle eta 25 irakasleren partaidetzarekin.
Hainbat motatako ekintzak burutu izan dituzte bitartean: “Adituek emandako motibazio-hitzaldiak, proiektua prestatzeko saio teknikoak, komunikazio-tailerrak, yoga saioak, besteak beste”.
Sariei dagokienez, normalean AEBra prestakuntza-bidaia jasotzen da (New Yorkera joatekotan ziren Laudioko ikastetxeko lau ikasleak), uztailean egiteko. Aurten, Covid-19ak sortutako osasun krisia dela eta, bertan behera utzi behar izan dira bidaiak eta ordenagailuak eman zaizkie trukean.